"Dantzatzeko ez diren koreografiak" erakusketa Donostian, ekainaren 18tik 28ra

Ekainaren 18tik 28ra egingo dugu Donostiako 2016 Gunean Dantzatzeko ez diren koreografiak erakusketa. Jose Lainez eta Concha Martinezi buruzko lehen atzera begirako erakusketa da. Lainez eta Martinez donostiarrak Gipuzkoako eta espainiar estatuko dantza garaikidearen aitzindariak izan ziren, 70eko hamarkadan Donostian sortu zuten Anexa konpainiarekin. Erakusketak Jose Lainezen eta Concha Martinezen sormen-prozesuaren aberastasuna jasotzen du, marrazki, testu eta bestelako materialen bidez.

Erakusketari lotuta, jarduera-egitarau zabala antolatu dugu erakusketaren barruan. Besteak beste, erakusketaren barruan aurkeztuko dira Sortutakoak 7 egonaldian prestatutako bi lanak, Jose Lainezen testu baten gainean bereziki prestatutako koreografiak. Era berean, Maite Bermudezek zuzendutako Ventanas adentro dokumentala estreinatuko da, Jose Lainezi eta Concha Martinezi egindako elkarrizketez gain, Anexako hainbat dantzariren (Mentxu Medel, Iñaki Landa, etab.) testigantzak jasotzen ditu.

Horrez gain, topaketak, haurrentzako tailerrak eta beste hainbat jarduera egingo dira erakusketak iraungo dituen hamar egunetan. Urte hasieran ikusgai izan zen erakusketa Huarten. Gipuzkoako Dantzagunea, Gipuzkoa 2016 eta Huarte Zentroa dira erakusketaren antolatzaileak, eta Bertha eta Maite Bermudez komisarioak.

Erakusketa: Dantzatzeko ez diren koreografiak

Datak: ekainaren 18tik 28ra (bi egunak barne)

Tokia: 2016 Gunea, Donostia

Antolatzaileak: Gipuzkoako Dantzagunea, Donostia 2016, Huarte Zentroa

EGITARAUA

Jose Lainez eta Concha Martinez

Jose Lainez eta Concha Martinez 16 urterekin joan ziren Donostiatik Amsterdamera, dantzari izateko ametsarekin. Eta lortu egin zuten. Bost urtez Het Nationale Balletean dantzatu zuten. Handik 1972an itzulita Donostian sortu zuten beren lehen dantza garaikide konpainia, Anexa, eta proposamen artistiko, apurtzaile eta probokatzaile berri bat egitea lortu zuten, garai hartako artearen abangoardian.

1973an, Anexan egindako lanari esker, Bartzelonako agertokira iritsi ziren, eta Caspe antzokian hainbat hilabetetan egin zituzten emanaldiak. Segidan, Jose Lainez eta Concha Martinez Institut del Teatreko lantaldean sartu ziren, eta Jose Lainez Dantza Garaikideko Departamentuko koordinatzailea izan zen bolada batean. Handik urte batzuetara Iruñeko Pablo Sarasate kontserbatorioko dantza-saileko zuzendariak izan ziren.

Han sortu zuten Yauzkari dantza garaikideko konpainia (1980). Zenbait sari irabazi zituzten talde horrekin eta Europan zehar ibili ziren, haien lan ziztatzaile, ausart, lotsagabe, probokatzaile eta konprometituak aurkezten. Beren lanetako gai nagusia norbanakoa zen, eta helburua zen pertsona bakoitzaren alderdi onena arakatzea eta azaleratzea. Haien dantzak aparteko sorpresak ziren, eta ordu arte balletarekin lotura gutxi edo batere ez zuten musikak erabiltzen zituzten.

Jose Lainezek eta Concha Martinezek Iruñean aurkeztu zituzten beren lanak, Piejuntoapie konpainiarekin, eta beren azken lana, Becket 5, Iruñeko Gayarre antzokian aurkeztu zuten 2011n.

Sortutakoak

Sortutakoak Gipuzkoan dantza-proiektu berriak sortzeko, garatzeko eta dibulgatzeko Dantzagunearen programa, eta bere baitan hartzen ditu diru-laguntza bat, egonaldi bat Dantzagunearen Errenteriako egoitza, dantza dibulgatzeko jarduerak, eta proiektuaren aurkezpen publikoa.

2015eko udaberrian egin zen Sortutakoaken zazpigarren edizioa, eta “Dantatzeko ez diren koreografiak” erakusketarekin batera, edizio tematiko egin dugu oraingoan. Aurrekoetan gaia librea izanik, Sortutakoak 7ko partaideek Jose Lainezen testu batetik abiatuta egin dituzte beren koreografia proposamenak.

Bi lan aukeratu zituen epaimahaiak, eta Dantzagunean landu dituzte beren koreografiak. Erakusketaren barruan aurkeztuko dituzte asteburu banatan.

Ventanas adentro dokumentala

Erakusketaren barruan Jose Lainezi eta Concha Martinezi buruzko dokumental bat estreinatuko da. Maite Bermudez, erakusketako komisarioetako batek zuzendu du. Lainezi eta Martinezi egindako elkarrizketez gain, Anexako hainbat dantzariri egindako elkarrizketak agertzen dira. Anexa izan zen Gipuzkoan, baita espainiar estatuan ere, sortutako lehen dantza garaikideko konpainia, eta han aritu ziren, besteak beste, gaur egun Gipuzkoako hainbat dantza-alorretan erreferenteak izan diren pertsonak (Menchu Medel, Iñaki Landa…).

Fitxategia atxikiak:
FitxategiaTamainua
DOWNLOAD_THIS_FILE_SDantzatzeko ez diren koreografiak: Egitaraua - Programa847 Kb
Inprimatu
Astelehena, 2015(e)ko ekaina(r)en 01-(e)an 12:06etan