Galdera ohikoenak (720-2013)
EREDU BAKAR BAT INFORMAZIO DESBERDINA DUTEN LAU BETEKIZUNENTZAT.
1. galdera: Pertsona edo erakunde batek aitorpen informatzaile bat aurkeztera behartuta badago, 720. eredua hain zuen, bai atzerrian dauden erakunde finantzariotan dauden kontuengatik, bai atzerrian lagatako, kudeatutako eta eskuratutako balore, eskubide, aseguru eta errentengatik, bai atzerrian dauden ondare higiezinen eta haien eskubideengatik eta atzerrian dauden ondare higigarrien eta haien eskubideengatik (edo atzerriko herrialdeetako erregistroetan matrikulatuta edo daudenengatik), eman al daitezke lau informazio horiek eredu bakar batean?
Erantzuna: Bai, ondare bloke bakoitza informazio betekizun desberdina da, baina lauak eredu informatzaile beraren bidez artikulatzen dira. Beraz, informatzeko lau betekizunak 720. ereduarekin betetzen dira, eta, bertan, informatu beharreko ondasun eta eskubide guztien berri ematen da.
AITORPENA EGITERA BEHARTUTA DAUDEN ZERGAPEKOAK
Ekitaldian bertan atzerrira joan den zergapekoa.
2. galdera: pertsona fisiko bat atzerrira lekualdatzen bada ekitaldian zehar eta ekitaldi horretako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga aurkeztu behar badu, aurkeztu behar al du eredu informatzailea atzerrian dauden ondasun eta eskubideen gainean?
Erantzuna: Bai, baldin eta behartuta badago horien gaineko informazioa ematera, betiere informatzeko lau betekizun horien gaineko araudiari jarraikiz.
Atzerrian bizi diren PFEZren zergapekoen informatzeko betekizuna
3. galdera: PFEZren 10/2006 FAren 3. artikuluari jarraikiz bizitokia duten PFEZren zergapekoak bakarrik al daude behartuta 720. eredua aurkeztera? Edo PFEZren 10/2006 FAren 4. artikuluak bildutako egoeraren batean dauden PFEZren zergapekoek ere aurkeztu behar al dute (Espainiako misio diplomatikoetako kideak, Espainiako bulego kontsularretako partaideak; Espainiako Estatuko kargu edo enplegu ofizialen titular direnak, nazioarteko erakundeen aurrean kreditatutako delegazio eta ordezkaritza iraunkorretako partaide gisa aritzen direnean; atzerrian izaera diplomatiko edo kontsularrik gabeko kargu edo enplegu ofizial bat betetzen duten funtzionario aktiboak…)?
Erantzuna: 720. eredua aurkeztera behartuta daude, besteak beste, Espainiako Estatuan bizi diren pertsona fisikoak, eta hor sartuta daude errenta osoagatik PFEZ tributatu behar duten zergapeko guztiak.
Horrela, pertsona fisiko bat, PFEZren Gipuzkoako zerga araudiaren pean egon bada eta ohiko bizitokia atzerrian hartu badu PFEZren 10/2006 FAren 4. artikuluan aurreikusten den egoera baten ondorioz, PFEZaren zergapeko izango da, ohiko bizitokia Gipuzkoako Lurralde Historikoan duen pertsona fisikoak bezalaxe. Horrek esan bahi du Gipuzkoan tributatuko dutela beren errenta mundiala, hots, errenta guztia, non lortu duten eta ordaintzaileak non duen egoitza gorabehera.
Beraz, PFEZren 10/2006 FAren 4. artikuluari jarraikiz PFEZren zergapeko diren pertsona fisikoek informatzeko aitorpenaren 720. eredua aurkeztu behar dute.
Herentzia onartu gabeak
4. galdera: onartu gabeko herentziek informatu behar al dute? eta herederoek?
Erantzuna: Onartu gabeko herentziak behartuta daude informatzera, 2005eko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Zergen Arau Orokorrak, 92.1.b artikuluan jasotako entitate diren aldetik.
Heredero edo legatudunak, berriz, herentzia tazituki edo berariaz onartzen duten unetik aurrera daude informatzera behartuta.
INFORMATZEKO BETEKIZUNIK EZ BALDIN ETA INOIZ EZ BADA BETEKIZUNIK IZAN.
Betekizunik ez baldin eta inoiz ez bada betekizunik izan
5. galdera: Inoiz ez bada izan 720. eredua aurkezteko betekizunik, ezta ondasunaren gaineko titularitatea amaitu edo desagertu den ekitaldian ere, egin behar al da atzerrian dagoen ondasun edo eskubide jakin horren gainean informatzeko aitorpenik?
1. adibidea: "hemen bizi den pertsona fisiko batek atzerrian banku kontu bat du, eta haren inguruan informatzeko inolako betekizunik ez du izan inoiz GLHko zerga betekizun formalak arautzen dituen Erregelamenduaren 53, artikuluari jarraikiz. Ekitaldian zehar kontu hori itxi egiten badu, haren inguruan informatzeko aitorpenik aurkeztu behar du?
Erantzuna: Ez.
2. adibidea: "atzerrian zabaldutako banku kontu bat, entitate baten kontabilitatean identifikatuta eta erregistratuta dagoena. Ekitaldian zehar kontu hori itxi egiten bada, haren inguruan informatzeko aitorpenik aurkeztu behar da?
Erantzuna: Ez. Sozietate batek banku kontu bat badauka eta inoiz ez bada behartua egon kontu horren gainean informazioa ematera, haren titularitatea amaitzen denean ez du banku kontu horren gainean informatzeko aitorpenik egin behar. Eta berdin eragiten dio horren banku kontu horretako apoderatuari, baimenduari edo beste edozein egiazko titularri.
2013ko abenduaren 31ren aurretik titularitatea amaitzearen gainean ez informatzea.
6. galdera: Informatu behar al da 2013ko abenduaren 31ren aurretik titularitatea amaitzen bada?
Erantzuna: Ez dago informatu beharrik 2013ko abenduaren 31ren aurretik amaitzen diren titularitateen gainean.
1. adibidea: Egoitza hemen duen Pertsona/entitate batek atzerrian kontu bat dauka, eta 2013ko abuztuaren batean itxi egiten du 100.000 euroko saldoa duela. Kontu horren berri eman behar al du?
Erantzuna: Ez, ez du berri eman beharrik 2013ko abenduaren 31n ez dagoelako haren gaineko informazioa emateko betekizunik.
2. adibidea: Egoitza hemen duen pertsona/entitate batek atzerriko sozietate baten akzioen titularra da, eta 2013ko abenduaren 31n akzio horiek saldu egiten ditu 200.000 € euroan. Une horretan, atzerriko beste sozietate baten akzioak erosten ditu 150.000 euroan. Balore hauen berri eman behar al du?
Erantzuna: Inoiz ez da izan atzerrian dauden ondasun eta eskubideen gainean informatzeko betekizunik obligazio hori dela eta; ondorioz, aitorpena egiteko betekizuna dakarten 2013ko abenduaren 31ko posizioen berri eman beharko da bakarrik. Kasu honetan, ez dago informatzeko inolako betekizunik 2013ko abenduaren 30ean saldu edo itxi diren akzioon gainean.
TITULARITATE BANATUA
Banku kontuen titularitate banatua.
7. galdera: atzerrian zabaldu den banku kontu batek titularitate banatua du, abenduaren 31n 50.000 eurotik saldoa du, eta titularitatea hainbat pertsonarena da. Aurkeztu behar al da aitorpena?
Erantzuna: Banku kontuaren gainean informatzeko betekizuna badago baldin eta muga hori gainditzen bada (eta beste inolako salbuespenik ez badago), kontuaren titularra bat izan edo hainbat izan. Osoko saldoen berri eman beharko da, banaketarik gabe, partaidetza portzentajea adieraziz.
Higiezin baten titularitate banatua.
8. galdera: atzerrian dagoen higiezin baten erosketa balioa 50.000 eurotik gorakoa da abenduaren 31n, eta titularrak hainbat pertsona dira. Aitorpena aurkeztu behar al da?
Erantzuna: Bai, higiezin horren gaineko informatzeko betekizuna badago baldin eta muga hori gainditzen bada (eta beste inolako salbuespenik ez badago), higiezinaren titularra bat izan edo hainbat izan. Erosketa prezio osoaren berri eman beharko da, banaketarik gabe, partaidetza portzentajea adieraziz.
Berdin geratuko da hainbat titular daudenean informatzeko betekizuna dakarten lau obligazioetan jasotzen diren ondore eta eskubideekin.
Pertsona fisiko baten eta pertsona juridiko baten titulartasun banatua.
9. galdera: Atzerrian dagoen banku kontu batek 150.000 euroko saldoa du abenduaren 31n, eta titularrak egoitza hemen duen entitate bat (% 70=105.000 euro), zeinak erregistraturik baitauka titularitatea bere kontabilitatean, eta etxebizitza hemen duen pertsona fisiko bat (% 30%=45.000 euro) dira. Pertsona fisikoak aitorpena egin behar al du?
Erantzuna: Pertsona fisikoak informatzeko aitorpena aurkeztu behar du; adierazi behar du abenduaren 31n 150.000 euro dituen kontu baten titular dela eta bertako partaidetza % 30ekoa duela.
Irabazpidezko ondasunak.
10. galdera: aitortu beharreko ondasun edo eskubide bat "irabazpidezkoa" bada eta titular formala ezkontide bakar bat bada, beste ezkontidea aitorpena egitera behartuta al dago?
Erantzuna: Irabazpidezko ondasun edo eskubide baten titularitate formala ezkontide batena bada, bi ezkontideek aurkeztu behar dute aitorpena (betiere betekizun horren eremu subjektiboaren barruan badaude).
Titular formal ez den ezkontidea egiazko titular izango da, kapitalen zuriketa eta terrorismoaren finantzaketa prebenitzeko 2010eko apirilaren 28ko 10/2010 Legearen 4. artikuluaren 2. apartatuari jarraikiz.
AITORPENA EGITEKO MUGA KALKULATZEKO MODUA.
Kontuetako saldoak zehaztea.
11. galdera: egoitza hemen duen entitate batek hiru banku kontu hauek ditu atzerrian. Aitorpena egin behar al du?
1. kontua: 12/31ko saldoa: 40.000 euro, eta azken hiruhileko saldoa 40.000 euro. Kontabilitatean erregistratua.
2. kontua: 12/31ko saldoa: 30.000 euro, eta azken hiruhileko saldoa 30.000 euro. Kontabilitatean ez erregistratua.
3. kontua: 12/31ko saldoa: 80.000 euro, eta azken hiruhileko saldoa 80.000 euro. Kontu horren gaineko informazioa 196. ereduan ematen da, banku entitateak Espainian baitu helbidea.
Lehenik, zein da aintzat hartu beharreko saldoa, hartara 50.000 eurotik gorakoa ote den eta informatzeko betekizunik ote dagoen zehazteko? Zein konturen gainean informatu behar da?
Erantzuna: Aintzat hartu beharreko kontua "2. kontua" da, salbu aitorpenaren betekizunetik salbuesten diren kontuak. Kasu honetan, ez dago aitorpena egin beharrik, ez baita 50.000 eurotik igotzen.
Saldoen batura.
12. galdera: pertsona bat atzerrian dagoen kontu korronte baten "titularra" da, eta saldoa 12/31n 40.000 euro da; bestalde pertsona baimendua da beste kontu korronte batean, zeinak 12/31n 30.000 euroko saldoa baitu. Aitortzeko obligaziorik ba al da?
Erantzuna: Bai, betiere salbueste kausarik ez badago.
Bigarren kontua beste sozietate batena bada (egoitza Espainian duena), zeinak kontabilitatean erregistraturik eta identifikaturik baitu?
Erantzuna: Ez, kasu horretan kontu korrontearen saldoan konputatuko da, zeinaren titularra aitorpena egiteko betekizunetik salbuetsita baitago.
Banku kontuetako saldo negatiboak.
13. galdera: saldo negatiboak dituzten kontuak aitortu behar al dira baldin eta 50.000 eurotik gorako beste kontu batzuk badaude? Muga hori gainditzen duten zehazteko, aintzat hartzen al dira saldo negatiboak?
Erantzuna: Bai, aitortu behar dira. Muga zehazteko, saldo garbia lortu behar da, hots, saldo positiboak ken negatiboak.
Balio ezberdinak ekitaldian zehar.
14. galdera: egoiliar bat atzerrian dagoen kontu korronte bakar baten titularra da (eta ez da beste inolako konturen titular), eta 2013ko apirilaren 4an izan zuen kontu horrek saldo gehien, 67.000 euro. Abenduaren 31n saldoa 45.650 euro da, eta azken hiruhileko bataz besteko saldoa 46.200,45 euro. 720. ereduan aitortu behar al du kontua?
Eta 2014ko apirilaren 8an itxi bazuen kontua, saldoa 56.246,75 euro zenean, Kontua ixtearen berri eman behar al du 720. ereduan?
Erantzuna: Lehen galderari dagokionez, erantzuna da ezetz, ez dela kontu hori aitortu behar; izan ere, ekitaldian 50.000 euroko muga gainditu badu ere, azken hiruhileko bataz besteko saldoa eta abenduaren 31ko saldoa muga horretatik behera daude.
Bigarren galderari dagokionez, erantzuna berdina da, ezetz, ez duela kontua ixtearen berri eman behar ez baita aurretik behartuta egon banku kontu hori informatzeko aitorpena aurkeztera.
Aitortzeko mugak.
15. galdera: 2013ko ekitaldian, pertsona edo entitate batek honako ondasun hauek izan ditu atzerrian:
2013ko abuztuaren 30era arte, apartamentu bat, 120.000 euroren truke saldu zena.
Salmentaren zenbatekoa atzerrian dagoen kontu korronte batean sartu zuen. Ondoren, zati batekin atzerriko inbertsio funts bateko partaidetzak erosi zituen, eta gainontzekoa Espainiara itzuli zen. Azken egoera hau da:
Funtsaren balioa 2013/12/31n: 55.900 euro.
Kontuaren saldoa: azken hiruhilekoko batez bestekoa: 58.900 euro; abenduaren 31n: 45.256 euro.
Zer ondasunen gainean informatu behar du 720. ereduan?
Erantzuna: Ez du higiezinaren gaineko informaziorik eman behar, 2013ko abenduaren 31n salduta baitzegoen.
Inbertsio funtsaren berri eman beharko du (balio likidatzailea 13/31n 50.000 eurotik gorakoa); eta kontu korrontearen berri ere eman beharko du (4. hiruhileko bataz besteko saldoa 50.000 eurotik gorakoa).
16. galdera: pertsona edo entitate batek atzerrian higiezin hauek baditu: hiru aparkaleku Frantziako herri batean, 2009an erosiak, guztirako balioa 45.000 euro. 2014an aparkaleku bat saldu du 17.000 euroan.
Zer aitortu behar du 720. ereduan? Eta hiru aparkalekuen balioa 55.000 euro balitz?
Erantzuna: Guztirako balioa 50.000 eurotik beherakoa denez, 2013ko 720. ereduko aitorpenean ez da atzerrian dauden higiezinik aitortu behar. Ondorioz, 2014an salduko aparkalekua ere ez da aitortu behar.
Alabaina, 2013an osoko balioa 55.000 euro izan bada, hiru aparkalekuen berri eman behar du 720. ereduan; eta, ondorioz, 2014an saldutako aparkalekuaren titularitatea utzi duela ere jakinarazi beharko du.
17. galdera: Pertsona fisiko batek atzerrian matrikulatutako itsasontzi bat dauka, 90.000 euroan baloratua; orobat, artelan bat dauka, 70.000 eurokoa; atzerrian matrikulatutako ibilgailu bat, 25.000 eurokoa; dirua, 85.000 euro (horietatik, 60.000 euro banku entitate bateko segurtasun kutxa batean); eta urrezko lingoteak, 20.000 euro. Zer aitortu behar du 720. ereduan?
Erantzuna: 720. ereduan itsasontzia eta artelana aitortu behar dira, bakarka 50.000 eurotik gorako balioa baitute. Ibilgailua, 50.000 euroko muga gainditzen ez duenez, ez da aitortu behar.
Dirua (F gakoa) eta metalak eta harribitxiak (P gakoa) bi elementu bereizi dira mugak kalkulatzeko orduan. Beraz, dirua, 50.000 euroko muga gainditzen duenez, 720. ereduan sartu behar da; urrezko lingoteek, berriz, 50.000 euroko muga gainditzen ez dutenez, ez dira aitortu behar.
KONTABILIZAZIOTIK SALBUESTEKO IRIZPIDEAK
Pertsona fisikoen kontabilitatezko salbuespena.
18, galdera: Gipuzkoako Lurralde Historikoan bizi diren pertsona fisikoak, baldin eta jarduera ekonomiko bat badute eta kontabilitatea Merkataritza Kodeari jarraikiz eramaten badute, behartuta al daude atzerrian dauden eta kontabilitatean bakarka erregistratuta eta identifikatuta dauden ondasun eta eskubideen gaineko informazioa ematera?
Erantzuna: Atzerrian dauden entitate finantzarioetako kontuetako titularrak badira, eta kontuok erregistratuta badaude kontabilitate dokumentu horretan bakarka eta zenbakiz, kreditu entitatez eta sukurtsalez identifikatuta (non zabaldu diren eta non dauden zehaztuta), ez dago informatzeko betekizunik (zerga betebehar formal jakin batzuk garatzen dituen Erregelamenduaren 53 4.c artikulua).
Atzerrian jarritako, kudeatutako edo lortutako balore, eskubide, aseguru edo errenten titularrak badira (Erregelamenduaren 54. artikulua), aitortu beharrekoak direnez gero, horien gainean informatzera behartuta daude, nahiz eta pertsona fisiko baten kontabilitatean erregistratuta egon; izan ere, salbueste hori ez da sartu arauan. Beraz, informatzeko betekizuna badago.
Atzerrian dauden ondasun higiezinen edo ondasun higiezinen gaineko eskubideen titularrak badira, eta horiek kontabilitate dokumentuan bakarka eta nahikoa identifikatuta erregistratu badira, ez dago horien berri emateko betekizunik (Erregelamenduaren 69 6.c artikulua).
Atzerrian dauden ondasun higigarrien edo ondasun higigarrien gaineko eskubideen titularrak badira, eta horiek kontabilitate dokumentuan bakarka eta nahikoa identifikatuta erregistratu badira, ez dago horien berri emateko betekizunik (Erregelamenduaren 70 5.c artikulua).
Kontabilitatezko salbuestea pertsona juridiko eta gainerako entitate egoiliarrentzat.
19. galdera: Gipuzkoako Lurralde Historikoan egoitza duten pertsona juridiko eta gainerako erakundeek, baldin eta atzerriko ondasun eta eskubideak beren kontabilitatean erregistratuta badituzte (betiere informatzeko lau betekizunen araudiak ezartzen duen moduan) informatu behar al dute horien gainean?
Erantzuna: Ez.
Araudia: Betekizun bakoitzaren gainean informatzeko aitorpenaren salbuespen horiei buruzko araudia hemen dago:
- Erregelamenduaren 53. artikuluaren 4. apartatuaren b letran, atzerrian dauden entitate finantzarioetako kontuei dagokienez;
- Erregelamenduaren 54. artikuluaren 5. apartatuaren b letran, atzarrian jarritako, kudeatutako edo lortutako balore, eskubide, aseguru eta errentei dagokienez.
- Erregelamenduaren 69. artikuluaren 6. apartatuaren b letran, atzerrian dauden ondasun higiezinei eta haien gaineko eskubideei dagokienez.
- Erregelamenduaren 70. artikuluaren 5. apartatuaren b letran, atzerrian dauden ondasun higigarriei eta horien gaineko eskubideei dagokienez.
Zergen Foru Arau Orokorraren 35.3 artikuluko entitateen kontabilitatea.
20. galdera: 2005eko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Zergen Arau Orokorrak, 35.3 artikuluan ezarritakoaren arabera kontabilitate liburuak eramatera behartuta ez dauden entitateei dagokienez, nola salbuetsi daitezke atzerrian dauden ondasun eta eskubideei buruz informatzeko betekizunez Erregelamenduaren 53 4.b), 54 5.b), 69 6.b) eta 70 5 b) artikuluei jarraikiz?
Erantzuna: Salbuesteko, kontabilitatea eraman behar dute, borondatez, betiere kontabilitate araudiari jarraikiz.
21. galdera: Jabeen komunitate bat behartua dago atzerrian dauden ondasun eta eskubideen gaineko informazioa ematera, eta horiek ez ditu kontabilizatu. Behartua al daude erkide horiek, egiazko titularitatea duten aldetik, atzerrian dauden ondasun eta eskubide horien gaineko informazioa ematera?
Erantzuna: Bai, erkideak behartuta daude komunitatean kontabilizatu gabeko ondasun eta eskubideen berri ematera, kontabilizatu gabeko ondasunak edo eskubideak dituen beste edozein sozietate edo entitateren moduan.
SALBUESTEKO BESTE ARRAZOI BATZUK
Kontuak atzerrian, Espainian helbidea duen entitate batean.
22. galdera: pertsona fisiko batek Espainian helbidea duen atzerriko entitate batean kontu bat du zabalik; bestalde, Erregelamenduaren 53. artikuluko baldintzak gertatzen dira, hartara haren gainean informatzeko aitorpena egin behar duelarik. Behartuta al dago kontu horren gainean informatzeko aitorpena aurkeztera?
Erantzuna: Ez da behartua egongo baldin eta Espainian helbidea duen entitateak haren gainean informatzeko aitorpena aurkeztu badu Erregelamenduaren 45. artikuluari jarraikiz, betiere jatorrizko herrialdearen araudiaren arabera aitortu ahal izan badu.
45. artikuluaren arabera, kreditu entitateak eta gainerakoak, indarrean dagoen araudiaren arabera banku eta kreditu trafikoan aritzen direnak, urtero informatzeko aitorpen bat aurkeztu beharko dute bertan zabaldu diren kontu guztien gainean edo Espainiako Estatuan nahiz kanpoan dauden entitateetan beste baten eskura jarri dituztenen gainean.
Espainiako Estatutik kanpoko entitateetan zabaldutako kontuak direnean, ez daude behartuak Espainiako lurretan egoitza iraunkorra ez duten pertsonen eta entitateen gaineko informazioa ematera.
Araudia: Atzerrian dauden entitate finantzarioetako kontuen gainean informazioa ematearen salbuespen hau atzerrian dauden entitate finantzarioetako kontuetarako Erregelamenduaren 53. artikuluaren 4. apartatuaren d letran dago.
PFEZaren zergapeko ez egoiliar baten atzerriko kontuak helbidea Espainian duen entitate batean.
23. galdera: Atzerrian bizi den pertsona fisiko bat PFEZaren zergapekoa da, eta kontu bat zabalik du Espainian helbidea duen entitate bateko atzerriko establezimendu batean. Behartuta al dago kontu horren gainean informatzeko aitorpena egitera baldin eta Erregelamenduaren 53. artikuluan aurreikusitako baldintza guztiak betetzen badira?
Erantzuna: Bai, informatzeko aitorpena aurkeztu behar du, salbu eta entitateak behar bezala egiaztatzen badio berak, bere aldetik, informatu dutela kontuaren gainean.
Baina Espainian helbidea duen entitateak ez du kontuaren gaineko informaziorik eman, salbu eta zergapekoak berak ez badio jakinarazi lehenago Gipuzkoako Lurralde Historikoan duela egoitza fiskala edo bertako PFEZaren zergapekoa dela.
Salbuespenaren zabaltzea beste behartu batzuetara.
24. galdera: Kontu korronte baten titularra (edo 720. ereduan agertzen den beste ondasun edo eskubide baten titularra) ez dago behartuta baldin eta kausaren bat agertzen bada salbuesteko. Kasu horretan, gainerako egiazko titularrak –apoderatuak eta titularrek baimenduak– behartuta al daude ondasun eta eskubide horien gaineko informazioa aurkeztera?
Erantzuna: 720. eredua aurkeztera salbuetsita geratuko da: pertsona edo entitate titularra eredu horretako informatzeko betekizunen eremu subjektiboan badago eta, berau "titular" izanda, informatzeko betekizunetik salbuetsita badago bakarrik.
Espainian ezarrita dagoen entitate batean jarritako akzioak
25. galdera: informatzeko betekizunak dituen zergapekoak atzerriko sozietate batean akzioak baditu, eta horiek Espainian sortutako edo ezarritako entitatean jarrita badaude, akzio horien gainean informatzeko aitorpena, 720. eredua, aurkeztera behartuta al dago baldin eta akzio horiek aitorpena egiteko gainerako baldintzak betetzen badituzte?
Erantzuna: Atzerriko sozietatetako akzioak badira eta titularrak Espainian dauden establezimenduetan baditu, ez dago horien gainean informatzeko betekizunik Erregelamenduaren 54 1 artikuluari jarraikiz, betiere entitateok behartuta badaude Zerga Administrazioari bertan dauden baloreen titularren gaineko informazioa ematera Erregelamendu horren 48.1.a) artikuluak ezarritakoari jarraikiz.
Berdin gertatzen da entitate egoiliarretan ezarritako balore higigarriekin, hots, atzerriko entitate juridikoetako eta merkatu antolatuetan negoziatutako akzioekin, kapitaleko partaidetzekin edo funtsa propioekin, baita merkatu antolatuetan negoziatutako kapital propioen besteren aldeko lagapenak adierazten dituzten balioekin ere. Betiere, bi kasuetan, Espainian sortutako edo ezarritako entitate batean egon behar dute balore eta abar horiek, eta hark horien gainean informatzeko aitorpena aurkeztu behar du Erregelamenduaren 48.1 artikuluari jarraikiz.
Komertzializatzailearen bidezko Inbertsio kolektiboko erakundeen akzio eta partaidetzak Espainian.
26. galdera: Zergapeko batek inbertsio kolektiboko erakunde baten akzioak edo partaidetzak ditu. Horiek erakunde horiek Espainian duen komertzializatzaile baten bidez erosi zituen, edo zerbitzuak libre emanez lan egiten duen entitate kudeatzaile batek Espainian dituen ordezkarien bidez. Aurkeztu behar al du 720. eredua eta akzio horien gainean informatu, baldin eta aitorpena egiteko gainerako baldintza guztiak betetzen baditu?
Erantzuna: Ez. Adierazitako modu horretan komertzializatutako atzerriko inbertsio kolektiboko erakundeetako akzio eta partaidetzak ez daude informatzeko betekizunaren pean Erregelamenduaren 54. 3 artikuluari jarraikiz, baldin eta titularrek komertzializatzaile edo ordezkari horietan erregistraturik mantentzen badituzte, 54. 3 artikuluak aipatzen duen informazioa komertzializatzaile edo ordezkari horri baitagokio, zehazki, Erregelamendu horren 48.2 artikuluak aurreikusten dituenetarako.
Espainian aritzen den atzerriko aseguru entitate batekin kontratatutako bizi aseguruak.
27. galdera: ondasunak eta eskubidean gainean informatzeko betekizuna duen zergapeko batek bizi aseguru bat du kontratatua, hartzaile moduan, Espainian aritzen den atzerriko aseguru entitate batekin zerbitzuak emateko erregimen librean. 720. eredua aurkeztu behar al du bizi aseguru horri dagokionez baldin eta aitorpena egiteko, baldin eta gainerako baldintza guztiak betetzen badira?
Erantzuna: Espainian zerbitzuak emateko erregimen librean aritzen diren atzerriko aseguru entitateekin kontratatutako bizi aseguruak ez dira informatu beharrekoak Erregelamenduaren 54.4 artikuluari jarraikiz, betiere aseguru entitate horien ordezkariak informazio hori Zerga Administraziori emana badio Erregelamenduaren 48.3.a) artikuluari jarraikiz.
Filial baten baimenduaren salbuespena baldin eta matrizea Espainian badago.
28. galdera: Pertsona fisiko bat baimendua dago atzerriko kontu batean, eta titularitate pertsona horrek lan egiten duen enpresa talde ez egoiliar batena da, zeinak matrizea Espainian baitu. Informatu behar al du pertsona horrek kontuaren gainean?
Erantzuna: Ez du informatu behar, baldin eta Espainian dagoen sozietate matrize horrek kontu hori erregistratua badu bere kontabilitate sendotuan edo memorian 53 4.b) artikuluari jarraikiz.
Dena dela, kontabilizazioa modu zabalean ulertu behar da; balio du, beraz, kontabilitate dokumentu osagarrietan erregistratzea, betiere urteko kontuekin bat badatoz eta haiek sendotzen badituzte. Kontabilitate horretatik, edozein modura, ondasun edo eskubide hori atzerrian dagoela baieztatzeko informazio nahikoa eta garbia ateratzeko modua egon behar du.
Atzerrian dauden baloreen gainean baimendua.
29. galdera: GLHko zerga betekizun formalak arautzen dituen Erregelamenduaren 54, artikuluak jasotako baloreen gaineko baimendu batek aurkeztu behar al da informatzeko aitorpena?
Erantzuna: Ez. Baimenduak Erregelamenduaren 53. artikuluan jasotako kontuen gainean informatzeko aitorpena bakarrik aurkeztu behar du.
HONEN GAINEAN INFORMATU BEHAR AL DA?
Pentsio planen gainean informatu beharra.
30. galdera: Informatu behar al da atzerrian kontratatutako pentsio planen gainean?
Erantzuna: Bai, Erregelamenduaren 70. artikuluari jarraikiz
Bai, kobrantza eskubide bat denez Erreglamentuaren 70. artikuluari jarraikiz aitortu beha da.
Hala ere, atzerrian kontratatutako pentsio planaren baldintzak erreskate eskubidea gauzatzeko posibilitatea ematen badio partaideari bizitza aseguru baten berezko baldintzetan, Erregelamenduaren 54.4.a) artikuluari jarraikiz aitortu beharko du.
Pentsio plana erreskatatzea
31. galdera: Pentsio plana erreskatatzen bada, informatu behar al da lortutako errentaren gainean?
Erantzuna: Bai. Planak estalitako edozein kontingentzia gertatzen bada, onuradunak bertan dauden eskubideei buruz informatu beharko du, kapitalizazio balorea emanaz, bere alde errenta bat eratzen bada, Erregelamenduaren 54.4.a) artikuluari jarraikiz. Onuradunak plana kapital eran erreskatatzen badu, ez du informatzeko obligaziorik izango Erregelamenduaren 54. artikuluari jarraikiz.
Betiere, Pentsioaren Planaren eskubide kontsolidatuaren titularitatearen amaiera aitortu beharko da Erregelamenduaren 70. artikuluari jarraikiz.
Maileguak, kredituak, partaidetza kontuak
32. galdera: Hauen gainean informatu behar al da? Atzerriko entitateei emandako maileguak, merkataritza edo zerbitzu operazioetatik datozen kredituak, partaidetza kontuak, edo beste edozein mailegu edo kreditu modalitate.
Erantzuna: Bai.
Hirugarren bati kapital propioak lagatzea baloreetan adierazten bada, aitorpenean zehaztu egin behar da hori, Erregelamenduaren 53. artikuluari jarraikiz; eta baloreetan adierazten ez bada, Erregelamenduaren 70. artikuluari jarraikiz.
Salbuetsitako loteria sariekin erositako ondasunak.
33. galdera: 2011n PFEZen zergapekoa zen pertsona batek sari bat eskuratu zuen Loteria Nazionalean, eta, urte horretan bertan, higiezin bat erosi zuen atzerrian diru horrekin. Saria PFEZetik salbuetsita geratu zen, garaiko araudiari jarraikiz, zehazki 2006ko abenduaren 29ko 10/2006 Foru Arauaren 9.7 artikuluari jarraikiz. Aurkeztu behar al du 720 eredua higiezin horri dagokionez?
Erantzuna: Bai. Ez bada gertatzen Erregelamenduaren 53., 54. eta 69., 70. artikuluetan ezartzen den salbuespenik, 720 eredua aurkeztu egin behar da, ondasunak edo eskubideak erosteko errenta salbuetsita egon edo ez.
Higiezin baten kontura ordaindutako zenbatekoak.
34. galdera: Atzerrian dagoen higiezin bat erosteko kontura, eta eskritura publikoa sinatu aurretik, emandako diruen berri eman behar al da? Zer gertatzen da ondorengo urtean higiezinaren titulartasuna eskuratuz gero?
Erantzuna: Bai, ondasun baten gaineko eskubide ekonomiko bat denez Erregalamenduaren 70. artikuluari jarraikiz aitortu behar da.
Ondorengo urtean titularitatea eskuratzen bada, alde batetik, eskubidearen titularitatearen amaiera aitortu beharko da Erregelamenduaren 70. artikuluari jarraikiz eta, bestetik. ondasun higiezinaren titularitatea Erregelamenduaren 69. artikuluari jarraikiz.
BALORAZIOA
Atzerrian negoziatutako akzioen balorazioa.
35. galdera: Atzerrian ezarrita dauden ondasunen gainean informatzeko betekizunari dagokionez, atzerriko merkatu antolatu batean negoziatutako akzioak, Espainiako merkatuetako akzioen ezaugarri analogoak dituztenak, nola baloratu daitezke?
Erantzuna: Aitorpen horri dagokionez, baloratu ahal izango dira 2012ko abenduaren 18ko Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergari buruzko 10/2012 Foru Arauaren 14.4 artikuluan ezarritako moduari jarraikiz, edo 14.5 artikuluan ezarritakoari jarraikiz lehendabiziko baloraziorik ez badago; azkenik, abenduaren 31n zuten kotizazio baloreari jarraikiz..
Hirugarrengoei kapital propioak laga izana adierazten duten gainerako baloreen balorazioa.
36. galdera: Atzerrian ezarrita dauden ondasunen gainean informatzeko betekizunari dagokionez, Hirugarrengoei kapital propioak laga izana adierazten duten baloreak, baldin eta Espainiako merkatuen ezaugarri analogoak dituen atzerriko merkatu antolatu baten negoziatuak izan badira, nola baloratu daitezke?
Erantzuna: Aitorpen horri dagokionez, baloratu ahal izango dira 2012ko abenduaren 18ko Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergari buruzko 10/2012 Foru Arauaren 14.2 artikuluan ezarritako moduari jarraikiz, edo 14.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz lehendabiziko baloraziorik ez badago; azkenik, abenduaren 31n zuten kotizazio baloreari jarraikiz.
Erakunde juridiko baten partaidetzaren baloreen eta eskubideen balorazioa.
37. galdera: zein da, erakunde juridiko baten partaidetzaren baloreen eta eskubideen inguruan, informatu behar den balorea?
Erantzuna: Entitate bateko kapital sozialaren edo funtsa propioen baloreak badira –merkatu antolatuetan negoziatuak, salbu inbertsio kolektiboko erakundeetakoak–, baloratzen dira urteko azken lau hilekoaren bataz besteko negoziazio balorearen arabera (2012ko abenduaren 18ko Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergari buruzko 10/2012 Foru Arauaren 14.4 artikulua)
Hala ere, informatzeko aitorpen honi dagokionez, entitate bateko kapital sozialaren edo funtsa propioen baloreak badira – Espainiako merkatuek dituzten ezaugarri analogoak dituzten atzerriko merkatu antolatu batean negoziatuak–, horiek 2012ko abenduaren 18ko Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergari buruzko 10/2012 Foru Arauaren 14.4 artikuluak ezarritako moduaren bidez baloratu ahal izango dira; edo 14.5 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ez badago lehendabiziko baloraziorik; Azkenik, abenduaren 31n zuren kotizazio balorearekin.
Entitate bateko kapital sozialaren edo funtsa propioen partaidetza adierazten duten baloreak badira (merkatu antolatuetan negoziatu gabeak), horien balorazioa onartutako azken balantzeak emandako balio teorikoaren arabera egingo da, betiere, balantze hori berrikusi eta egiaztatu bada, behartuta edo borondatez, eta auditoriaren txostena aldekoa bada. Balantzea ez bada auditatu edo auditoreek aldeko txostena eman ez badute, balorazioa
2012ko abenduaren 18ko Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergari buruzko 10/2012 Foru Arauaren 14.5a) artikuluaren arabera ezarriko da.
Herentziaz edo dohaintzaz eskuratutako higiezina
38. galdera. Pertsona bat higiezin baten titularra da, dohaintzaz edo herentziaz eskuratu duena. Zein da kontuan hartu behar den balorea aitorpena egin behar duen edo ez zehazteko?
Erantzuna: Higiezina dohaintzaz edo herentziaz eskuratu behar da kontuan hartuko den balioa da eskuratu zen unean zuen balio erreala.
Kontuen balorazioan aplikatu beharreko truke tasa.
39. galdera: Pertsona bat kontu baten titularra da atzerrian, eta kontuaren saldoa ez dago eurotan. Orobat, 720. eredua aurkeztu behar du. Zein da aplikatu behar duen truke tasa saldo hori zehaztu eta haren gainean informatzeko? Eta ekitaldian zehar kontu korrontea itxi badu?
Erantzuna: Kontu korrontearen saldoa zehazteko, dagokion ekitaldiko abenduaren 31ko truke tasa aplikatuko du. Erreferentzia hori bera hartuko da kontuaren azken hiruhilekoko bataz besteko saldoa baloratzeko.
Ekitaldian zehar kontua ixten badu, eta aitorpena egitera behartuta badago, orduan titularitatea amaitu zeneko data horretan zegoen truke tasa hartuko du saldoa zehazteko.
Higiezinen balorazioan aplikatu beharreko truke tasa.
40. galdera: Pertsona/sozietate bat atzerrian dagoen higiezin baten titular/egiazko titular da. Haren eskuratze prezioa ez dago eurotan, eta informatzeko aitorpena aurkeztu behar du. Zein truke tasa erabili behar du prezio hori zehazteko?
Erantzuna: Higiezinen kasuan, eskuratze prezioa, gainerako ondasun eta eskubideetan bezalaxe, dagokion ekitaldiaren abenduaren 31an indarrean zen truke tasarekin kalkulatuko da.
Balore aldaketak truke tasa aldatu delako.
41. galdera: Kontuan hartu behar al dira, ondasun eta eskubideen balorazio globalaren igoera zehazteko orduan, truke tasek ondasun eta eskubideen balorazioan eragindako aldaketak?
Erantzuna: Bai. Truke tasan izandako aldaketak kontuan hartu behar dira ondasun bakoitza globalki baloratzeko orduan; baita aitorpenean sartu behar diren zehazteko ere. Truke tasan izandako aldaketa horiek ez dira kontuan izango Erregelamenduaren 70. artikuluan jasotako ondasun higigarrien kasuan. Dena den, eskudirua eta harribitxi eta metalak direnean, elementu berriak sartzen badira, kontuan hartu beharko dira truke tasaren aldaketak.
Adibidea 1: 2014ko ekitaldian atzerrian dauden kontuen gainean informatzeko aitorpena aurkeztu da; 2013ko abenduaren 31n zegoen saldoa adierazi da, eta, horretarako, egun horretan indarrean zegoen truke tasa aplikatu da, hartara saldoa eurotan emateko. 2014ko ekitaldian ez dago inolako betekizunik horien gainean informatzeko aitorpenaren inguruan (titularitatea amaitzen ez bada), salbu eta atzerrian dauden kontu guztien saldoa, 2014ko abenduaren 31ko truke tasa aplikatuta, 20.000 euro baino gehiago handitu bada 2013ko ekitaldian aitortu behar izan zen saldo osoarekiko.
Adibidea 2: Pertsona fisiko batek 2013ko abenduaren 31an 500.000$ dauzka eskudirutan atzerriko entitate bateko segurtasun kutxa batean, eta 370.000€tan baloratzen bada, 720 ereduan informatzera behartua egongo da. 2014ko abenduaren 31an truke tasan izandako aldaketak kontuan hartuta segurtasun kutxan dagoen eskudirua 400.000€-tan baloratzen bada, ez da aitortzeko obligaziorik egongo, ez baita elementu berririk sartu. 2014ko ekainean 15.000$ gehiago sartzen dira segurtasun kutxan eta abenduaren 31an dolarren balorea 410.000€-koa bada, kasu horretan 720 eredua aurkezteko obligazioa egongo da.
Higiezinen eskuratze balioarekikoak.
42. galdera: Higiezin baten eskuratze balioan, zergak eta erosketaren gastu osagarriak sartu behar al dira?
Erantzuna: Bai, eskuratze balioan erosketak berekin dakartzan gastuak eta zergak ere sartuko dira.
Eskudirua
43. galdera: Pertsona fisiko batek 150.000 euro ditu, 2013ko abenduaren 31n, atzerriko banku entitate bateko segurtasun kutxan jarriak. 720 ereduan sartu behar al du diru hori? eta 2014ko abenduaren 31 eskudiruaren saldoa 130.000 euro bada, aitortu behar al du?
Zergapekoak aitorpenean eskuratze balioa jarriko du 2013 abenduaren 31an zegoen saldoa izango da: 150.000 euro. 2014an saldoa murriztu egin dela aitortu beharko du, eta horretarako eskualdaketa bat adieraziko du. Eskualdaketa data 2014ko abenduaren 31 izango da, eta eskualdaketaren balioa bi saldoen arteko diferentzia negatiboa izango da: 20.000 euro.
1. adibidea: pertsona fisiko batek atzerrian eskudirua dauka, atzerriko banku entitate bateko segurtasun kutxan. Hauek dira saldoak abenduaren 31etan. Aitortu behar al ditu?
- Eskudiruaren saldoa 2013/12/31n; 100.000 euro
- Eskudiruaren saldoa 2014/12/31n; 110.000 euro
- Eskudiruaren saldoa 2015/12/31n; 105.000 euro
2013an, zergapekoak 100.000 euroko saldoa aitortu beharko du 720 ereduan. 2014an, ez dago zertan aitortu, igoera ez baita 20.000 euro baino handiagoa izan. Eta 2015ean ere ez; izan ere, 2015/12/31ko saldoaren eta azken saldoaren arteko diferentzia ez delako 20.000 eurotik gorakoa (105.000-100.000).
2. adibidea: aurreko adibide bere baina saldoa izanik 2015/12/31n 95.000 euro eta 2016/12/31n 120.000 euro.
Kasu honetan, 2015ean 720. eredua aurkeztu egin behar da. Izan ere, 5.000 euro eskudirutan eskualdatu dela aitortu behar da ((95.000-100.000). 2016an ere berriro aurkeztu behar da 720. eredua, saldoaren igoera 25.000 euro baita aurkeztutako azken aitorpenarekiko. Zergapekoak 120.000 euroko eskuratze prezioa jarri beharko du 720. ereduan.
3. adibidea: aurreko adibide bera, baina saldoak: 2015eko abenduaren 31n, 20.000 euro; 2016ko abenduaren 31n, 45.000 euro.
Zergapekoak 80.000 euroen eskualdaketa aitortu behar du (100.000- 20.000) 2015eko 720. ereduan. Eta 2016an, berriz, diru igoera 20.000 euro baino handiagoa da; baina saldoa 50.000 euro baino baxuagoa denez, ez dago 720. eredua aurkeztera behartuta.
"Bitxi" eta "metal eta harribitxi" kontzeptuen arteko aldea.
44. galdera: Zertaz ari gara bitxi esaten dugunean? Eta zertaz metala edo harribitxia esaten dugunean?
Erantzuna: Bitxia metal noblezko pieza bat da; harribitxiak itsatsita izan ditzake edo ez; eta pertsona bat apaintzeko erabiltzen da (eraztun bat, perlazko lepoko bat…); metal eta harribitxiak, berriz, landugabeko piezak dira (urrea, zilarra, zafiroak, esmeraldak…).
45. galdera: Pertsona batek atzerrian eraztun bat dauka, 20.000 eurokoa, eta lepoko bat, 35.000 eurokoa. 720. eredua aurkeztu behar al du? eta urrezko lingoteak, 40.000 euro, eta zafiro bat, 25.000 euro, baditu?
Eraztuna eta lepokoa bitxiak dira. Beraz, ez dira aitorpenean sartu behar baldin eta bakarkako balioa ez bada 50.000 euro baino handiagoa. Kasu honetan, eraztuna eta lepokoa ez dira muga horretara iristen; ez dira aitortu behar. Urrezko lingoteak eta zafiroa, berriz, metal eta harribitxi dira; beraz, ez dira aitorpenean sartu behar, baterako balioa ez baita 50.000 eurora iristen.
46. galdera: zergapeko batek 720. eredua bete du "n." ekitaldian. Harribitxiak sartu ditu, 180.000 euro. Ekainaren 15ean, "n+1" ekitaldian, zafiro bat eskualdatu du, 25.000 euro; eta urriaren 18an, beste zafiro bat saldu du, 15.000 euro. Nola aitortu behar dira eskualdaketak?
Eskualdaketa elementuz elementu egina dagoela ulertzen da (behar izanez gero, eskualdatze datatan biltzen dira). Beraz, erregistro desberdinak islatu behar dira eskualdaketa bakoitzerako.
Berdin gertatzen da atzerrian dauden gainerako ondasun higigarriekin; salbuespena da eskualdaketan aitortzen den abenduaren 31ko eskudirua (saldoen arteko aldea).
BESTELAKO GAIAK.
2014ko ekaineko kontuen baimentzea ezeztatzea, 2013an informatu behar zenean.
47. galdera: pertsona batek 2013ko ekitaldian atzerriko kontuen gainean informatzeko aitorpena aurkeztu du; hondoren, baimendua izateari uzten dio (baimentzea ezeztatzen da) kontu batean 2014ko ekainean. Aurkeztu behar al da informatzeko aitorpena 2014ko ekitaldian? Hala bada, zein dira saldoa eta data?
Erantzuna: Baimentzea ezeztatzearen gainean informatu behar da, eta saldoa ezeztatu zen datakoa izango da.
Kontu bat ixtea, beste ekitaldi batean informatu behar zenean
48. galdera: entitate batek 720. eredua aurkeztu zuen atzerrian dituen kontuen inguruan; izan ere, saldoa 50.000 eurotik gorakoa zen, eta ez zen inolako salbuespenik; beste ekitaldi batean, saldoa ez da 50.000 eurotik gorakoa, eta kontua itxi egin du. Aitortzeko obligaziorik ba al da?
Erantzuna: Bai.
Kontu baten titularra eta baimendua.
49. galdera: pertsona batek kontu bat badu atzerrian, eta baimendua bada. Bi egoera horien berri eman behar du, ala nahikoa da titularitatea aitortuta?
Erantzuna: Kontu baten titularitateak esan nahi du baimendua ere badela; beraz, pertsona bat titularra eta baimendua bada, aski da titularitatea aitortuta.
Egoitza fiskalaren denborazko eremua
50. galdera: Zein da egoitza baten denborazko eremua atzerrian dauden ondasun eta eskubideen gainean informatzeko aitorpena aurkezteko edo ez aurkezteko?
Erantzuna: Egoitza fiskala informatzeko aitorpenaren ekitaldiari dagokio.
Adibidez: Pertsona bat ez zen egoiliar (fiskala) izan Gipuzkoako Lurralde Historikoan 2013an, baina 2014an izango da. Zer irizpide jarraitu behar du eredua aurkezteko?
Pertsona hori ez bada 2013ko ekitaldian aurkezpena egiteko eremu subjektiboaren barruan, 2014an ez du zertan 720. eredua aurkeztu 2013ko informazioaren gainean (Erregelamenduaren 53, 54, 69 eta 70 artikuluak).
2014ko ekitaldi horretan pertsona hori aitorpena egiteko eremu subjektiboaren barruan badago, berriz, 2015eko ekitaldian 2014ko ekitaldiari buruzko aitorpena aurkeztu beharko du.
Berrinbertsio eragiketak
51. galdera: Jarri behar al da 720. ereduan ekitaldian zehar, eta abenduaren 31 baino lehen, titularitatea galdu duten baloreen gainean informatzeko, baldin eta titularitate galera hori baloreok saldu eta zenbatekoa beste balore batzuk erosteko izan bada?
Erantzuna: Ez. Erregelamenduaren 54. 1 artikuluko azken paragrafoak aipatzen duen titularitate edo egiazko titularitate galeraren arrazoia bada baloreak eta eskubideak eskualdatu direla eta lortutako zenbatekoarekin beste balore edo batzuk erosi direla, zeinak aitortu beharrekoak baitira, apartatu horretan aipatzen direnekiko, abenduaren 31ko saldoak bakarrik aurkeztu beharko dira.
Urteko kontuak.
52. galdera: "kontu" batek globalki hainbat elementu edo ondasun jasotzen ditu. Horiek ongi bereizita daude kodeen bidez (ISIN edo beste edozein kode). Bakarka eman behar al da informazioa, erregistro desberdinetan?
Erantzuna: Bai. Urteko kontu batek ondasun desberdinak jasotzen baditu (akzioak, partizipazioak edo deposituak, besteak beste) bakarka informatu beharko da horien gainean; izan ere, aitorpena egiteko betekizun desberdinetan sartu daitezke, bahiz eta 720. ereduan informatzekoak izan.
Higiezin baten titularitatea osotzea.
53. galdera: Zein eskuratze data jarri behar zaio atzerriko higiezin bati baldin eta lehenik jabetza soila eskuratu bada eta, ondoren, erabateko jabetza osotu bada?
Erantzuna:
Higiezin bati buruzko titularitatea osotu egin bada, pertsona haren "titular" egin zeneko data hartu beharko da (titularitatea osotzen den data); balioa, berriz, osoko eskuratze balioa izango da (hasierako eskubide erreala gehi titularitatea osotzeko balioa).
Hainbat titularitateko ondasun higiezina eta eskuratze data desberdinak.
54. galdera: ondasun edo eskubidearen gaineko hainbat jabe badaude, zenbatekoa ez da banatzen; titularitate portzentajea zehazten da. Zein zenbateko jarri behar hainbat pertsonek erosi badute ondasun bat une desberdinetan eta zenbateko desberdinetan?
Erantzuna: Zenbatekoa hauxe izango da: partaidetza portzentajea, ondareari dagokion zatia erosteko zenbatekoa osora eramanda. Gainerakoen eskuratze balioa ezezaguna denez, ondasun horren osoko balioa (portzentajea % 100era eramanda) izango da muga aitorpena egiteko betekizuna zehazteko; beraz, partaide batzuk behartuta egon daitezke eta beste batzuk ez.
Adibidez:
"A" pertsonak atzerrian dagoen higiezin baten % 50 erosi zuen "n" urtean, 20.000 euro; "n+3" urtean, berriz, "B" pertsonak higiezin horren beste % 50a erosi zuen, 40.000 euro. Nola aitortu behar dute titularitate hori titular bakoitzak?
"A" pertsona ez dago behartuta higiezin horren gainean informatzera. Informatzeko betekizuna zehazteko balioa, higiezin horrentzat, bere partaidetzaren eskuratze balioa izango da osora eramanda; hau da, bere zatiak 20.000 euroko kostua izan bazuen, betekizuna ezartzen duen muga 40.000 euro izango da.
"B" pertsonak, berriz, informatzeko betekizuna izango du. Betekizun hori zehazten duen balioa Erregelamenduaren 69. artikuluan dator. Partaidetzaren eskuratze balioa izango da, osora eramanda: hau da, 80.000 euro.
Ondasunak baloratzeko data.
55. galdera: Noiz konputatu behar dira atzerrian dauden ondasunen balioak …/2013 FDz onartutako Erregelamenduaren 53. eta 54. artikuluek ezarritako 50.000 euroko muga aplikatzeko?
Erantzuna: Zergapekoak atzerriko ondasun eta eskubide hauen balio hauek hartu behar ditu kontuan, data hauetan:
Erregelamenduaren 53. artikuluko kontuei dagokienez: Kontuen saldoak, abenduaren 31n; eta azken hiruhileko bataz besteko saldoak.
Erregelamenduaren 54.1. artikuluko kontuei dagokienez: Baloreen saldoak, abenduaren 31n.
54.3 artikuluko inbertsio kolektiboko erakundeetako akzioak eta partaidetzak: abenduaren 31ko balio likidatzaileak.
54 4.a) artikuluko aseguruei dagokienez: Abenduaren 31ko erreskate balioak.
54 4.b) artikuluko errentei dagokienez: Abenduaren 31n kapitalizatutako baloreak.
Sozietate egoiliar bateko bazkidea, zeinak sozietate ez egoiliar batean parte hartzen baitu
56. galdera: Gipuzkoako Lurralde Historikoan egoitza duen pertsona fisiko bat bazkide da, zuzenki edo zeharka, sozietate egoiliar batean; eta sozietate hori sozietate ez egoiliar baten bazkide da. Zer informatzeko betekizun dute pertsona fisikoak eta sozietate egoiliarrak?
Erantzuna: Sozietate egoiliarrak ez egoiliarraren gainean duen partaidetzarengatik informatu behar du; hala ere, salbuetsita egon daiteke Erregelamenduaren 54. 5 artikuluak aurreikusten dituen kasuetako bat gertatuz gero. Beraz, sozietate egoiliarrean horrelako kasurik badago, pertsona fisikoak ez du informatu beharrik izango sozietate ez egoiliarrean dituen akzioengatik, ez haren ondarea osatzen duten aktiboengatik.
Aurrekoa aplikatzeko, sozietate ez egoiliarrak jarduera ekonomiko bat izan behar du, eta dagozkion baliabide material eta pertsonalen antolaketaren bidez burutu behar du jarduera hori; hau da, ezin du lanabes izaera izan, helburu duena titular errealak ondasunak zeharka kontrolatzea.
AITORPENA AURKEZTEKO MAIZTASUNA
57. galdera: 720. ereduko lehen aitorpena aurkeztuta, urtero aurkeztu behar al da etorkizunean? Zein informazioa aurkeztu behar da berriro?
Erantzuna: 720. eredua behi aurkeztuta, informatzeko betekizuna bat edo hainbat izan, eredu hori berri aurkeztu beharko da hauetan bakarrik:
1) Ondasun eta eskubideen osoko balioa 20.000 euroan igo bada hurrengo informazio bloke bakoitzean:
a) Finantza entitateetako kontuak.
b) Baloreak, eskubideak, aseguruak eta errentak.
c) Ondasun higiezinak eta horien gaineko eskubide errealak.
Ondasun higigarrien eta haien gaineko eskubide errealei dagokienez, aurreko 720. ereduan aitortu ez ziren ondasun eta eskubideak badaude, aitorpena berriro aurkeztu beharko da baldin eta atzerrian badaude edo atzerrian matrikulatzen badira eta atzerriko herrialdetako erregistroetan erregistratuta badaude abenduaren 31n edo urteko edozein unetan. Salbuespena: eskudirua eta metal eta harribitxiak, Horiek berriro aitortu beharko dira baldin eta, elementu berriak sartu eta haien balioa 20.000 euroan baino gehiago handitu bada.
2) Aitortutako ondasun eta eskubideen titularitatearen amaiera ematen denean.
Adibidez:
N+1 ekitaldian 720. eredua aurkeztu zen n ekitaldiari dagokionez. Aitorpen horretan, jakinarazi zen atzerrian dauden entitate finantzarioetan kontuak zituela, baita ondare higiezinak eta ondare higigarriak (ibilgailu bat eta eskudirua). Hauek saldoak eta balioak:
Saldoa n/12/31 n urteko azken hiruhileko saldoa
1. kontua: 45.000 40.000
2. kontua 12.000 15.000
SALDOAK GUZTIRA 57.000 55.000
Eskuratze balioa Eskuratze balioa
1. higiezina 90.000 1. higigarria (eskudirua) 60.000
2. higiezina 130.000 2. higigarria (1. ibilgailua) 55.000
BALIOA GUZTIRA 220.000
N+1 ekitaldia: higiezinaren balioak nabarmen aldatzen ez badira (eta aitorpena egiteko arrazoirik, eskualdaketa kasu, gertatzen ez bada), ez da zertan eredua aurkeztu ondasun higiezinei dagokienez.
Atzerriko kontuei dagokienez, n+1eko ekitaldian eredua aurkeztu egin beharko litzateke; izan ere, n+1 ekitaldiko azken hiruhileko saldoan 20.000 eurotik gorako igoera izan da n urteko saldoarekiko (nahiz eta 12/31n 18.000 eurokoa bakarrik izan):
n+1 /12/31ko saldoa n+1 urteko azken hiruhileko saldoa
1. kontua: 18.000 20.000
2. kontua 23.000 40.000
3. kontua 34.000 25.000
SALDOAK GUZTIRA 75.000 85.000
N urtearekiko igoera 18.000 30.000
Ondasun higigarrien kasuan 2, ibilgailua aitortu behar da, n ekitaldiko 720. ereduan aitortu ez zelako; eta eskudirua, berriz, ez da zertan aitortu, ez baita 20.000 eurotik gorako igoerarik izan n urtean.
Eskuratze balioa
1. higigarria (eskudirua) 65.000
2. higigarria (1. ibilgailua) 55.000
3. higigarria (2. ibilgailua) 70.000
