dFeria 2016: egitaraua

Martxoaren 7tik 10era egingo den dFERIAren XXII. edizioaren programazio eszeniko osoa eta jarduera paraleloak aurkeztu berri dira. Aurtengo edizioaren gaia, Elkarrizketak dira. Elkarrizketen betekizun nagusia enpatia lortzea da, hots, bestearen lekuan jarri eta esan nahi diguna ulertzeko gaitasuna. Komunikatzea, harremanetan jartzea, elkarrekin adiskidantza estua sortzea. Konfiantzaz hitz egitea, lagunartean. Elkarrizketan, esaten digutena ulertzeko borondate eta ahalegin bat dago. Garrantzitsua da solasean jardutea, ideiei afektuak eransten baitizkiegu: besteaz arduratzen gara. Bestearen lekuan jartzen gara, eta, horretarako, gure lekutik irten behar dugu. Erraztu egiten du elkarbizitza. Hartara, elkarbizitzarako tresna nagusia, elkarrizketa, kultura-aberastasunerako bide bihurtzen da. Arteen eta artearen kontzeptuen arteko elkarrizketa izango da dFERIAren osagai garrantzitsu bat, leit motiva.

dFERIA 2016 programazio osoa

Hamabigarren edizio honetan, 30 konpainiek 31 ikuskizun (40 emanaldi) aurkeztuko dituzte hiriko 9 agertokitan: Victoria Eugenia Antzokia, bere Club Aretoa, Antzoki Zaharra, Imanol Larzabal Aretoa, Gazteszena, Intxaurrondo K.E., DSS2016 Gunea, Tabakalera Patioa eta Tabakalera Ruiz Balerdi Aretoa. Ikuskizunen %71, modu bateko edo besteko estreinaldiak izango dira; 5 estreinaldi orokorrak, 3 Estatu mailakoak, 4 Europakoak eta 10 Euskal Herrikoak, eta diziplinen arabera, %52 antzerkia izango da, %39 dantza eta %9, diziplina anitzekoak. Konpainien jatorriaren arabera, %37 Euskal Herrikoa da, %12 Espainiar Estatukoa eta %7, atzerrikoa.

Aurten ere, sarreren prezioa merkeagoa izango da erosten diren epearen arabera.

Victoria Eugeniakoak : otsailaren 5etik 21era: 15€ / 8€ . Otsailaren 22tik martxoaren 6ra: 18€ /10 €. dFERIA egunetan: 20€/12€.

Beste aretoetan: otsailaren 11tik 21era: 8€ . Otsailaren 22tik martxoaren 6ra: 10 €. dFERIA egunetan: 12€.

Informazioa: Donostia Kultura

Inprimatu
Asteazkena, 2016(e)ko otsaila(r)en 10-(e)an 14:37etan