Natalia de Miguel eta Jorge Jauregi koreografoek sorkuntza-egonaldi bat egingo dute Montrealen 2019ko udazkenean

Quebec eta Gipuzkoako hainbat erakunderen arteko lankidetzari esker martxan jarritako proiektu baten bigarren edizioaren barruan egingo dute egonaldia. Natalia de Miguel eta Jorge Jauregi koreografoek osatzen duten Kanpai dantza-konpainiak bi hilabeteko egonaldia egingo du udazkenean Montrealen, No Trace proiektua garatzen. Iaz Quebeceko eta Gipuzkoako hainbat erakundek elkarlanean martxan jarritako proiektu baten barruan egingo dute egonaldia. Lankidetza-hitzarmen horrek sormenaren garapena indartzea eta koreografoen ikuspegi artistikoa zabaltzea ditu helburutzat, eta zenbait erakundek hartzen dute parte bertan: Quebeceko Ecole de Danse Contemporaine (EDCM), Conseil des arts et des Lettres (CALQ), Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa, Gipuzkoako Foru Aldundiko dantza zerbitzua den Gipuzkoako Dantzagunea, Dantzaz Sormen Koreografikorako Nazioarteko Zentroa eta Etxepare Euskal Institutua.

2019ko otsailean tokiko koreografoei zuzendutako deialdia bideratu zuten erakundeek. Jasotako proiektuen artean, eta proiektuan parte hartzen ari diren Quebeceko erakundeekin adostuta, Natalia de Miguel eta Jorge Jauregi koreografoek No Trace pieza koreografikoa prestatuko dute Montrealgo EDCMn dantzari garaikide profesional izateko ikasketak amaitzen ari diren ikasleekin, eta 2019ko abenduaren 11tik 14ra egingo den Les danses de la Mi-chemin jaialdian aurkeztuko dute, Montrealgo Wilder eraikineko Orange espazioan. Guztira, bi hilabete egingo dituzte bizkaitar koreografoek Quebeceko hiriburuan, ordu erdi inguruko iraupena izango duen ikuskizuna prestatzen.

Quebec eta Gipuzkoa lotzen dituen bi norabideko proiektua izanik, 2019aren hasieran Louise Bedard bi hilabetez aritu zen lanean Tabakaleran eta Gipuzkoako Dantzagunean, Dantzazeko dantzariekin. Lan horren emaitza Errenteriako Niessen Auditorioan erakutsi zuten, eta udazkenean Dantzaz konpainiak egingo duen ikuskizun oso baten parte izango da. 2018an egindako lehen edizioan Iker Arrue donostiarra izan zen Quebecen, eta John Gerena koreografoa izan zen Quebecetik Gipuzkoara etorritako koreografoa.

Egonaldi-programaren helburu nagusiak ondorengoak dira: artisten garapen profesionala sustatzea, eta beren lana hedatzea; artistei kultur garapenerako tresna berriak ematea; Gipuzkoako eta beste kulturetako sortzaileen arteko elkartrukea sustatzea; Gipuzkoar artistak eta beren lana nazioartean sustatzea eta sormen eta produkzio artistikorako sareak garatzea.

Egonaldiak eta erakundeak

Egonaldi hauei esker nazioarteko beren lankidetza-sareak berritzen dituzte Dantzazek, Tabakalerak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Etxepare Euskal Institutuak. Dantzazen kasuan, akordio honek indartu egiten du bere Sormen Koreografikorako Nazioarteko Zentroan babesten duen jarduera: urtero, atzerriko sei koreografok lan egiten dute, Europako dantza-etxe nagusietako batzuekin ezarrita dauzkan akordioei esker. Etxeak hauek dira: Korzo (Holanda), Piemonte dal Vivo, Aterballetto eta Scenario Pubblico (Italia), Danish Dance Theatre (Danimarka), CCN Malandain-Biarritz (Frantzia) eta DanceBase (Erresuma Batua).

Tabakalerak, bestalde, praktika artistikoei laguntzea sustatzen du, Sortzaileen Gunearen bitartez, sorrerako helburua izan baitzen kulturako artista edo eragileen profesionalizazioari laguntzea. Espazio horrek eskura jartzen ditu arte sorkuntzarako baliabideak (lagapen espazioak, talde teknikoak eta giza taldeak, eta egoitza-programa), eta, espazioa eta denbora ematen dizkie era askotako sortzaileei, aukera izan dezaten beren proposamenetan ikertzen eta esperimentatzen jarraitzeko. Ekimen horrekin Tabakalerak lortu nahi duena da beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzea, koreografiari arte adierazpide gisa laguntzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, truke horretan, Gipuzkoako Dantzagunearen bitartez parte hartzen du, zeina baita Foru Aldundiak, dantza sorkuntzarako eta sustapenerako, Gipuzkoan duen zerbitzua, eta zeinean egiten baitu bere koreografia-lana Dantzaz Konpainiak, beste batzuekin batera. Dantzaguneak Errenterian du bere egoitza, herri horretako Udalaren laguntzari esker, Arteleku 2014an itxi zenetik.

Era berean dantza garaikideko gipuzkoar sortzaileen, eta orohar euskal sortzaileen lana nazioartean hedatzeko bidean, funtsezkoa da Etxepare Euskal Institutuaren ekarpena, hala tokiko koreografoen lanen dibulgazioan, nola sorkuntza-prozesuak zuzenean laguntzeari dagokionean. Datorren urteari begira, programa hau indartuko du Institutuak, Euskadi eta Quebec-en arteko Elkar Ulertzeko Memorandumaren (MOU) testuinguruan Quebec-en garatzen ari den euskal kultur programaren lan-ildo gisa.

Inprimatu
Asteartea, 2019(e)ko maiatza(r)en 28-(e)an 10:26etan