Informatu beharreko ondasun eta eskubideak (720-2013)
Atzerrian dauden ondasun eta eskubideei dagokienez, informatu beharrekoak lau taldetan banatzen dira, eta horrek, egiatan, lau informazio betebehar desberdin sorrarazten ditu:
a) Finantza entitateetako kontuak (Erregelamenduko 53. artikulua*)
Atzerrian dauden diruzko kontuak, baldin eta behartua titular juridikoa, egiazko titularra, baimendua, ordezkaria edo onuraduna bada, edo erabiltzeko boterea badu.
b) Baloreak, eskubideak, aseguruak eta errentak (Erregelamenduaren 54. artikulua*)
- Atzerrian dauden edozein entitate juridikotako baloreak edo partaidetzako eskubideak, kapital propioen lagapeneko baloreak edo edozein tresna juridikoren kudeaketarako edo administraziorako ekarritako baloreak, baldin eta behartuak horien titular juridiko edo egiazko titular badira.
- Atzerrian kokatuta dauden inbertsio kolektiboko erakundeen kapital sozialeko edo ondare funtseko akzioak edo partaidetzak, baldin eta behartuak titular juridiko edo egiazko titular badira.
- Abenduaren 31n bizitza edo baliaezintasun asegurua duten behartuak, baldin eta entitate aseguratzailea atzerrian badago.
- Diruzko kapitala, eduki ekonomikoko eskubideak edo ondasun higigarri zein higiezinak emateagatik sortu diren aldi baterako edo bizi arteko errentak, entitate hartzailea atzerrian kokatuta dagoenean.
c) Ondasun higiezinak edo haien gaineko egiazko eskubideak (Erregelamenduaren 69. artikulua*)
Atzerrian dauden ondasun higiezinak edo haien gaineko egiazko eskubideak, behartuak titular juridikoak edo titular errealak badira.
d) Ondasun higigarriak edo haien gaineko eskubideak, baldin eta atzerrian badaude, atzerrian matrikulatuta badaude edo atzerriko herrialdeetako erregistroetan badaude (Erregelamenduaren 70. artikulua*)
Abenduaren 31n edo urteko uneren batean atzerrian dauden edo egon diren ondasun higigarriak edo haien gaineko egiazko eskubideak; atzerriko herrialdeetan matrikulaturik daudenak edo bertako erregistroetan daudenak, baldin eta behartuak haien titular juridiko edo titular erreal badira.
Egiazko titular izango da kapitalen zuriketa eta terrorismoaren finantzaketa prebenitzeko 2010eko apirilaren 28ko 10/2010 Legearen 4. artikuluaren 2. apartatuak halakotzat jotzen duena.
* 2013ko abenduaren 17ko 47/2013 FORU DEKRETUA, zerga betebehar formal jakin batzuk garatzen dituen Erregelamendua onartzen duena.