Ohiko etxebizitzan berrinbertitu (109-2012)

a) Ohiko etxebizitzaren eskualdaketan agerian jartzen diren ondare gehikuntzak salbuetsita egongo dira baldin eta lortutako zenbateko osoa ohiko etxebizitza berria erosteko berrinbertitzen bada. Ondorio horietarako, etxebizitza birgaitzea erosketari asimilatzen zaio.

Etenik gabe eta hiru urtez gutxienez subjektu pasiboaren bizilekua izan dena hartzen da ohiko etxebizitzatzat. Hala ere, adierazitako epe hori igaro baino lehen bizilekua aldatzera behartu duten arrazoiak egon badira, etxebizitza ohikoa izan dela ulertuko da. Bizilekua aldatzera behartzen duten arrazoietako batzuk hauek izan daitezke: ezkontideak banantzea, lantokiz aldatzea, lehen enplegua edo lan hobea lortzea, etab.

b) Salmentan lortutako zenbatekoa bi urteko epean berrinbertitu beharko da gehienez, aldi bakarrean edo ondoz ondoko alditan.

Salmenta epeka edo prezio geroratuarekin egiten denean, berrinbertsioa ez dela epez kanpo egin ulertuko da baldin eta epeen zenbatekoa aurreikusita zegoen xederako erabiltzen bada epeak jasotzen diren zergaldiaren barruan. Aurreko etxebiziatza saldu baino lehen, berria 2009 edo 2010ean erosia baldin bada, saltzeko epea urtebete gehiagokoa izango da.

Berrinbertsioa ez bada salmentaren urte berean egiten, subjektu pasiboak, ondare gehikuntza lortzen den ekitaldiko Zerga aitortzerakoan, konstarazita utzi beharko du inbertitzeko asmoa duela adierazitako baldintza eta epeetan.

Berrinbertsioagatiko salbuespen eskubidea ere salmentan lortutako zenbatekoek emango dute aurreko bi urteetan erositako ohiko etxebizitza berri bat ordaintzeko erabiltzen direnean.

c) Berrinbertsioaren zenbatekoa salmentan lortutakoa baino txikiagoa bada, benetan inbertitutako kopuruari dagokion ondare gehikuntzaren zati proportzionala bakarrik salbuetsiko da zergatik.

d) Orain arte azaldutakoa ez betetzeak, ondare gehikuntzaren zatia zergapetzea ekarriko du. Derrigorrezkoa izango da, orduan, salbuetsi gabeko ondare gehikuntzaren zatia gehikuntza lortu den urteari egoztea, berandutza-interesak barne hartuko dituen aitorpen-likidazio osagarria eginez. Aitorpen osagarri hori aurkezteko epea baldintzak bete ez ziren egunean hasi eta zergaren aitorpena aurkezteko hurrengo epearen bukaeran amaituko da.

e) Eskualdatutako etxebizitza erosteko zergadunak besteren kapitalak erabili baditu, lortutako zenbateko osoa hauxe izango da ondorio hauetarako: salmenta balioaren eta eskualdaketaren egunean amortizatu gabe zegoen maileguaren zenbateko nagusiaren arteko diferentzia.



El documento original está disponible en http://debro.gipuzkoa.net/tkZergaBidea/tiki-index.php?page=Ohiko+etxebizitzan+berrinbertitu+%28109-2012%29