Pantaila osoa kendu

Desgaitasun edo mendekotasunagatik(109-2016)

1. Zergadun desgaitu bakoitzeko edo mendekotasun bakoitzeko, jarraian zehazten den kenkaria ere aplikatuko da, desgaituentzat arauz ezartzen den minusbaliotasun mailaren eta hirugarren pertsonengandik jaso beharreko laguntzaren arabera:

Minusbaliotasun maila eta hirugarren pertsonengandik jaso beharreko laguntza

Kenkaria (euroak)

%33koa edo handiagoa eta %65etik beherakoa

867,00

%65ekoa edo handiagoa edo

Mendekotasun arina

1.224,00

%75ekoa edo handiagoa, hirugarren pertsonen laguntzagatik 15 eta 39 puntu bitartean lortuta edo

Mendekotasun larria

1.428,00

%75ekoa edo handiagoa, hirugarren pertsonen laguntzagatik 40 puntu edo gehiago lortuta edo

Mendekotasun handia

2.040,00

Aurreko paragrafoan aipatutako minusbaliotasun maila eta bertan adierazitako puntuak abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuak I. eta II. eranskinetan ezarritako eran neurtuko dira.

2. Kenkari hori bera aplikatuko da, era berean, ondorengo edo aurreko ahaide, ezkontide edo izatezko bikote-lagun edo laugarren mailarainoko zeharkako ahaide bakoitzeko, hura barne, horren adina edozein dela ere, baldin eta pertsona hori, zergadunarekin bizi izanik eta bere urteko errentak lanbidearteko gutxieneko soldataren bi halakoa izan gabe, desgaitua bada. Kenkari hau bateragarria izango da aurreko artikuluetan esandakoaren arabera egin daitezkeen kenkariekin.

Aurreko paragrafoan eta ondorengo 4. apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, egoitzetan dauden pertsona desgaituen edo mendekoen  egoera zergadunarekin batera bizitzearen parekotzat hartzen da, betiere behar den fakturaren bidez frogatzen bada pertsona desgaitua egoitza horietan egoteagatik sortutako gastuak zergadunak ordaindu dituela.

Era berean, kenkari hau egin daiteke desgaitua zergadunari lotuta badago tutoretza edo harrera arrazoiak direla medio, eta azkenaurreko paragrafoan adierazitako errenta maila betetzen bada. Tutoretza edo etxeko harrera adin gabekoak babesteko gaietan eskudun den entitate publikoarekin beharko da hitzartu.

3. Aurreko apartatuan aipatutako ahaide edo asimilatuen artean ageri ez den 65 urteko edo hortik gorako pertsona bakoitzeko, 1. apartatuan ezarritako kenkariak aplikatuko dira zergadunarekin bizi denean eta bere urteko sarrerak, errenta salbuetsiak kanpoan utzita, lanbidearteko gutxieneko soldataren bi halakoa baino txikiagoak direnean, betiere kontuan hartuta minusbaliotasun maila eta hirugarren pertsonengandik jaso beharreko laguntza.

4. Mendetasuneko pertsonak edo desgaituak autolikidazioa aurkezten badu zerga honengatik, bi aukera izango ditu: Kenkari osoa berak egitea edo, bestela, berarekin bizi den zergadunak egitea kenkari osoa. Bigarren aukeraren alde eginez gero, eta desgaitua zergadun batekin baino gehiagorekin bizi bada, kenkaria zati berdinetan hainbanatu eta egingo da zergadun bakoitzeko.