Logotipo de Dantzagunea


Dantzan Ikasi: "Dantza tradizionala ballet akademikoan", Ibis Albizu en Donostia el 9 de marzo

Munduko edozein ballet eskolatan Pas de Basque eta Saut de Basque, euskaldunon izenak daramatzaten urratsak irakasten badira ere, ez dakigu noiz, nola eta zergatik ageri diren dantza akademikoan. Ballet klasikoaren sorreran herri dantzek izan zuten eraginaren inguruan hainbat mito daude; besteak beste Pariseko gorteko lehen balletetan euskal dantzariak eta euskal gaiak presente izan zirela maiz aipatu bada ere, ez dakigu xehetasunez askorik harreman horretaz. Dantzaren historia eta filosofian espezialista den Ibis Albizu ikertzaile santurtziarrak Parisen bertan egindako ikerketetan oinarrituta, dantza tradizionalak ballet akademikoan utzitako arrastoaz eta euskal edota errusiar dantzarien inguruan sortutako mitoez hitz egingo digu honako hitzaldian.

Hitzaldia: Dantza tradizionala ballet akademikoan. Euskaldunak, errusiarrak eta beste zenbait mito

  • Hizlaria: Ibis Albizu
  • Data: 2019ko martxoak 9, larunbata
  • Ordutegia: 11:00 – 13.00 
  • Lekua: San Telmo Museoa, (Zuloaga plaza, 1, Donostia) 
  • Sarrera librea tokiak bete arte
  • Izen-ematea: Asistentzia agiria eskuratzeko egin klik hemen

Euskaldunak, errusiarrak eta beste zenbait mito

Bada balletaren historia zeharkatzen duen zurrumurru bat; haren hastapenetan, errege eta nobleena zen dantza mota honek, berez herriarena zen hizkuntza bere egin eta mugimendurik bereizgarrienak lapurtu omen zizkion. Herri dantzakera hura estilizatu ostean gortean eta antzokietan erakutsi zen mugarik gabeko grina konkistatzailea agertaraziz. Hari honi tira egiteko Ibis Albizu dantzari, ikertzaile eta kritikoa ekarriko dugu Dantzan Ikasira itzalez beteriko eztabaida honen inguruan sortutako mitoak argitara ekartzeko.

Balleta, sorreratik, bere identitatearen inguruko eztabaida batean egon da murgilduta, etengabeko erreferentzia herrikoiei ihes egin ezinda. Eztabaida honetan gaurdaino iraun du tradizionala eta kultu edo landuaren arteko tentsioak: balletaren teknikan bertan ezkutaturik jarraitzen du (non "pas de basque" moduko urratsak euskaldunek ballet europearraren lehen akademikoengan izandako eraginaren zordun liratekeen), eta baita zenbait lan entzutetsutan (balletaren errepertorio zabalean txertatzen diren tradiziozko dantza errusiarrak kasu).

Folklorea eta akademia eskutik helduta iritsi zaizkigu beraz aukeraz betetako abaniko erakargarria agerian utziz, eta une batez afera honetan geldialditxo bat egiteko proposamena luzatu nahi dizugu Ibisek mahai gainera ekarriko digun materiala kontestuan jarriz.  

Ibis Albizu (Bilbo 1987) 

Madrileko Unibertsitate Konplutensean filosofian Doktorea (UCM) da, espezialitate berean lizentzia eta master bi egin ostean. Dantzako ikasketak egin ostean, bere doktoretzarako proiektua erakunde desberdinek lagundu zuten diruz, Ikasleen Erresidentzia entzutetsuak kasu (CSIC). UCMko Filosofia Fakultatean irakasle gisa aritu da eta Paris VIII unibertsitatean edota Garnier-eko Operako (BNF) dokumentazio zentruetan ikerketa egonaldiak egin ditu. Doktoretza osteko ikertzaile gisa Faber Residency moduko erakundeetan egin ditu egonaldiak. Dantzan tituluduna Royal Academy of Dancen, hamaika artikulu idatzi eta hitzaldiak eman izan ditu Frantzia eta Espainiako hainbat lekutan dantzako kritiko modura. "Entreactos. Ensayos de filosofía y danza" liburua argitaratu zuen 2017an. Bere ikerketa harian estetika eta politika uztartzen ditu, eta dantzaren teorian eta modernitatearen eraikuntza kontzeptualean oinarritzen da.

----------------------------------------------------------------------------------

Dantzan Ikasi (dantzanikasi.com), dantza tradizionalaren irakaskuntzan dihardutenen formaziorako Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarritako ekimena da. Jarduera hau, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta San Telmo Museoaren laguntzarekin, Gipuzkoako Dantzagunearen babesean, eta dantzan.com-ek kudeatuta antolatu da.

                   Imagen relacionada

E-mail Imprimir
Miércoles, 13 de Febrero de 2019 12:40