Dantza Hirian 2016

Dantza Hirian jaialdiak bere abenturari ekin dio berriro Baiona-Donostia Euskal Eurohirian barrena, bertako plaza, kale eta hondartzak gaur egungo dantzaren agertoki bilakatuz. Dantza Hirian jaialdi ibiltariak arte mota hau ikertu eta gizarte-kohesiorako tresna gisa herritarrengana hurbiltzen du.

Dantza Hirian 2016: egitarau osoa

Irailaren 17tik 25era, Dantza Hirian jaialdiaren 11. edizioa 8 hiritan barrena ibiliko da, eta bosgarren aldiz jarraian, Europako Lankidetzaren Eguna ospatuko du. Programazioa era guztietako ikusleentzat pentsatua dago, eta gaur egungo dantzan gorantz datozen artista gazteen nahiz entzute handiko artisten azken joeren aldeko apustua egiten jarraitzen du. 12 konpainia izango ditugu 17 eremu publikotan, eta nabarmentzekoa da Angels Margariten Mudances Konpainia famatuaren presentzia, Capricis Sites izeneko lana aurkeztuko digula. Dantzaria, koreografoa eta pedagogoa, 70eko hamarraldiaren amaiera aldera Bartzelonako Institut del Teatre izenekoan sortutako dantzari modernoen lehen belaunaldikoa dugu.

“Acieloabierto” Ezohiko Espazioetako Jaialdien Sarearekin elkarlanak eta sinergiek aurrera jarraitzen dute, eta zirkuitu horren bitartez aurtengo edizio honetarako Jesús Rubio-ren (Madril) “Bolero”, Taiat Dansa-ren (Valentzia) “No Half Measures”, Alma Libre.Co-ren (Bartzelona) “Race to Grace” eta Julia Maria Koch-en (Bartzelona) “Charon” aurkeztuko dizkigu.

Jaialdiak artista egoiliarrentzat sortutako Aterpean programaren baitan, Donostia 2016ren, Euskal Kultur Erakundearen eta Biarrizko CCN Malandain Ballet elkartearen laguntza duela, Donostiako MugMus Laborategiaren “Esku Harriak – Oteizaren (h)aria” eta egun Bartzelonan bizi den Eibarko koreografo Helena Lizari-ren “Ocho Deportes Vascos” lanak estreinatuko dira.

MugMus Laborategiak, dantzaren, zuzeneko musikaren, eskulturaren eta bertsolaritzaren bitartez, Jorge Oteiza artista polifazetikoak bere ibilbide oparoan landutako imajinarioaren berrirakurketa bat eskainiko digu.

Helena Lizarik, aldiz, euskal herri-kiroletan topatu du inspirazio-iturria. Lehia, abilezia, trebetasuna, erronka, indarra, erresistentzia..., lan honen abiapuntu izango diren kirol hauekin loturiko hitzak dira.

Gainera, Dantza Hirian jaialdiak Akitaniako nahiz Euskadiko konpainiak ezagutzera ematen laguntzen du Ibili programaren bitartez. Bertan parte-hartzaile hauek izango ditugu: Natxo Montero, dantzari aski ezaguna eta sortzaile hasiberria, “Barbecho” lanaren laburpen batekin; Aiert Behobideren Haatik konpainia, Iker Arrue koreografoaren “70+1” izeneko proiektu berriarekin, eta Amaia Leizaran “Raw” lanarekin.

Barbateko Ana Florido bailaora gazteak ere parte hartuko du “Porvenir” izenburua daraman lanarekin, Bartzelonako Jordi Vilaseca-ren zuzendaritzapean. Obra hori joan den ekainean estreinatu zuten Nexos Barbaten, tokiko artistak dantza modernoaren panoraman entzute handia duen koreografo batekin lotzen dituen programaren bitartez.

Eskola-saioek, master classek eta Begiradan argazki-lehiaketak osatuko dute programazioa. Eta berritasun modura, duela 8 urte baino lehenagotik jaialdiko argazkilari ofizial den Gorka Bravok dantza eta koreografiako tailer bat eskainiko du.

Europako kultura-panoraman entzute handikoa izateaz gain, dantza-jaialdi bat baino gehiago da Dantza Hirian. Gaur Egungo Dantzarentzako plataforma bat da Baiona-Donostia Eurohiriaren testuinguruan.

Informazioa: Dantza Hirian

Inprimatu
Osteguna, 2016(e)ko iraila(r)en 01-(e)an 11:36etan