Koefiziente murriztaileak (109-2011)
Erregimen iragankor horretan ezarritakoa ez da aplikagarria izango zergadunaren jarduera ekonomikoari atxikita izan diren ondare elementuen eskualdaketetan, jarduera hori beste titularitate batekin egiten jarraitzen bada.
1994ko abenduaren 31 baino lehen eskuratu diren eta jarduera ekonomikoei loturik ez dauden ondare elementuak eskualdatzeagatik lortutako ondare irabazien zenbatekoa ondoko erregela hauei jarraikiz kalkulatuko da:
1.ª) Oro har, foru arau honen IV. tituluko V. kapituluan ezarritakoaren arabera kalkulatuko dira ondare elementu bakoitzerako. Horrela kalkulatutako ondare irabazitik bereizi beharko da zein zati sortu den 2007ko urtarrilaren 1a baino lehen, eta hauxe hartuko da halakotzat: Eskurapen egunetik 2006ko abenduaren 31ra arte (bi egunak barne) igarotako egun kopuruari zergadunaren ondarean egon den egun kopuru osoarekiko proportzioan dagokion ondare irabaziaren zatia.
2007ko urtarrilaren 1a baino lehen sortutako ondare irabaziaren zatia era honetan murriztuko da:
a) Zergadunaren ondarean elementuak izan duen iraupen alditzat honako hau hartuko da: Elementua eskuratu den egunetik 1996ko abenduaren 31ra bitartean igarotako urte kopurua, goitik biribilduta.
Harpidetza eskubideen kasuan, zein baloretatik eratorritakoak diren, horiei dagokiena hartuko da iraupen alditzat.
Eskualdatutako ondare elementuetan hobekuntzak egin badira, elementu horiek ondarean izan duten iraupen aldia honako hau izango da: Hobekuntzak egin diren egunetik 1996ko abenduaren 31ra bitartean igarotako urte kopurua, goitik biribilduta.
b) Eskualdatutako ondare elementuak ondasun higiezinak, horien gaineko eskubideak edo Baloreen Merkatuari buruzko uztailaren 28ko 24/1998 Legearen 108. artikuluan aipatutako entitateen baloreak badira, kanpoan utzita higiezinen inbertsio sozietate edo fondoen kapital sozialaren edo ondarearen akzio edo partaidetzak, murrizpena %11,11koa izango da aurreko letran adierazitako iraupen urteak bitik gora gainditzen diren urte bakoitzeko.
c) Eskualdatutako ondare elementuak Europako Parlamentuaren eta bertako Kontseiluaren 2004ko apirilaren 21eko 2004/39/EE Zuzentarauan, finantza tresnen merkatuei buruzkoan, definitutako bigarren mailako balore merkatu ofizialetako batean negoziatzeko onartutako akzioak badira -sozietate edo entitateen fondo propioetan parte hartzea adierazten dutenak-, kanpoan utzita ondasun higikor zein higiezinetan inbertitzen dituzten sozietateen kapitalaren erakusgarri diren akzioak, murrizpena %25ekoa izango da aurreko a) letran adierazitako iraupen urteak bitik gora gainditzen diren urte bakoitzeko.
d) 2007ko urtarrilaren 1a baino lehen sortutako gainerako ondare irabaziak %14,28 murriztuko dira aurreko a) letran adierazitako iraupen urteak bitik gora gainditzen diren urte bakoitzeko.
e) Aurreko b), c), eta d) letretan adierazitakoaren arabera 1996ko abenduaren 31n hurrenez hurren hamar, bost eta zortzi urteko iraupen aldia duten ondare elementuetatik 2007ko urtarrilaren 1a baino lehen sortu den ondare irabaziaren zatia ez da zergapetuta egongo.
2.ª) 2006ko abenduaren 31 iritsita merkatu arautuetan negoziatzeko onartuta dauden baloreak direnean edo foru arau honen 49. artikuluko 1. apartatuaren a) eta d) letretan aurreikusitako araubidea aplikagarria zaien inbertsio kolektiboko erakundeetako akzio edo partaidetzen kasuan, ondare irabaziak eta galerak foru arau honen IV. tituluko V. kapituluan ezarritakoaren arabera kalkulatuko dira balore, akzio edo partaidetza bakoitzerako.
Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioz ondare irabazi bat lortzen bada, ondoko murrizpenetatik dagokiona egingo da:
a) Eskualdaketa balioa balore, akzio edo partaidetzei 2006ko Ondarearen gaineko Zergan dagokienaren berdina edo handiagoa bada, 2007ko urtarrilaren 1a baino lehen sortu den ondare irabaziaren zatia aurreko 1. erregelan ezarritakoaren arabera murriztuko da. Ondorio horietarako, 2007ko urtarrilaren 1a baino lehen sortutako ondare irabazia honako hau izango da: Balore, akzio edo partaidetzei 2006ko Ondarearen gaineko Zergan dagokien eskualdaketa baliotzat hartuta ateratzen den ondare irabaziaren zatia.
b) Eskualdaketa balioa balore, akzio edo partaidetzei 2006ko Ondarearen gaineko Zergan dagokiena baino txikiagoa bada, ondare irabazi guztia 2007ko urtarrilaren 1a baino lehen sortua dela iritziko da, eta aurreko 1. erregelan ezarritakoaren arabera murriztuko da.
3.ª) Eskualdatutako ondare elementuetan hobekuntzarik egin bada, osagai bakoitzari besterentze balioan zein zati dagokion bereziko da xedapen iragankor honetan xedatutakoa aplikatzeari begira.
