Atxikitzera edo kontura ordaintzera behartuak (190-2010)
190 eredua aurkeztu behar duten atxikitzera edo kontura sartzera behartuak.
Orokorrean, ondoko hauek daude atxikipena edo konturako sarrera egitera behartuta obligazio honi lotutako lan etekinak, jarduera ekonomikoen etekinak edo sariak ordaintzen dituztenean:
- Pertsona juridikoak eta gainerako entitateak, jabeen komunitateak eta errentak esleitzeko erregimenean dauden entitateak barne.
- Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren zergadunak, jarduera ekonomikoak egiten dituztenean eta jarduera horietan etekinak ordaintzen dituztenean.
- Lurralde espainiarrean egoiliarrak ez diren pertsona fisikoak, juridikoak eta gainerako entitateak, bertan establezimendu iraunkorraren bidez aritzen direnean.
- Lurralde espainiarrean egoiliarrak ez diren pertsona fisikoak, juridikoak eta gainerako entitateak, bertan establezimendu iraunkorrik gabe aritzen direnean, baldin eta aplikatzen zaien legeriak hala ezartzen badu eta, beti ere, atxikipenak eta konturako sarrerak Gipuzkoako Foru Aldundian sartu behar badituzte Ekonomi Itunak ezartzen dituen kasuetan.
Ez da ordainketarik izango pertsona edo entitate batek bitartekari lana egiten duenean bakarrik. Ordainketa batean bitartekari soila izaten da hirugarren baten kontura eta honen aginduz diru-kopuru bat ordaintzen denean.Jarraian adierazten diren eragiketak ez dira bitartekaritza soila izango. Beraz, lehen aipatu diren pertsona eta entitateek honako kasuotan egin beharko dute atxikipena eta konturako sarrera:
- Beren langileei Gizarte Segurantzaren konturako prestazioak ordaintzen dizkietenean.
- Beren langileei hirugarren batek emandako eskupekoak, zerbitzuen ordainsariak edo antzekoak ordaintzen dizkietenean.
- Nekazaritza kooperatiben kasuan, beren bazkideen ustiatuegietan ekoiztutako produktuak banatu edo komertzializatzen dituztenean.
190 eredua aurkeztu behar dutenen betebeharrak.
Atxikitzaileak eta konturako sarrera egitera behartutakoen betebeharrak honako hauek dira:
- Apiril, uztail, urri eta urtarrilaren lehen hogeita bost egun naturalen barruan aurkeztu beharko du aurreko hiruhileko naturalean egindako atxikipenen eta konturako sarreren aitorpena 110 ereduaren bidez. Aurkezpena eta ordainketa Gipuzkoako Foru Aldundian egingo da.
Halere, aipatutako aitorpena eta ordainketa hil bakoitzaren lehen hogeita bost egun naturalen barruan egingo da 111 ereduaren bidez baldin eta atxikitzaileak eta kontura ordaintzera behartutakoak aurreko urte naturalean izan duen eragiketa bolumena 6.010.121,04 eurotik gorakoa izan bada. Salbuespen gisa, uztailari dagozkion aitorpena eta konturako sarrera abuztuan zehar eta irailaren lehen hogeita bost egun naturalen barruan egingo dira
Aitorpen negatiboa aurkeztuko da baldin eta, eredu honetan adierazten diren errentak ordaindu arren, horien zenbatekoa dela-eta inolako atxikipen edo konturako sarrerarik egin ez bada. Ez da aitorpen negatiborik aurkeztu beharko aitortzen den zergaldian atxikipena edo konturako sarrerari lotutako errentarik ordaindu ez denean.
- Urte bakoitzeko azken aitorpenaren epe berean, 190 eredua aurkeztu beharko dute, hau da, 110 eta 111 ereduen bidez egindako atxikipenen eta konturako sarreren urteko laburpena. Zerrenda hori ordenagailu bidez zuzenean irakur daitekeen euskarrian aurkezten bada, aurkezteko epea hurrengo urteko urtarrilaren 1etik 30era bitartekoa izango da.
- Errenta Zerga aitortzeko epea ireki aurretik 10T eredua luzatu beharko dio zergadun bakoitzari, egindako atxikipenen edo konturako sarreren ziurtagiri modura.