Pantaila osoa

Zuzeneko zenbatespena erabiltzen duten jarduera ekonomikoak: modalitate arrunta (109-2012)

Eranskin hau jarduera ekonomikoaren etekin garbia kalkulatzeko zuzeneko zenbatespenaren modalitatea arrunta erabiltzen duten zergadunek beteko dute.

Sozietateen gaineko Zergaren araudiak eta abenduaren 29ko 10/2006 Foru Arauaren 26. artikuluan ezarritako erregela orokorrak aplikatuko dira, ondoko hau ere kontuan hartuz:

1. Uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauak, Sozietateen gaineko Zergari buruzkoak, 14.2 artikuluan aipatzen dituen kontzeptuak eta enpresari edo profesionalak berak gizarte aurreikuspeneko mutualitateei egindako ekarpenak ez dira gastu kengarriak izango, foru arau honen 72. artikuluan jasotakoa eragotzi gabe.

Hala ere, norbere konturako langileen edo autonomoen Gizarte Segurantzako erregimen berezian sartu gabeko profesionalek diru kopuruak ordaintzen dituztenean gizarte aurreikuspeneko mutualitateekin sinatutako aseguru kontratuengatik, ordaindutako kopuru horiek gastu kengarritzat joko dira, Gizarte Segurantzak estaltzen dituen gorabeherak hartzen dituen zatian, baldin eta Aseguru Pribatuen Antolamendu eta Ikuskapenari buruzko azaroaren 8ko 30/1995 Legeak hamabosgarren xedapen gehigarrian aurreikusitako obligazioa betetzeko, mutualitate horiek Gizarte Segurantzako erregimen bereziaren ordez aritzen badira. Urteko muga 4.500 eurokoa izango da.

2. Behar bezala frogatzen bada, lan kontratua dela medio eta besteren konturako langileei aplikagarri zaien Gizarte Segurantzako erregimenari afiliatuta, ezkontideak, izatezko bikote-lagunak edo zergadunarekin bizi diren adingabeko seme-alabek hark garatutako jarduera ekonomikoan modu jarraituan lan egin ohi dutela, etekinak kalkulatzeko garaian, haietako bakoitzarekin hitzartutako ordainsariak kengarriak izango dira euren kualifikazio profesionalari eta egindako lanari dagozkionak merkatukoak baino handiagoak ez badira.

Kopuru horiek ezkontideak, izatezko bikote-lagunak edo adingabeko seme-alabek lan etekin gisa lortutako kopuruak direla joko da zerga ondorio guztietarako.

3. Zergadunaren ezkontideak, izatezko bikote-lagunak edo harekin bizi diren adingabeko seme-alabek ondasun edo eskubideak lagatzen dituztenean jarduera ekonomikoaren zerbitzura jartzeko, jardueraren titularraren etekinak kalkulatzerakoan hitzartutako kontraprestazioagatik egingo da kenkaria, betiere merkatuko balioa gainditzen ez badu. Kontra­prestaziorik egon ez bada, merkatuko balioagatik egin ahal izango da kenkaria. Kontraprestazioa edo merkatu balioa ezkontideak, izatezko bikote-lagunak edo adingabeko seme-alabek lortutako kapital etekina dela joko da zerga ondorio guztietarako.

Erregela honetan xedatutakoa ez da aplikatuko ondasun eta eskubideak bi ezkontideenak edo izatezko bikoteko bi kideenak direnean.

4. Zergadunak gaixotasun aseguruengatik ordaindutako primak gastu kengarritzat hartuko dira bai hari dagokion zatian eta bai ezkontideari, izatezko bikote-lagunari edo harekin bizi diren hogeita hamar urtetik beherako seme-alabei dagokien zatian. Pertsona horietako bakoitzagatik 500 euroko kenkaria egingo da gehienez.

Atxikitako ondare elementuen irabazi eta galerak: etekin garbia modalitate honen bitartez kalkulatzeko, jarduera ekonomikoari atxikitako elementuak saltzeagatik izandako irabazi edo galerak, Sozietateen gaineko Zergaren araudiaren arabera kuantifikatuak, gehitu edo kenduko zaizkio. Gainera, Sozietateen gaineko Zergaren araudian xedatutakoa ere aplikatuko da aparteko mozkinen berrinbertsioa eta berrinbertsioaren salbuespena izan badira.

Erregistro liburuak: kontabilitatea Merkataritza Kodearen arabera eramaten bada, ez dago erregistro liburuak eramateko obligaziorik. Obligazioa edukiz gero, liburu mota bakoitzeko honako datuok beteko dira: liburua osatzen duten ale kopurua, zergaldian erabilitako orri kopurua, zergaldi horretan egindako idazpen kopurua, eta azken idazpenaren data.