Pantaila osoa kendu
Cargando...
 

Erakundeak lortutako errentak (184-2013)


A) Higigarrien kapitalaren etekinak

- Aurrezpenaren oinarri ezargarrian integratzen diren higigarrien kapitalaren etekinak PFEZren arabera.

Sarrera osoak. Aurrezpenaren oinarri ezargarrian integratzen diren higigarrien kapitalaren etekinen guztirako zenbatekoa adierazi behar da.

Errenta esleipengarria.Atal honetan aipatutako higigarrien kapitalaren etekin gisa esleitu daitekeen errentaren guztirako zenbatekoa bat etorri behar da Sarrera osoak eremuan ezarritako kopuruarekin.

- Oinarri ezargarri orokorrean integratzen diren higigarrien kapitalaren etekinak PFEZren arabera.

Sarrera osoak. Oinarri ezargarri orokorrean integratzen diren higigarrien kapitalaren etekin osoen guztirako zenbatekoa adierazi behar da.

Gastuak. Oinarri ezargarri orokorrean integratzen diren higigarrien kapitalaren etekinetatik kengarri diren gastuen guztirako zenbatekoa adierazi behar da.

Errenta esleipengarria. Sarrera osoei kengarriak diren gastuak kendu ondoren lortutako emaitza da.

Integratu gabekoen %. PFEZi buruzko araudian ezartzen diren integratu gabekoen ehunekoak adierazi behar dira. Hona horien laburpena:

1. Higigarrien kapitalaren etekinak bi urte baino aldi luzeagoan sortu badira: %40.

2. Etekinak bost urte baino aldi luzeagoan sortu badira edo arau bidez denboran zehar modu nabarmen irregularrean lortutakotzat jotzen badira: %50.

Integratu gabekoen ehunekoa aplikatzen zaien sarrera osoen zenbatekoa. Aurreko atalean aipatutako integratu gabekoen ehunekoak aplikatu behar zaizkien sarrera osoak adierazi behar dira.

C) Higiezinen kapitalaren etekinak

- Aurrezpenaren oinarri ezargarrian integratzen diren higiezinen kapitalaren etekinak.

Sarrera osoak. Aurrezpenaren oinarri ezargarrian integratzen diren higiezinen kapitalaren etekin osoen guztirako zenbatekoa adierazi behar da.

Gastuak. PFEZi buruzko araudian ezarritako higiezinen kapitalaren etekinetatik kengarri diren gastuen guztirako zenbatekoa adierazi behar da, sarrera osoei aplikatu beharreko hobaria ere kontuan edukita.

Errenta esleipengarria. Sarrera osoei kengarriak diren gastuak  kendu ondoren lortutako emaitza da.

– Oinarri ezargarri orokorrean integratzen diren higiezinen kapitalaren etekinak.

Sarrera osoak. Oinarri ezargarri orokorrean integratzen diren higiezinen kapitalaren etekin osoen guztirako zenbatekoa adierazi behar da.

Gastuak. PFEZi buruzko araudian ezarritako higiezinen kapitalaren etekinetatik kengarri diren gastuen guztirako zenbatekoa adierazi behar da.

Errenta esleipengarria. Sarrera osoei kengarriak diren gastuak kendu ondoren lortutako emaitza da.

Integratu gabekoen %. PFEZi buruzko araudian ezartzen diren integratu gabekoen ehunekoak adierazi behar dira. Hona horien laburpena:

1. Higiezinen kapitalaren etekinak bi urte baino aldi luzeagoan sortu badira: %40.

2. Etekinak bost urte baino aldi luzeagoan sortu badira edo arau bidez denboran zehar modu nabarmen irregularrean lortutakotzat jotzen badira: %50.

Integratu gabekoen ehunekoa aplikatzen zaien sarrera osoen zenbatekoa. Aurreko atalean aipatutako integratu gabekoen ehunekoak aplikatu behar zaizkien sarrera osoak adierazi behar dira.

D) Jarduera ekonomikoen etekinak

Atal honetan jarriko dira errenta-esleipenaren araubideko erakundeak egindako jarduera ekonomikoen etekinak.

Etekinak zehazteko metodoa. Errenta-esleipenaren araubideko sozietatearen jarduera ekonomikoen etekinak zehazteko metodoa zein den adieraziko da atal honetan. Horretarako, zenbakizko hiru gako hauetako bat jarriko da, kasuan kasukoa:

Etekinak zehazteko metodoa

Gakoa

Zuzeneko zenbatespena, modalitate arrunta

1

Zuzeneko zenbatespena, modalitate erraztua

2

Zenbatespen objektiboa (erakundeko kide guztiak pertsona fisikoak badira soilik)

3

Jarduera mota. Gakoa. Aitorpenenaren zutabeetan agertuko diren jardueren mota edo izaera adieraziko da lauki honetan. Horretarako, ondoko bi gakoetatik kasu bakoitzean behar dena jarriko da:

Jarduera mota edo izaera

Gakoa

Merkataritzako enpresa-jarduerak

1

Nekazaritza eta abeltzaintzako jarduerak

2

Merkataritzaz kanpoko beste enpresa-jarduera batzuk

3

Artearen edo kirolaren arloko lanbide-jarduerak

4

Gainerako lanbide-jarduerak

5

JEZko talde edo epigrafea. Erakundeak egiten duen jarduera Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergari dagokionez zein talde edo epigrafetan sailkatuta dagoen adieraziko da.

Sarrera osoak. Errenta-esleipenaren araubideko erakundeak kasuan kasuko jarduera ekonomikoaren bidez lortutako sarrera osoen zenbatekoa jarriko da. Bazkide, jaraunsle, erkide edo partaideetako bakoitzak jarduerarako aldi baterako ezintasunaren zioz hartutako prestazio eta kopuruak atal honetan sartuko dira.

Gastuak. Jarduera ekonomikoen etekinetatik ken daitezkeen gastuen guztizko zenbatekoa jarriko da.

Aurretiazko etekin esleipengarria. Sarrera osoen eta gastu kengarrien arteko kendura jarriko da.

 

Zenbatespen objektiboa duten jarduera ekonomikoak

Jarduera ekonomikoen etekinak zenbatespen objektiboaren bidez (zeinuak, indizeak edo moduluak) kalkulatu behar diren kasuetan, ez da inongo kopururik jarriko Sarrera osoak eta Gastuak gakoetan.

Aurretiazko etekin esleipengarria gakoan, jarduerak epealdian ekarritako etekina jarriko da.

2 edo 5 urte baino aldi luzeagoan sortutako etekinen zenbatekoa. PFEZi buruzko araudian ezarritakoaren arabera, integratu gabekoen portzentajea aplikatu ahal zaion etekin garbien zatiaren zenbatekoa jarriko da. Hona horien laburpena:

1. Jarduera ekonomikoen etekin garbia bi urte baino aldi luzeagoan sortu badira: %40.

2. Etekinak bost urte baino aldi luzeagoan sortu badira edo arau bidez denboran zehar modu nabarmen irregularrean lortutakotzat jotzen badira: %50.

R) Jarduera ekonomikoei lotutako ondasunen ondare irabaziak eta galerak

Atal honetan aitortuko da jarduera ekonomikoen multzoari lotutako ondare elementuen ondare irabazi eta galeren zenbateko osoa, eta horiek erakundearen jarduera ekonomikoaren etekin arruntari batuko edo kenduko zaizkio.

Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Arauan ezarritako moduan kalkulatuko da zenbatekoa.

Irabazi / galera egozgarriak. Ekitaldian esleitu daitezkeen ondare irabazi eta galeren zenbatekoa jarriko da.

 F) Ondare elementuen eskualdaketen ondoriozkoak ez diren ondare irabaziak eta galerak

Epigrafe honetan ekitaldian egozten diren ondare irabazi eta galeretatik ondare elementuen eskualdaketen ondoriozkoak ez direnen guztirako zenbatekoa aitortu behar da.

Irabazi / galera egozgarriak. Ekitaldian esleitu daitezkeen ondare irabazi eta galeren zenbatekoa jarriko da.

 G) Ondare elementuen eskualdaketen ondoriozko ondare irabaziak eta galerak

Epigrafe honetan PFEZi buruzko araudian ezarritakoaren arabera ekitaldian egozten diren ondare irabazi eta galeretatik ondare elementuen eskualdaketen ondoriozkoak direnen guztirako zenbatekoa aitortu behar da.

Irabazi / galera egozgarriak. Ekitaldian esleitu daitekeen ondare irabazi/galeraren zatia jarriko da.

 H) Errenta esleipengarria Sozietateen gaineko Zergaren arabera zehazten duten kideak dituzten erakundeak

Errenta-esleipenaren araubideko erakundeko kide guztiak edo haietako batzuk Sozietateen gaineko Zergaren subjektu pasibo edo Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren (establezimendu iraunkorra) zergadun badira, bazkide, jaraunsle edo partaide horiei  esleitu beharreko errenta Sozietateen gaineko Zergaren arauei jarraituz zehaztuko da.

Kontabilitateko emaitza. Ekitaldiaren emaitza jarri behar da, erakundearen urteko kontuetan ageri dena. Urteko kontuak merkataritzako eta kontabilitateko arau aplikagarrien arabera egin behar dira.

Doikuntzak: Gehikuntzak/ Gutxipenak. Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Arauan eta zergen arloko gainerako arau aplikagarrietan ezarritakoaren arabera kontabilitateko emaitzari batu edo kendu behar zaizkion zenbatekoak jarriko dira,  erakundeak ekitaldian sorrarazitako errenta fiskala zehazteko.

Errenta esleipengarria. Erakundeko kideei ekitaldian esleitu beharreko errentaren zenbatekoa jarriko da

                                      Kontabilitateko emaitza + Gehikuntzak – Gutxipenak.

 I) PFEZi buruzko Foru Arauko kenkariak

PFEZi buruzko Foru Arauan aurreikusitako kontzepturen bat dela-eta kenkariaren oinarri den zenbatekoa jarriko da.

3/2004 Foru Arauko kenkariak

Kenkariaren oinarria. Emariaren balioari dagokion zenbatekoa jarriko da, PFEZ araudian ezarritako moduan kalkulatuta.

Jarduera ekonomikoen kenkariak

Kenkariaren oinarria. Ekitaldian egin eta PFEZ araudian aurreikusitako kenkariren baterako eskubidea ematen duten inbertsio edo gastuen zenbatekoa jarriko da.

Nazioarteko ezarpen bikoitza saihesteko kenkaria (atzerrian ordaindutako kopurua)

Kenkariaren oinarria. Erakundearen errenten artean atzerrian lortu eta zergapetutako etekin edo ondare irabazirik egonez gero, errenta horien gaineko kargaren ondorioz PFEZi buruzko araudian aurreikusitako moduan ordaindutako zenbatekoa jarriko da.

Beste kenkari batzuk

Kenkariaren oinarria. Aurreko ataletan jaso ez diren balizko beste kenkari batzuen oinarria zehaztu behar da, PFEZi buruzko araudian ezarritakoarekin bat etorriz.

J) Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Arauko kenkariak

Errenta-esleipenaren erakundeek atal hau bete beharko dute baldin eta bazkide, jaraunsle edo partaideren bat Sozietateen gaineko Zergaren subjektu pasibo edo Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren (establezimendu iraunkorra) zergadun bada.

Ezarpen bikoitza saihesteko kenkaria

Zenbatekoa. Gako honetan jarriko da Espainian egoitza duten erakundeen mozkinetako partaidetzen edo dibidenduen guztizko zenbatekoa, bai eta Espainian egoitza duten erakundeen kapitaleko edo funtsetako partaidetza ordezkatzen duten baloreen eskualdaketatik datozen errentak ere, erakunde aitortzaileak ekitaldian halakorik jaso badu.

Nazioarteko ezarpen bikoitza saihesteko kenkaria

Zenbatekoa. Erakundeak atzerrian zergapetutako errentak jaso baditu, gako honetan jarriko du errenta horien gaineko kargaren zioz ordaindutako zenbatekoa, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Arauan aurreikusitako moduan.

Halaber, erakundeen errenten artean sozietate ez-egoiliarren batek ordaindutako mozkinetako partaidetzak edo dibidenduak konputatzen direnean, gako honetan jarriko da erakundeak benetan ordaindutako zergaren zenbatekoa, dibidendua zein mozkinen kargura ordaindu den, haiei dagokiena.

Jardueretan egindako inbertsioengatik kenkariak

Zenbatekoa. Gako honetan jarriko da kuotan kenkaria aplikatzeko eskubidea sortzen duten jardueretan inbertitu edo gastatutako kopuruen guztizko zenbatekoa, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Arauan xedatutakoaren arabera.

3/2004 Foru Arauko kenkariak

Zenbatekoa. Irabazteko xederik gabeko erakundeen zerga araubideari eta mezenasgorako zerga pizgarriei buruzko otsailaren 24ko 3/2004 Foru Arauko III. tituluan aurreikusi bezala mezenasgorako zerga pizgarrien araubidea aplikatu ahal zaien irabazteko xederik gabeko erakundeei  egindako emarien zenbatekoa jarriko da. Gauzazko emari, dohaintza edo ekarpenak egin badira, emariaren edo ekarpenaren balioa jarriko da. Goian aipatutako arauan ezarritako balorazio arauak erabiliko dira balioa kalkulatzeko.

Beste kenkari batzuk

Oinarria / Zenbatekoa. Aurreko gakoetan aipatutakoez gainera, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Arauan eta beste edozein arau aplikagarritan xedatutakoaren arabera kuotan kenkaria izateko eskubidea ematen duten gainerako inbertsio edo gastuen zenbatekoa jarriko da gako honetan.

K) Erakundeak jasandako atxikipenak eta konturako sarrerak

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren edo Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren atxikipenen eta konturako sarreren zenbatekoak jarriko dira, aitorpenaren epean errenta- esleipenaren araubideko erakundeak halakorik izan badu.

Higigarrien kapitalaren etekinen gaineko atxikipenen eta konturako sarreren batura

Higigarrien kapitalak ekitaldian sortutako etekinei dagozkien atxikipenen eta konturako sarreren zenbatekoa jarriko da.

 Hiriko higiezinen errentamenduen gaineko atxikipenen eta konturako sarreren batura (errentamendua jarduera ekonomikoa izan zein ez)

Hiriko higiezinen errentamenduak ekitaldian ekarritako etekinei dagozkien atxikipenen eta konturako sarreren guztizko zenbatekoa jarriko da. Berdin da etekin horiek higiezinen kapitaletik sortuak izan nahiz jarduera ekonomikoetatik sortuak izan.

 Jarduera ekonomikoen etekinen gaineko atxikipenen eta konturako sarreren batura

Jarduera ekonomikoetatik ekitaldian atera diren etekinei dagozkien atxikipenen eta konturako sarreren guztizko zenbatekoa jarriko da, hiriko higiezinen errentamenduaren ondoriozko atxikipenak eta konturako sarrerak izan ezik, hauen zenbatekoa aurreko laukian jarri behar baita.

Ondare irabazien gaineko atxikipenen eta konturako sarreren batura

Talde inbertsioko erakundeetako partaidetzen nahiz akzioen eskualdaketa edo berreskurapena dela-eta ekitaldian lortu diren ondare irabazien eta joko, zozketa edo ausazko konbinazioetan parte hartuta lortutakoen gainean egindako atxikipen eta konturako sarreren guztizko zenbatekoa jarriko da.

Beste kontzeptu batzuen gaineko atxikipenen eta konturako sarreren batura

Hemen jarriko da erakundeari aplikatutako gainerako atxikipen edo konturako sarreren zenbatekoa, aurreko epigrafeetan jaso ez dena.