Deialdia: Mugalariak 3.0

Donostia 2016k eta Donostia Kulturak, Scène Nationale du Sud-Aquitainerekin elkarlanean eta Akitania-Euskadi Euroeskualdeak lagunduta, Mugalariak programaren hirugarren edizioa jarri dute abian. Ekimenaren helburua da arte eszenikoen alorrean diharduten lurraldeko konpainien eta antzokien artean lankidetza-esparru berriak sortzea, sorkuntzarako erresidentzien bidez. Horrez gain, erresidentzia horiek baliatuko dira herritarrekin harreman berriak ezartzeko, mediazio artistiko dinamiken bidez.

Mugalariak 3.0 programan proiektu bat aurkeztu ahal izateko, haren sortze-prozesua, osotasunean edo atal batean, 2016ko urtarrilaren eta abenduaren bitartean garatu behar da. Programak lurraldeko ahalik eta ekipamendu gehien inplikatzea bilatuko du. Horretarako, hirugarren ekitaldian, programan parte hartu nahi duten ekipamendu guztiei ateak irekitzea erabaki da, eta SAREA (Euskadiko Antzoki Sarea) eta OARA (Office Artistique de la Region Aquitaine) elkarteen laguntza izango dute. Aurreko ekitaldietan espazioen zerrenda itxi bat ematen zen deialdia egitekoan.

Deialdian Akitaniako, Euskadiko eta Nafarroako artistek eta konpainiek hartu ahal izango dute parte. Horretarako, 2016ko urtarrila eta abenduaren artean garatu beharreko proiektuak aurkeztu beharko dituzte; oinarri eszenikoa duten proiektuak izan behar dute (dantza, antzezlana, performancea, diziplinartekoa...), eremu eszenikoetan zein publikoetan eskaintzeko sortuak izan daitezke.

Mugalariak 3.0 programaren helburua da gehienez 10 proiektu eszenikoren sortze-prozesuak bi ekipamendutan garatzea; bata Nafarroan edo Euskadin kokatutako ekipamendua izango da eta, bestea, Akitanian. Horrez gain, ekipamendu bakarraren babesa jaso duten zortzi proiektu aukeratuko ditu haien inguruan mediazio-jarduerak egiteko.

Programan parte hartzea erabakitzen duten artistek eta konpainiek eskatutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute (Donostia 2016ren web-orrian dago eskuragarri) eta 2015eko abenduaren 10a baino lehenago.

Deialdiaren oinarriak

Informazioa: Donostia 2016

Inprimatu
Osteguna, 2015(e)ko azaroa(r)en 05-(e)an 17:26etan