Deialdia: Donostia 2016, haur eta gazteentzako arte eszenikoetan trebakuntza jasoko duten lau artista hautatzeko deialdia ireki du ‘Kimu’ proiektuak

Euskal Kultur Erakundeak, Donostia 2016k eta Donostia Kulturak bultzatutako deialdi honen bitartez Iparralde eta Hegoaldeko lau artista hautatuko dira. Programaren helburua da master-classekin eta jaialdietako egonaldiekin trebakuntza-ibilbide bat diseinatzea, haur eta gazteei bideratutako euskarazko arte eszenikoen sorkuntza aberasteko eta dinamizatzeko.

Lehen edizioaren emaitza onak bultzatuta, Euskal Kultur Erakundeak, Donostia 2016k eta Donostia Kulturak Kimu programaren edizio berri bat jarri dute abian. Deialdi honen bitartez, Iparraldeko eta Hegoaldeko lau artista hautatuko dira haurrei eta gazteei zuzendutako arte eszenikoen inguruko berariazko trebakuntza jaso dezaten. Programaren helburua da master-classekin eta Europako jaialdi garrantzitsuenetara bertaratuz egonaldiekin trebakuntza-ibilbide bat diseinatzea, haur eta gazteei bideratutako euskarazko arte eszenikoen sorkuntza aberasteko eta dinamizatzeko. Parte hartzeko epea irailaren 10ean amaitzen da.

Lau artistek zuzendaritza artistiko baten laguntza jasoko dute bakoitzaren soslaiarekin ondoen egokitzen den trebakuntza-ibilbidea prestatzeko. Programaren zuzendaritza artistikoa erakundeok izendatutako ordezkariek osatuko dute: Euskal Kultur Erakundea, Donostia 2016, Donostia Kultura, Hego Lapurdiko Hirigunea Teatro Paraiso eta Biarritz Culture.

Arte eszenikoek gazteenen formakuntza pertsonalean eta intelektualean duten garrantziaren ohartzea dago programa horren oinarrian; bai eta gazteenei bideratutako antzerki, dantza, zirku eta txontxongilo eskaintza mugatuari konponbidea bilatu nahia ere. Testuinguru horretan, Hegoaldeko eta Iparraldeko zenbait kultur eragilek Donostia 2016ren inguruan bat egin dute hamabi hilabetean zehar gauzatuko den trebakuntza-programa pertsonalizatua abian jartzeko.

Baldintzak eta epeak

Kimuren deialdian izena eman nahi duten artistek honako baldintza hauek bete beharko dituzte: euskaraz moldatzeko gai izatea; haurrei eta gazteei zuzendutako arte eszenikoetan esperientzia izatea, edo, gutxienez, arte eszenikoen munduan esperientzia izatea; programak iraungo dituen hamar hilabeteetan prest egon behar dute ikastaro eta jaialdietara joateko. Trebakuntza gehienez lau astekoa izango da, baina lau aste horiek hamar hilabeteko tartean banatuta egongo dira.

Izena emateko epea gaur ireki da eta irailaren 10a arte egongo da zabalik. Hautagaiak eta bakoitzaren ibilbideak urriaren 10ean emango dira jakitera.

Programaren edukia

Aukeratutako artista bakoitzarentzat programak izango duen edukia zuzendaritza artistikoarekin egindako elkarrizketa pertsonalizatuetatik aterako da eta hiru atal izango ditu:

1.- Prestigio handiko Europako espazioetan sei jardunalditako trebakuntza -esate baterako, Theatre Massalia de Marsella (Frantzia), Centre Dramatique National Jeune Public Pierre de Lune (Belgika), Theatre de la Montagne Magique (Belgika), Kinder und Jugendtheaterzentrum (Alemania)-.

2.- Bigarren atalean artistek Europako jaialdietan parte hartu ahal izango dute eta haur eta gazteei zuzendutako egungo ekoizpen berritzaileenak ikusteko aukera izango dute.

3.- Azkenik, ikerketa prozesu bat edo proiektu bat garatu beharko dute trebakuntzak irauten duen bitartean.

Programak artista bakoitzaren trebakuntza planaren kostuak estaliko ditu, 5.000 eurora arte. Diru hori ikastaroetako matrikulak, garraio gastuak, dietak eta jaialdietako izen-emate gastuak ordaintzeko izango da. Era berean, egonaldi labur bat ere egin ahal izango da amaierako ikerketa lana edo proiektua egin ahal izateko. Proiektu hori 2017ko irailan aurkeztu beharko da.

Informazio gehiago hemen: Helbide elektroniko honek spam bot-en kontrako babesa du. Ikusteko Javascript-a aktibatu behar duzu

Deialdia hemen deskargatu daiteke.

Informazioa: Donostia 2016

Inprimatu
Asteartea, 2016(e)ko uztaila(r)en 26-(e)an 10:36etan