Kenkaria enpresa berrietan edo osatu berrietan inbertitzeagatik (109-2014)

Zenbatekoada kenkaria?

Zergadunek % 20ko kenkaria egin ahal izango dute enpresa berri edo osatu berrietako akzio edo partaidetzak eskuratu edo harpidetzeko zergaldian dirutan ordaindutako kopuruengatik, hurrengo 2. eta 3. apartatuek diotena betetzen denean. Kapitalari aldi baterako eginiko ekarpenaz gain, inbertsioa jasotzen duen entitatearen garapenerako enpresa ezagutza edo ezagutza profesional egokiak eman ditzakete, beti ere zergadunaren eta entitatearen arteko inbertsio akordioan ezartzen denaren arabera.

Kenkariaren oinarria harpidetutako akzio edo partaidetzen eskuratze balioa izango da, eta gehienez urteko 50.000 euro izango dira. Halaber, urteko gehienezko kopuru kengarriak ezin du gainditu zergadunari zerga honetan dagokion oinarri likidagarriaren % 10. Aurreko mugak gainditzeagatik kendu ez diren kopuruak, ondorengo eta bost urte jarraituetan amaitzen diren zergaldietako autolikidazioetan aplikatu daitezke, baina muga berdinak errespetatuz.

Baldintzak

Eskuratutako akzio edo partaidetzen entitateak baldintza hauek bete behar ditu:
 

a) Sozietate anonimoaren, erantzukizun mugatuko sozietatearen, lan sozietate anonimoaren edo erantzukizun mugatuko lan sozietatearen forma eduki beharko du, Kapital Sozietateen Legearen testu bateginean (uztailaren 2ko 1/2010 Errege Dekretu Legegileak onartu zuena) eta Lan Sozietateen martxoaren 24ko 4/1997 Legean aurreikusitako baldintzetan, eta ez du ezein merkatu antolatutan negoziatzeko onartuta egon behar. Baldintza hori akzio edo partaidetza edukitzen den urte guztietan zehar bete behar da.


b) Jarduera ekonomiko berri bat egin behar dute, eta jarduera horrek bere garapenerako behar dituen giza baliabide eta baliabide material guztiak izan behar ditu. Ondare sozietateei dagokienez, baldintza hau ez dagoela beteta ulertuko da bategiteen, zatiketen, aktibo ekarpenen, aktibo eta pasibo guztien lagapenen, jarduera adarren ekarpenen, ekonomia intereseko taldeen edo aldi baterako enpresa elkarteen ondorioz sortutakoen kasuan, ezta jarduera ekonomiko berri baten sorrera egiaz eta benetan ez dakarren beste edozein forma edo eragiketaren bidez sortutakoen kasuan ere.
 

c) Entitatearen funts propioen zenbatekoa ezingo da 400.000 eurotik gorakoa izan zergadunak akzioak edo partaidetzak eskuratzen dituen zergaldiaren hasieran. Entitatea sozietate talde baten partea denean —Merkataritzako Kodearen 42. artikuluaren zentzuan—, funts propioen zenbatekoa talde horretako sozietateen multzoari dagokiola ulertuko da, kontuan izan gabe egoitza edota urteko kontu bateratuak azaldu beharra.

Aurreko 1. apartatua aplikatzeko, baldintza hauek bete beharko dira:
 

a) Entitatearen akzio edo partaidetzak entitatea eratzen den unean eskuratu behar ditu zergadunak, edo, bestela, eratu eta ondorengo hiru urtetan eginiko kapital-gehikuntza baten bidez, eta hiru urte eta hamabi urte artean mantendu behar dira zergadunaren ondarean.


b) Zergadunaren partaidetza zuzena edo zeharkakoa, haren ezkontideak edo izatezko ikoteak edo hari ahaidetasunez lotuta dagoen —zuzeneko edo zeharkako lerroan, dolkidetasunez edo ezkontza bidez, bigarren mailaraino eta maila hori barne— edozein pertsonak entitate berean dituenarekin batera, ezin da izan entitatearen gizarte kapitalaren do zergadunaren boto eskubideen % 40 baino handiagoa, partaidetza daukan urte
naturaletako ezein egunetan.


c) Akzio edo partaidetzak ez izatea lehendik beste titularitate baten bidez egiten zen jarduera bera egiten duen entitate batean.
 

Aurreko apartatuetako betekizunak ez betetzeak oker egindako kenkariak itzultzeko obligazioa ekarriko du, berandutza interesak barne. Ez betetzea egin zeneko zergaldiari dagokion kuota diferentzialari dagokion kopurua gehituz egingo da ordainketa hori. Ordea, zergadunak aukeratu dezake lehenago egitea oker egindako kenkariak itzultzeko diru sarrera, berandutza interesak barne.


Kenkaria egiteko, eskuratutako akzio edo partaidetzen entitateak eginiko egiaztagiria behar da, eta adierazi behar du eskuratu ziren zergaldian 2. apartatuko baldintzak bete zirela.


Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorraren 115. artikuluaren 3. apartatuan jasotakoaren ondorioetarako, artikulu honetan jasotako kenkariak aplikatu ahal izateko, zergadunak, dagokion ekitaldiaren autolikidazioa aurkezten duenean, kenkariak aplikatu nahi dituela adierazi beharko du.

 



El documento original está disponible en http://debro.gipuzkoa.net/tkZergaBidea/tiki-index.php?page=Kenkaria+enpresa+berrietan+edo+osatu+berrietan+inbertitzeagatik+%28109-2014%29