Pantaila osoa
Cargando...
 

Kenkaria inbertsioengatik eta bestelako jarduerengatik (109-2011)

Jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergadunek zuzeneko zenbatespenaren erregimena erabiltzen badute beren etekinak kalkulatzeko, Sozietateen gaineko Zergaren araudiak aktibo finko material berrietan inbertsioak hobaritzeko eta zenbait jarduera burutzeko jasotzen dituen kenkariak aplikatu ahal izango dituzte, beti ere araudi horretan ezartzen diren portzentaje eta muga berdinekin.

Hona hemen kenkariak:

  • Kenkaria aktibo finko material berrietan inbertitzeagatik.

  • Kenkaria kultur ondarea babestu eta zabaltzeko jarduerengatik eta zinemagintzan nahiz liburugintzan inbertitzeagatik.

  • Kenkaria ikerketa eta garapen jarduerak egiteagatik.

  • Kenkaria berrikuntza jarduerengatik.

  • Kenkariak garapen iraunkorra, ingurumenaren zaintza eta hobekuntza eta energia iturrien aprobetxamendu eraginkorragoa lortzera bideratutako proiektuekin loturiko inbertsio eta gastuengatik.

  • Kenkaria lanbide heziketako gastuengatik.

  • Kenkaria enpresen gizarte aurreikuspeneko tresna gisa diharduten gizarte aurreikuspeneko sistemetara enpresak egindako ekarpenengatik.

  • Kenkaria enpresen gizarte aurreikuspeneko sistemei enpresek egindako kontribuzio edo ekarpenak zergaldian gehitzeagatik.

  • Kenkaria enplegua sortzeagatik.

  • Kenkaria berdintasun planak egin eta ezartzeagatik.

1. Kenkaria aktibo finko material berrietan inbertitzeagatik (makinak, ibilgailuak...)

Zenbatekoa da kenkaria?

Entitatearen jarduera enpresarialari atxikita dauden aktibo finko material berrietan inbertitzeagatik %10eko kenkaria egiten da. Lurrak ez dira aktibo horien artean sartzen.

ERNE: Aktiboa berria dela esaten da aldez aurretik beste pertsona edo entitate batek erabili ez duenean. Hau da, ez da berria izango aurretik beste pertsona edo entitate baten ibilgetuan egon bada edo Kontabilitate Plan Orokorraren arabera hor sartuta egon behar bazuen, nahiz eta aktibo hori inoiz martxan jarri ez.

Baldintza

Inbertsioa jasotzen duten elementuek ez dute Zenbait Garraiobideren gaineko Zerga Berezian tributatu behar, dela hari lotuta ez daudelako, dela salbuetsita daudelako.

Izaera orokorrez, aktibo finko materialaren elementuetan egiten diren inbertsioak, dela artikulu honetan jasotakoak dela sozietateen gaineko zergaren gainerako araudian aipatuak, martxan noiz jartzen diren, orduan joko dira egindakotzat.

Dena den, iraupen luzeko inbertsio proiektuak egiten direnean, hau da, ondasunak enkargatzen direnetik eskura jartzen diren egunera arte hamabi hilabetetik gorako denbora igarotzen denean, subjektu pasiboak ordainketak egin ahala jo ahal izan du egindakotzat inbertsioa, horien zenbateko berean. Horrelakoetan, inbertsio ondasunen hornitzailearekin kontratua formalizatzean indarrean zegoen kenkari erregimena aplikatuko da.

Aukera horretaz baliatuz gero, inbertsio guztiari aplikatuko zaio irizpide hori.

Aukera horretaz baliatu nahi den subjektu pasiboak idatziz jakinarazi beharko dio Foru Aldundiari erabaki hori, eta hilabeteko epea izango du horretarako, kontratua izenpetzen den egunetik aurrera. Bertan, kontratatutako inbertsioaren zenbatekoa eta ondasunak entregatu eta ordaintzeko egutegia adierazi beharko ditu. Era berean, jakinarazpen horri kontratuaren kopia erantsi beharko zaio.

Erregela

Apartatu honetan aipatzen den kenkariaz gozatzeko, honako erregela hartu behar da kontuan:

Kenkariaren aplikazioa bateraezina izango da inbertsio horiek direla-eta izan litekeen beste edozein zerga onurarekin, amortizazio askatasunari eta amortizazio azkartuari dagokienean izan ezik.

2. Kenkaria kultur ondarea babestu eta zabaltzeko jarduerengatik eta zinemagintzan nahiz liburugintzan inbertitzeagatik.

Zenbatekoa da kenkaria?

  • Inbertsioen edo gastuen %15, inbertsio edo gastu horien helburua honako hau bada:

    • Euskal Kultur Ondareko edo Espainiako nahiz edozein autonomia erkidegotako Ondare Historikoko ondasunak lurralde espainiarretik kanpo erostea lurralde horretan sartzeko, baldin eta ondasun horiek gutxienez hiru urte irauten badute Espainiako lurraldean eta titularraren ondarearen barruan.
      Euskal Kultur Ondarearen parte diren ondasunak erosten direnean, kenkariaren oinarria Eusko Jaurlaritzak emandako balioa izango da; erosten diren ondasunak Espainiako Ondare Historikoaren parte direnean, kenkariaren oinarria Kalifikazio, Balorazio eta Esportazio Batzordeak emandako balioa izango da; eta erositako ondasunak beste autonomia erkidego bateko Ondare Historikoaren parte direnean, kenkariaren oinarria organo eskudunek emandako balioa izango da. Organo horiek ez badute inolako baloraziorik egin, balorazioa Gipuzkoako Foru Aldundiak egingo du.

    • Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean, Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legean eta autonomia erkidegoetako araudietan jasotako kultur onurako ondasunak artatzea, konpontzea, zaharberritzea, hedatzea eta erakustea.

    • Erakinak birgaitzea, horien teilatu eta fatxadak mantendu eta konpontzea eta azpiegiturak hobetzea, horiek Espainian daudenean UNESCOk Mundu Ondarekotzat izendatutako hirien, multzo arkitektonikoen, multzo arkeologikoen, multzo naturalen, paisaia multzoen edo ondasunen inguru babestuen barruan.

  • Produkzio espainiarreko zine luzemetraietan edo fikzio, animazio edo dokumental moduko ikus-entzunezkoetan egindako inbertsioek %20ko kenkaria dute produktorearentzat, beti ere serieko produkzio industrialaren aurretik euskarri fisiko bat egiteko aukera ematen badute. Kenkariaren oinarria produkzioaren kostua izango da, koproduktore finantzarioak finantzatutako zatia kenduta.
    Produkzio espainiarreko zine luzemetrai batean parte hartzen duen koproduktore finantzarioak %5eko kenkaria egingo du berak finantzatutako inbertsioagatik, eta inbertsioak zergaldian ekarri dion errentaren %5 izango da muga. Koproduktore finantzarioa izango da aurreko paragrafoan adierazitako pelikulen produkzioan esku hartu eta produkzioaren kostu osoaren %10etik %25era bitarteko diru baliabideak bakarrik jartzen dituena, pelikula horien ustiapenak dakartzan diru sarreretan parte hartzeko eskubidearen truke.
    Kenkari hauek filmaren produkzioa amaitzen den zergalditik aurrera egingo dira. Zergaldi horretan egin ez diren kenkariak hurrengo bost urte jarraituetan amaitzen diren zergaldietako likidazioetan aplikatu ahal izango dira. Horrelakoetan, apartatu honetan aipatu den %5eko muga kenkaria egiten den zergaldian koprodukzioa dela-eta lortzen den errentaren gainean kalkulatuko da.

  • Liburugintzan inbertitzeak %5eko kenkaria izango du, serieko produkzio industrialaren aurretik euskarri fisiko bat egiteko aukera ematen badute.

3. Kenkaria ikerketa eta garapen jarduerak egiteagatik.

Zenbatekoa da kenkaria?

Ikerketa eta garapen jarduerengatik zergaldian izandako gastuek %30eko kenkaria izango dute. Gainera, ekitaldian izandako gastuak aurreko bi urteetakoen batez bestekoa baino handiagoak badira, %30a batez besteko horretaraino aplikatuko da, eta batez besteko horren gainean dagoen soberakinari %50eko kenkari osagarria egin ahal izango zaio.

Gainera, zergaldian izandako gastuek beste %20eko kenkariaizango dute honako gastu hauek direnean:

  1. Entitateko langileria gastuak, bakar-bakarrik ikerketa eta garapen jarduerei, edota berrikuntzakoei, lotuta dauden ikerlari kualifikatuei dagozkienean.

  2. Ikerketa eta garapen proiektuetan egindako gastuak, hauekin kontratatuta daudenean: unibertsitateekin, ikerkuntzako organismo publikoekin edo berrikuntza eta teknologia zentroekin, Berrikuntza eta teknologia zentroei buruzko abenduaren 20ko 2.609/1996 Errege Dekretuaren arabera horrela aitortu eta erregistratuta daudenean, eta, orobat, Eusko Jaurlaritzaren urriaren 1eko 221/2002 Dekretuak araututako Euskal Teknologia Sarean sartutako entitateekin. Azken dekretu horrek egunean jarri zituen Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarea arautzeko oinarrak.

Ibilgetu material eta ukiezineko elementuetan egindako inbertsioen %10, ondasun higiezinak eta terrenoak kanpoan utzita, baldin eta bakar-bakarrik ikerketa eta garapen jarduerei, edota berrikuntzakoei, atxikita badaude..

Zer da ikerketa eta garapen jarduera?

  • Jakintza berriak aurkitzeko eta zientzian edo teknologian goi ulerkuntza bilatzeko egiten den “oinarrizko ikerkuntza" edo azterlan original eta planifikatua, betiere merkataritza edo industria helburuetatik kanpokoa.

  • Jakintza berriak aurkitzeko egiten den “ikerkuntza aplikatua" edo azterlan original eta planifikatua, betiere ezagutza horiek produktu, prozesu edo zerbitzu berriak garatzen edo lehendik daudenak nabarmen hobetzen erabiltzekoa bada.

  • Ikerkuntza aplikatuaren emaitzen “garapen esperimentala" edo produktu, prozesu edo zerbitzu berrien plan, eskema edo diseinu batean aplikatutako ikerkuntzaren gauzatzea, edo emaitza horien hobekuntza nabarmena, bai eta merkaturatu ezin diren prototipoen sorrera eta hasierako erakusketarako proiektuak edo proiektu aitzindariak ere, baldin eta aplikazio industrialetarako edo merkataritzako ustiapenerako bihurtu edo erabili ezin badira.

  • Software aurreratuaren sorkuntza, baldin eta horrek aurrerapen zientifikoa edo teknologiko nabarmena badakar, dela teorema eta algoritmo berriak garatuz dela sistema eragile eta lengoaia berriak sortuz, edota pertsona desgaituak informazioaren gizarteko zerbitzuetara sartzeko egiten bada. Softwarearekin erlazionatuta dauden ohiko edo betiko jarduerak hortik kanpo geratzen dira.

Zer hartzen da ikerketa eta garapengastutzat?

Zergadunak egindakoak, jarduera horiei atxikitako ondasunen amortizazioak barne, baldintza hauek betetzen badira:

  • Ikerketa eta garapen jarduerei zuzenean lotutako gastuak izatea.

  • Jarduera horiek egiteko benetan erabiltzea.

  • Proiektuka indibidualizatuta agertzea.

Europar Batasuneko edo Europako Espazio Ekonomikoko beste estatu batzuetan egindako jarduerei dagozkien ikerkuntza eta garapen gastuek ere kenkarirako eskubidea izango dute.

Europar Batasunekoak edo Europako Espazio Ekonomikokoak ez diren estatuetan egindako jardueren gastuei dagokienez, kenkarirako eskubidea ere izango dute, baldin eta ikerkuntza eta garapeneko jarduera nagusia Europar Batasuneko estatu batean egiten bada eta gastuak inbertsio osoaren %25 baino handiagoak ez badira.

Ikerkuntza eta garapeneko gastutzat hartuko dira, era berean, jarduera horiek Europar Batasuneko edo Europako Espazio Ekonomikoko estatu batean egiteko asmoz zergadunaren aginduz ordaindutako kopuruak, dela berak zuzenean dela beste entitate batzuekin batera.

4. Kenkaria berrikuntza jarduerak egiteagatik.

Honako hau hartzen da berrikuntzatzat: produktu berriak (ondasun edo zerbitzuak) edo prozesu berriak zein nabarmenki hobetuak ezartzea, eta marketing metodo berriak edo antolaketa eredu berriak abian jartzea. Errealitatea auzitan jartzea eta eraldatzea ahalbidetzen duen jarrera da gaitasun horren oinarria.

Honako hauek dira berrikuntzaren jarduketa eremuak: produktua/zerbitzua, prozesuak, antolaketa, pertsonak, merkatua eta negozio eredua. Berrikuntza teknologikoak produktu/zerbitzuaren arloari eta prozesuen arloari eragiten die batez ere. Teknologikoa ez den berrikuntzak, berriz, gainerako arloei eragiten die.

Berrikuntza teknologikoa:

Zenbatekoa da kenkaria?

Berrikuntza teknologikoko jarduerengatik zergaldian egindako gastuek %20ko kenkaria izango dute, horien xedea ondorengo hau izan bada:

  1. Ondoko hauekin kontratatutako proiektuak: unibertsitateekin, ikerkuntzako organismo publikoekin edo berrikuntza eta teknologia zentroekin, Berrikuntza eta teknologia zentroei buruzko abenduaren 20ko 2.609/1996 Errege Dekretuaren arabera horrela aitortu eta erregistratuta daudenean, eta, orobat, Eusko Jaurlaritzaren urriaren 1eko 221/2002 Dekretuak araututako Euskal Teknologia Sarean sartutako entitateekin. Azken dekretu horrek egunean jarri zituen Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarea arautzeko oinarrak.

  2. Produkzio prozesuen diseinu industriala eta ingeniaritza. Horien barruan sartuko dira produktu bat fabrikatu, probatu, instalatu eta erabiltzeko beharrezkoak diren deskripzio elementu, zehaztapen tekniko eta funtzionamendu ezaugarriak definituko dituzten plano, marrazki eta euskarriak sortu eta elaboratzea, eta ehunen lagindegiak prestatzea.

  3. Teknologia aurreratua eskuratzea patente, lizentzia, know-how eta diseinu moduan. Zergadunarekin zer ikusia duten pertsona edo entitateei ordaindutako kopuruek ez dute kenkarirako eskubiderik emango. Kontzeptu honi dagokion oinarria ezin da izan milioi bat eurotik gorakoa.

Aurreko paragrafoetan xedatutakoaren arabera egokia den kenkariaz gain, %20ko beste kenkari bat egingo da entitateko langileria gastuengatik, ikerkuntza, garapen edota berrikuntza jarduerei oso-osorik lotutako ikertzaile kualifikatuei dagozkienean.

Gainera, ekitaldian izandako gastuak aurreko bi urteetakoen batez bestekoa baino handiagoak badira, batez besteko horren gainean dagoen soberakinari %20eko kenkari osagarria egin ahal izango zaio.

Ibilgetu material eta ukiezineko elementuetan egindako inbertsioen kasuan –ondasun higiezinak eta terrenoak kanpoan utzita–, kuota likidoak %10eko kenkaria izango du, betiere elementu horiek berrikuntza jarduerei edota ikerkuntza eta garapen jarduerei bakarrik atxikita badaude.

Zer da berrikuntza teknologikoa?

  • Produktu edo produkzio prozesu berriak lortzeko edo jadanik daudenak teknologikoki nabarmen hobetzeko egiten den jarduerari esaten zaio horrela. Jarduera horren barruan sartuko da produktu edo prozesu berriak plan, eskema edo diseinu batean gauzatzea, bideragarritasun azterketak egitea, prototipoak sortzea eta hasierako erakusketarako proiektuak edo proiektu aitzindariak eta ehunen lagindegiak egitea, bai eta aplikazio industrialetarako edo merkataritzako ustiapenerako bihurtu edo erabili daitezkeenak ere.

  • Diagnostiko teknologikoko jarduerak ere haren barruan sartzen dira unibertsitateek, ikerkuntzako organismo publikoek, berrikuntza eta teknologia zentroek (hala aitortu eta erregistratuta badaude) eta Teknologiaren Euskal Sarean erregistratutako entitateek egiten dituztenean soluzio teknologiko aurreratuak identifikatu, definitu eta orientatzeko asmoz, horien emaitzak zeinahi direla ere.

Zer hartzen da berrikuntza teknologikoko gastutzat?

Zergadunak egiten dituenak, baldintza hauek betetzen badira:

  • Gastu horiek berrikuntza teknologikoko jarduerekin zuzenean lotuta egotea.

  • Jarduera horiek egiteko benetan erabiltzea.

  • Proiektuka indibidualizatuta agertzea.

Europar Batasuneko edo Europako Espazio Ekonomikoko beste estatu batzuetan egindako jarduerei dagozkien berrikuntza teknologikoko gastuek ere kenkarirako eskubidea izango dute.

Europar Batasunetik edo Europako Espazio Ekonomikotik kanpoko estatuetan egindako jardueren gastuei dagokienez, kenkarirako eskubidea ere izango dute, baldin eta berrikuntza teknologikoko jarduera nagusia Europar Batasuneko edo Europako Espazio Ekonomikoko estatu batean egiten bada eta gastuen zenbatekoa inbertsio osoaren %25 baino handiagoa ez bada.

Berrikuntza teknologikoko gastutzat hartuko dira, era berean, Europar Batasuneko edo Europako Espazio Ekonomikoko estatu batean jarduera horiek egiteko ordaindutako kopuruak, betiere zergadunaren aginduz ordaindu badira, dela banaka dela beste entitate batzuekin batera.

Berrikuntza ez-teknologikoa:

Zenbatekoa da kenkaria?

Berrikuntza ez-teknologikoko jarduerengatik zergaldian egindako gastuek %15eko kenkaria izango dute, horien xedea ondorengo hau izan bada:

  1. Ondoko hauekin kontratatutako proiektuak: unibertsitateekin, ikerkuntzako organismo publikoekin edo berrikuntza eta teknologia zentroekin, Berrikuntza eta teknologia zentroei buruzko abenduaren 20ko 2.609/1996 Errege Dekretuaren arabera horrela aitortu eta erregistratuta daudenean, eta, orobat, Eusko Jaurlaritzaren urriaren 1eko 221/2002 Dekretuak araututako Euskal Teknologia Sarean sartutako entitateekin. Azken dekretu horrek egunean jarri zituen Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarea arautzeko oinarrak.

  2. Kasuan kasuko jakintza arloan adituak diren zerbitzu aurreratuen enpresekin kontratatutako proiektuak.

Aurreko paragrafoetan xedatutakoaren arabera egokia den kenkariaz gain, %20ko beste kenkari bat egingo da entitateko langileria gastuengatik, ikerkuntza, garapen edota berrikuntza jarduerei oso-osorik lotutako ikertzaile kualifikatuei dagozkienean.

Ibilgetu material eta ukiezineko elementuetan egindako inbertsioen kasuan –ondasun higiezinak eta terrenoak kanpoan utzita–, kuota likidoak %10eko kenkaria izango du,betiere elementu horiek berrikuntza jarduerei edota ikerkuntza eta garapen jarduerei bakarrik atxikita badaude.

Zer da berrikuntza ez-teknologikoa?

Hona hemen zer jarduera sartzen diren teknologikoa ez den berrikuntzan:

Berrikuntzarako diagnostikoak eta planak egitea, berrikuntza kudeatzeko sistemak ezartzea, zerbitzu enpresek pertsonen kudeaketari buruzko esperientzia aurreratuak ezartzeko lanak egitea, enpresaren kudeaketa nabarmen aldatzea dakarten antolaketa eredu berriak hartzea, merkatuan kokatzeko eta jarduteko teknika, metodo eta prozedura berritzaileak aplikatzea, eta enpresa ulertu, eratu eta bideratzeko modu berria, hau da, negozio eredu berria, hartzea.

Zer hartzen da berrikuntza ez-teknologikoko gastutzat?

Berrikuntza ez-teknologikoko gastutzat hartzen dira zergadunak proiektuka banatuta berariaz egiten dituenak, baldin eta artikulu honetan aipatutako jarduerei zuzenean lotuta badaude eta benetan jarduera horiek garatzeko aplikatzen badira.

3. eta 4. apartatuetarako oharra: Zerez da hartzen ikerketa eta garapen jardueratzat edo berrikuntza jardueratzat ?

  • Berekin berritasun zientifiko edo teknologiko esanguratsurik ez dakarten jarduerak. Bereziki, hauek: produktu edo prozesuen kalitatea hobetzeko ohiko ahaleginak egitea, lehendik dagoen produktu bat edo produkzio prozesu bat bezeroak edo araudi aplikagarriak ezarritako beharkizunetara egokitzea, aldizkako edo denboraldiko aldaketak egitea, eta lehendik dauden produktuetan antzeko beste batzuetatik bereizteko aldaketa estetiko edo txikiak egitea, salbu eta oso berrikuntza garrantzitsua egiteko erronka justifikatzen dutenean.

  • Industria produzitu, zerbitzuak hornitu edo ondasun eta zerbitzu banatzeko jarduerak. Bereziki, ondoko hauek sartzen dira: produkzio jarduera planifikatzea; produkzioa prestatu eta abian jartzea, barne hartuta lan tresnen doikuntza eta berrikuntza teknologikoari buruzko 12.6.1.4. apartatuan azaldutakoez bestelako jarduerak; ikerkuntza eta garapen jarduera edo berrikuntza jarduera bezala sailkatutako jarduerei atxikita ez dauden produkziorako instalazio, makina, ekipo eta sistemak eranstea edo aldatzea; etendako produkzio prozesuetako arazo teknikoak konpontzea; kalitatearen kontrola eta produktu eta prozesuen normalizazioa; gizarte zientzien alorreko prospekzioa eta merkatu azterketak; merkaturatzeko sareak edo instalazioak ezartzea; jarduera horiekin loturiko langileak trebatu eta prestatzea.

  • Produktua konplexutasun industrialik gabe aldatzen duten proiektuak.

  • Erakundearen ikurra edo nortasuna kudeatzea.

  • Plan estrategikoak edo antzekoak prestatzeko eta plan horien berrikuspenak egiteko aholkularitza.

  • Plangintzako pakete informatikoak gauzatzeko proiektuak (ERP eta antzekoak).

  • Mineral eta hidrokarburoen miaketa, zundaketa edo prospekzioa.

ERNE: Kenkari hauek aplikatzeko, zergadunek legez erabakitzen den organoak egindako txosten arrazoitua aurkeztu dezakete, zergadunaren jarduerak ikerkuntza eta garapen bezala edo berrikuntza bezala -hurrenez hurren- kalifikatzeko eskatzen diren betebehar zientifiko eta teknologikoak betetzeari buruz. Kasu batean zein bestean, aurreko zazpi paragrafoetan xedatutakoa hartu beharko da kontuan. Esandako txostenean, jarduera horiei egotzitako gastu edo inbertsioen zenbatekoa zehaztu beharko da.

5. Kenkariak garapen iraunkorra, ingurumenaren zaintza eta hobekuntza eta energia iturrien aprobetxamendu eraginkorragoa lortzera bideratutako proiektuekin loturiko inbertsio eta gastuengatik.

Teknologia Garbien Euskal Zerrenda:

Zenbatekoa da kenkaria?

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuaren Aginduak, Teknologia Garbien Euskal Zerrenda onartzekoak, aipatzen dituen ekipo osoetan egindako inbertsioengatik %30eko kenkaria aplikatzen da.

Baldintzak

  • Kenkarirako eskubidea eduki ahal izateko, Teknologia Garbien Euskal Zerrenda onartzen duen Aginduak definitutako ekipo osoetan inbertitu behar da.

  • Inbertsio horiek ibilgetu materialeko aktibo berrietan egin beharko dira, eta enpresaren jardueraren kutsagarritasuna murriztu eta zuzentzea izan beharko dute berezko helburu.

  • Finantza errentamenduko erregimenean egindako inbertsioak kengarriak izango dira.

  • Kenkaria subjektu pasiboak aplikatuko du, eta Zerga Administrazioak hala eskatzen badio, ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, Eusko Jaurlaritzako dagokion Sailak emana, egindako inbertsioak Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuaren Aginduak, Teknologia Garbien Euskal Sarea onartzekoak, aipatzen dituen ekipo osoetan burutu direla frogatzeko.

  • Inbertsioa izan duten aktiboek edo ondare elementuek gutxienez bost urtez (edo, ondasun higigarriak badira, hiru urtez) egon beharko dira funtzionatzen eta ingurumenaren artapen eta hobekuntzari lotuta, haien balio bizitza laburragoa denean salbu. Tarte horretan ezin dira eskualdatu, errentan eman edo hirugarrenek erabiltzeko laga, justifikatutako galerak daudenean izan ezik. Dena den, inbertsioaren xede diren aktiboak epe laburragoan egon daitezke funtzionamenduan, betiere hiru hilabeteko epean haien lekua kenkari hau aplikatzeko baldintzak betetzen dituzten beste batzuek hartzen badute.

  • Epe horretan zergadunak inbertsioaren xede diren ondasunak desafektatu, laga, errentan eman edo saltzen baditu, horrek berarekin ekarriko du kenkaria aplikatzean bere unean ordaindu ez zituen kuotak derrigorrez ordaindu behar izatea dagozkion berandutza interesekin batera. Ezarritako obligazioa bete ez den ekitaldian egingo da ordainketa.

  • Nolanahi ere, iritziko da ez dagoela desafektaziorik inbertsioaren xede diren ondasunak alokatu edo hirugarrenei erabiltzeko laga zaizkienean, ondoko hiru baldintzak betetzen badira: zergadunak, ustiapen ekonomiko bat dela medio, aktiboak alokatzen edo hirugarrenei erabiltzeko lagatzen jardutea, ondasun horien errentari edo lagapen-hartzaileekin loturarik ez izatea, sozietateen gaineko zergaren araudiko 16. artikuluan azaldutako zentzuan, eta finantza errentamenduko eragiketak ez izatea.

  • Orobat, ulertuko da ez dagoela desafektaziorik kenkari honetara bildutako aktiboak hirugarrenei laga zaizkienean legeak hala aginduta.

  • Ez da kenkaria egiteko eskubiderik izango inbertsio berberei beste zerga onura batzuk aplikatzen zaizkienean, honako hauek izan ezik:

    • Amortizazio askatasuna.
    • Amortizazio azkartua.
  • Kenkari hau bateraezina da jarraian arautzen denarekin.

Kutsaduraren eragina murriztu eta zuzentzeko inbertsioak:

Zenbatekoa da kenkaria?

%15 kentzen da inbertsioak honako hauek direnean:

  1. AIbilgetu ukiezineko aktibo berriak eta Euskal Herriko organismo ofizialek onartutako proiektuen ondorioz ekitaldian kutsatu diren lurzoruak garbitzeko gastuak.

  2. Ibilgetu materialeko aktibo berrietan egindako inbertsioak, ondoren adierazten diren helburuetako bat edo batzuk dituzten proiektuak gauzatzeko beharrezkoak badira, betiere garapen iraunkorraren eta ingurumenaren babes eta hobekuntzaren arloan:

    1. Hondakinak minimizatzea, berrerabiltzea eta balioztatzea.

    2. Mugikortasuna eta garraio iraunkorra.

    3. Naturaguneetako ingurumena leheneratzea, konpentsazio neurriak edo bestelako borondatezko ekintzak gauzatzearen ondorioz.

    4. Ur kontsumoa minimizatzea eta ura araztea.

    5. Energia berriztagarriak erabiltzea eta energia eraginkortasunez baliatzea.

Baldintzak

  • Aurreko 1. puntuan aipatzen den kenkaria zergadunak aplikatuko du. Horretarako, Zerga Administrazioak eskatzen dioenean, ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, Eusko Jaurlaritzako dagokion Sailak emana, frogatuta uzteko 1. puntu horretan ezarritako baldintzak betetzen direla.

  • Aurreko 2. punguan aipatzen den kenkaria zergadunak aplikatuko du. Horretarako, eta Zerga Administrazioak hala eskatzen dionean, Gipuzkoako Foru Aldundian edo Eusko Jaurlaritzan ingurumen arloan eskumena duen departamentuaren ziurtagiria aurkeztu behar du, inbertsioek 2. puntu horretan ezartzen diren baldintzak betetzen dituztela frogatzeko.

  • Finantza errentamenduko erregimenean egindako inbertsioak kengarriak izango dira.

  • Inbertsioa izan duten aktiboek edo ondare elementuek gutxienez bost urtez (edo, ondasun higigarriak badira, hiru urtez) egon beharko dira funtzionatzen eta ingurumenaren artapen eta hobekuntzari lotuta, haien balio bizitza laburragoa denean salbu. Tarte horretan ezin dira eskualdatu, errentan eman edo hirugarrenek erabiltzeko laga, justifikatutako galerak daudenean izan ezik. Dena den, inbertsioaren xede diren aktiboak epe laburragoan egon daitezke funtzionamenduan, betiere hiru hilabeteko epean haien lekua kenkari hau aplikatzeko baldintzak betetzen dituzten beste batzuek hartzen badute.

  • Epe horretan zergadunak inbertsioaren xede diren ondasunak desafektatu, laga, errentan eman edo saltzen baditu, horrek berarekin ekarriko du kenkaria aplikatzean bere unean ordaindu ez zituen kuotak derrigorrez ordaindu behar izatea dagozkion berandutza interesekin batera. Ezarritako obligazioa bete ez den ekitaldian egingo da ordainketa.

  • Nolanahi ere, iritziko da ez dagoela desafektaziorik inbertsioaren xede diren ondasunak alokatu edo hirugarrenei erabiltzeko laga zaizkienean, ondoko hiru baldintzak betetzen badira: zergadunak, ustiapen ekonomiko bat dela medio, aktiboak alokatzen edo hirugarrenei erabiltzeko lagatzen jardutea, ondasun horien errentari edo lagapen-hartzaileekin loturarik ez izatea, sozietateen gaineko zergaren araudiko 16. artikuluan azaldutako zentzuan, eta finantza errentamenduko eragiketak ez izatea.

  • Orobat, ulertuko da ez dagoela desafektaziorik kenkari honetara bildutako aktiboak hirugarrenei laga zaizkienean legeak hala aginduta.

  • Ez da kenkaria egiteko eskubiderik izango inbertsio berberei beste zerga onura batzuk aplikatzen zaizkienean, honako hauek izan ezik:

    • Amortizazio askatasuna.
    • Amortizazio azkartua.
  • Kenkari hau bateraezina da gorago araututakoarekin.

6. Kenkaria lanbide heziketako gastuengatik

Zenbatekoa da kenkaria?

Lanbide heziketako jardueretan egindako gastuek %10eko kenkaria dute.

OHSAS 18001 ziurtagiria lortzeko (lan arriskuen prebentziorako kudeaketa sistema bat ezartzeko arau orokorrei buruzkoa) zergaldian izan diren gastuengatik %10eko kenkaria egingo da. Langileak lan arriskuen prebentzio alorrean trebatzeko entitateak egiten dituen gastuei ere aplikatzen zaie kenkaria.

Gainera, ekitaldian izandako gastuak aurreko bi urteetakoen batez bestekoa baino handiagoak badira, %10 kentzeaz batera, beste kenkari gehigarri bat egingo da, hain zuzen ere, honako hau: ekitaldiko gastuei aurreko bi urteetako gastuen batez bestekoa kentzetik ateratzen denaren %15ekoa.

Zer da lanbide heziketa?

Lanbide heziketatzat hartzen da enpresa batek zuzenean edo hirugarrenen bitartez langileak eguneratu, trebatu edo birziklatzeko sustatzen dituen prestakuntza jarduera guztiak, haien jardueragatik edo lanpostuen ezaugarriengatik beharrezkoak direnean.

ERNE: ez dira inolaz ere lanbide heziketako gastuak izango Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren araudian lan pertsonalaren etekintzat hartzen direnak.

Kenkari hau egingo da, baita ere, entitateak bere langileak teknologia berrietan trebatzeko egindako gastuengatik. Gastu horien artean honako hauek sartzen dira: interneteko konexioa egin, erraztu edo finantzatzeko gastuak, eta ekipo informatikoak dohainik edo prezio beheratuekin erosteagatik nahiz maileguak edo diru laguntzak jasotzeagatik sortutako gastuak, baita langileek lantokiz eta ordutegiz kanpo erabili ahal dituztenean ere.Apartatu honetan aipatutako gastuak langileen prestakuntza gastutzat hartuko dira zergaren ondorioetarako, eta ez dute langilearentzako lan etekinik ekarriko.

7. Kenkaria enpresen gizarte aurreikuspeneko tresna gisa diharduten gizarte aurreikuspeneko sistemetara enpresak egindako ekarpenengatik.

Zenbatekoa da kenkaria?

Zergadunak %10 kendu dezake enpresariek langileen alde egotzitako kontribuzio edo ekarpenengatik. Langile bakoitzeko ekarpenaren muga 8.000,00 eurokoa izango da urteko.

Muga

Langile bakoitzeko ekarpenagatik gehienez egin daitekeen kenkaria 8.000,00 eurokoa da urteko.

Baldintzak

  • Kontribuzio edo ekarpenak gizarte aurreikuspeneko tresna gisa diharduten enpleguko pentsio planei, enpresen gizarte aurreikuspeneko planei, Europako Parlamentuak eta bertako Kontseiluak 2003ko ekainaren 3an enplegu pentsioen jarduerei eta fondo ikuskapenei buruz onartutako 2003/41/EE Zuzentarauak jasotako pentsio planei, gizarte aurreikuspeneko mutualitateei edo borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateei egin behar zaizkie, eta zergadunak haien sustatzaile edo bazkide babesle izan behar du.

  • Kontribuzioek edo ekarpenek langileen kolektibo osoarentzat izan behar dute.

  • Kenkari hau ezin da aplikatu kontribuzioak egiteko garaian pentsio planak eta fondoak arautzen dituen Legearen testu bateratuko laugarren, bosgarren eta seigarren xedapen iragankorretan ezarritako araubide iragankorrari jarraitu bazaio, edo martxoaren 18ko 3/2003 Foru Arauak, Errenta Zerga, Sozietateen gaineko zerga, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko zerga, Ondarearena, Oinordetza eta Dohaintzena. eta Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuena aldatzekoak, bosgarren xedapen gehigarrian dioena aplikatu bada.
    Orobat, ez da aplikatuko enplegua murrizteko espediente baten ondorioz langileekin hartutako konpromisoen kasuan.

8. Kenkaria enpresen gizarte aurreikuspeneko sistemei enpresek egindako kontribuzio edo ekarpenak zergaldian gehitzeagatik.

Zenbatekoa da kenkaria?

2007ko urtarrilaren 1ean hasi eta 2011ko abenduaren 31 bitarteko zergaldietan, zergadunek % 50eko kenkaria aplikatu ahal izango dute kuota osoan, langile bakoitzeko 200,00 euroko mugarekin gehienez, enpresen gizarte aurreikuspeneko tresnei zergaldian egindako ekarpenengatik, betiere tresna horiek aurreko 16.6.1.8 apartatuan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Muga

Kenkariaren urteko muga 200,00 eurokoa da langile bakoitzeko.

Kenkariaren oinarriaren osagaiak izango dira:

  • 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera hitzarmen, akordio kolektibo edo antzeko xedapenen ondorioz eratzen diren enpresen gizarte aurreikuspeneko sistemei enpresek egindako kontribuzio edo ekarpen berriak.

  • Dagoeneko existitzen diren enpresen gizarte aurreikuspeneko sistemei enpresek egindako kontribuzio edo ekarpen gehikuntzak, langilearen aldetik aurreko ekitaldikoaren aldean ekarpen handiagoa egitea dakartenean, betiere hitzarmen, akordio kolektibo edo antzeko xedapen bidez ezarritako ekarpen konpromisoen ondorio badira.

Ez dira kenkariaren oinarrian sartuko enplegatzaileak hitzarmen, akordio kolektibo edo antzeko xedapenetan itundutakoen gainetik egindako borondatezko enpresa-kontribuzio edo ekarpenak.

9. Kenkaria enplegua sortzeagatik.

Zenbatekoa da kenkaria?

4.600,00 euro kendu daitezke zergaldian mugagabeko lan kontratuaz kontrataturiko pertsona bakoitzagatik.

Kopuru hori 4.000,00 euro handiagoa izango da, baldin eta kontratatutako pertsona lan merkatura sartzeko zailtasun bereziak dituzten taldeetakoa bada, Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen araudian xedatutakoaren arabera.

Lanaldi partzialeko kontratua duten langileen kasuan, kenkariaren zenbatekoa langileak lanaldi osoarekiko egiten duen lan denboraren arabera kalkulatuko da.

Kenkari hau aplikatzeko, beharrezkoa izango da mugagabeko lan kontratua duten langileen batez besteko kopurua aurreko zergaldikoa baino handiagoa izatea, eta kopuru hori bere horretan mantentzea kenkarirako eskubidea sortu den zergaldia amaitu eta ondorengo bi zergaldietan.

Batez besteko langile kopurua kalkulatzeko, lanaldi partzialean eta urte naturala baino laburragoko aldietarako kontrataturiko langileak, benetan egindako lan orduen kopuruaren proportzioan konputatuko dira.

10. Kenkaria berdintasun planak egin eta ezartzeagatik

Zergadunek %15 kendu dezakete berdintasun planak egin eta ezartzeko gastuengatik, betiere martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorrari buruzkoak, ezarritako planak badira.

11. Apartatu honetan aztertutako kenkarietarako baterako arauak

Aurreko kenkariak aplikatzeko mugak

Sozietateen gaineko Zergaren araudian jasotzen diren zerga onurak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren foru arauan ezarrita dauden muga eta portzentaje berdinekin aplikatuko dira. Hala ere, esan behar da muga horiek Errenta Zergaren kuota osoari aplikatuko zaizkiola jarduera ekonomikoen etekinek –zuzeneko zenbatespenaren metodoan kalkulatuek– osatutako oinarri ezargarri orokorraren zatiarekin bat datozenean.

Jarraian aipatzen diren kenkarien batura ezin da, kasu honetan, kuota osoaren %45 baino handiagoa izan:

  • Kenkaria aktibo finko material berrietan inbertitzeagatik.

  • Kenkaria berrikuntza ez-teknologikoko jarduerengatik.

  • Kenkaria kultur ondarea babestu eta zabaltzeko jarduerengatik eta zinemagintzan nahiz liburugintzan inbertitzeagatik.

  • Kenkaria garapen iraunkorra, ingurumenaren zaintza eta hobekuntza eta energia iturrien aprobetxamendu eraginkorragoa lortzera zuzentzen diren proiektuekin loturiko inbertsio eta gastuengatik.

  • Kenkaria esportazio jarduerengatik.

  • Kenkaria lanbide heziketako gastuengatik.

  • Kenkaria enpresen gizarte aurreikuspeneko tresna gisa diharduten gizarte aurreikuspeneko sistemetara enpresak egindako ekarpenengatik.

  • Kenkaria enpresen gizarte aurreikuspeneko sistemei enpresek egindako kontribuzio edo ekarpenak zergaldian gehitzeagatik.

  • Kenkaria enplegua sortzeagatik.

  • Kenkaria berdintasun planak egin eta ezartzeagatik.

Honako kenkari hauek, ordea, ez dute muga hori:

  • Kenkaria ikerkuntza eta garapen jarduerengatik.

  • Kenkaria berrikuntza teknologikoko jarduerengatik.

Kuota osoa txikiegia izateagatik aplikatzen ez diren kenkariak

Kuota osoa txikiegia izateagatik aplikatzen ez diren kenkariak, hurrengo bost urte jarraituetan amaitzen diren zergaldietako aitorpenetan aplikatu ahal izango dira, baina muga berdinak errespetatuz beti.

Kenkari hauek aplikatzean kontuan hartu beharreko beste alderdi batzuk

Hitzartutako kontraprestazio osoa sartuko da kenkariaren oinarrian, interesak, zeharkako zergak eta horien errekarguak kanpo utzita, horiek ez baitira konputatuko haren barruan, aktiboak edo, hala badagokio, gastuak baloratzeko kontuan hartzea eragotzi gabe.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa hala izanik ere, sortzen diren kostuak baldin badatoz aipatutako kenkariak aplikatzeko eskubidea ematen duten aktiboak desegiteak dakartzan obligazioengatik, kostu horiek ez dira sartuko aurreikusitako kenkarien oinarrian, kontuan izan gabe aktiboak baloratzeko aintzat hartzen diren edo ez.

Errentamendu operatiboen kasuan, errentatzaileak errentan eman duen edo erabiltzeko laga duen elementuan inbertsio bat egiteagatik agerian jartzen diren aktiboek ez dute kenkari hauek aplikatzeko eskubiderik emango.

Kenkariaren oinarria, horrela kalkulatuta, ezin izango da izan merkatuan egoera normalean eta pertsona independenteen artean adostuko zen prezioa baino handiagoa.

Inbertsioak ondasun higiezineibadagozkie, lurzoruaren balioa betiere kenkariaren oinarritik kanpo utziko da.

Halaber, aipatutako oinarritik kendu egingo da, hala badagokio, lehen aipatutako kenkariei dagozkien inbertsioetarako edo jardueren sustapenerako jasotako kapital nahiz ustiapen diru laguntzen gainean ondoko portzentajea aplikatuta ateratzen den zenbatekoa: 100en eta zergadunari aplikatzekoa zaion zerga tasaren arteko diferentzia.

Aipatutako kenkarien oinarriaren barruan sartzen diren kopuru guztiak ibilgetu moduan edo, hala badagokie, gastu moduan kontabilizaturik egon beharko dira, Kontabilitate Plan Orokorreko arauei jarraituz.

Oro har, inbertsioak egindakotzat joko dira funtzionamenduan jartzen diren unean.

Hala ere, epe luzerako inbertsioetan (hamabi hilabete baino gehiago igaro direnean ondasunak enkargatu zirenetik eskuan izan arte) zergadunak erabaki dezake inbertsioa ordainketak egin ahala eta horien zenbatekoaz egindakotzat ematea, inbertsio ondasunen hornitzailearekin kontratua sinatu zen egunean indarrean zegoen kenkarien araubidea aplikatuz.

Aukera horretaz baliatuz gero, inbertsio guztiari aplikatuko zaio irizpide hori.

Aukera horretaz baliatu nahi duen zergadunak Ogasun eta Finantza Departamentuari emango dio horren berri, hilabeteko epearen barruan, kontratuaren datatik aurrera. Jakinarazpenean, kontratatutako inbertsioaren zenbatekoa zehaztu beharko du, baita ondasunak entregatu eta ordaintzeko egutegia ere. Era berean, jakinarazpen horri kontratuaren kopia erantsi beharko zaio.

Bestalde, apartatu honetan aztertutako kenkarien xede diren aktibo edo ondare elementuek gutxienez bost urtez egon behar dute funtzionatzen zergadun beraren enpresan, kenkari bakoitzean aurreikusitako helburuei atxikita, (ondasun higigarriak badira, hiru urtez), ondasun horien balio bizitza laburragoa denean salbu. Tarte horretan ezin dira eskualdatu, errentan eman edo hirugarrenek erabiltzeko laga, justifikatutako galerak daudenean izan ezik. Elementu horiek desatxiki, eskualdatu, alokatu edo lagatzeak, edo adierazitako epea amaitu baino lehenago ezarritako helburuetatik desatxikitzeak, bere garaian egindako kenkariengatik ordaindu ez ziren kuotak —dagozkion berandutza interesekin- ordaintzeko beharra ekarriko du. Berandutza interesak, egoera hori gertatzen den ekitaldiko autolikidaziotik ateratzen den kuotari gehitu beharko zaizkio.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, kenkarigai den inbertsioa gauzatzen den aktiboak hartan ezarritako epea baino denbora gutxiagoz egon daitezke, baldin eta haien ordez, hiru hilabeteko epean, kenkarirako eskubidea kreditatzen duten betebeharrak eta baldintzak betetzen dituzten beste batzuk ipintzen badira.

Nolanahi ere, iritziko da ez dagoela afektaziorik inbertsioaren xede diren ondasunak alokatu edo hirugarrenei erabiltzeko laga zaizkienean, ondoko hiru baldintzak betetzen badira: zergadunak, ustiapen ekonomiko bat dela medio, aktiboak alokatzen edo hirugarrenei erabiltzeko lagatzen jardutea, ondasun horien errentari edo lagapen-hartzaileekin loturarik ez izatea, sozietateen gaineko zergaren araudiko 16. artikuluan azaldutako zentzuan, eta finantza errentamenduko eragiketak ez izatea.

Gastu edo inbertsio berak ezin du berarekin ekarri kenkaria jarduera bati baino gehiagori aplikatzea, ez eta jarduera berean kenkari desberdinak aplikatzea ere.

Hemen aztertutako kenkariak bateraezinak izango dira inbertsio eta gastu berekin loturiko beste edozein zerga onurarekin, amortizatzeko askatasunari eta amortizazio azkartuari dagokienean izan ezik.