Deialdia: Donostia 2016, "Energia olatuak" itxiera-ekitaldirako

2.016 euroko hamabi diru-laguntza eta 20.160 euroko beste bat eskainiko dira aparteko deialdi honetan. Hautatutako ekimenek Donostia 2016ren itxiera-ekitaldien egun beretan gertatu beharko dute, parte batean, behintzat. Diruz lagunduko diren proiektuak, Donostia 2016ren balioekin bat egiteaz gain, Donostia Kulturaren kultur ekipamenduetan gauzatu beharko dira. Urtea bukatu eta Hiriburutzari agur esateko oraindik ere hilabete batzuk falta diren arren, heldu da itxiera ekitaldiak prestatzen hasteko ordua eta, gauzak horrela, Energia-olatuak programaren deialdi berezia egin du Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburuak. Herritarrek eta irabazi asmorik gabeko elkarteek antolatutako proiektuak diruz laguntzea da Energia-olatuen helburua eta, itxierara begira, hamahiru diru-laguntza banatuko dituzte: hamabi 2.016 eurokoak, eta bat 20.160 eurokoa.

Baldintza bereziak

Ohiko deialdien ezaugarriak betetzeaz gain (ikusi hemen betebeharrok 2.016 euroko diru-laguntzarako eta hemen 20.160 eurokorako), laguntza jaso ahal izateko, denborarekin eta lekuarekin lotutako beste bi baldintza ere behar dituzte proiektuek deialdi berezi honetan.

Batetik, aukeratutako ekimenak abenduaren 12tik 18ra bitartean gauzatu beharko dira, Donostia 2016ren itxiera-ekitaldien garaiarekin bat etor daitezen. Bere izaeragatik denbora muga hori gainditzen duten proiektuen kasuan, tarte edo adierazpen garrantzitsuena egun horietan gertatu beharko da.

Bestetik, ekimenek lotura zuzena izan beharko dute Donostia Kulturak kudeatzen duen edozein gune edo aretorekin; hau da, proiektuaren zati edo ekimen garrantzitsuena, behintzat, leku horietakoren batean egin behar da.

Diru-laguntza eskatzeko epea irekita dago

Ekainaren 1etik uztailaren 15era arte egongo da zabalik eta, ohi den moduan, herritarrez osatuta dagoen Ardora batzordeak erabakiko du zein proiektu lagundu diruz. Laguntzak eskatzeko inprimakia energiaolatuak.dss2016.eu webgunean dago eskuragarri eta, behin zuzen beteta, hiru modu daude aurkezteko: posta elektronikoaren bidez Helbide elektroniko honek spam bot-en kontrako babesa du. Ikusteko Javascript-a aktibatu behar duzu helbidean edo posta arruntez zein bertara joanda, ondorengo helbidean: Energia Olatuak; Easo kalea 43, 2. solairua; 20003 Donostia.

Informazio guztia hemen aurki daiteke

Informazioa: Donostia 2016

Inprimatu
Osteguna, 2016(e)ko ekaina(r)en 02-(e)an 08:23etan