Logotipo de Dantzagunea


Dantzan Ikasi: Ternarios: vals, mazurka, fandango e ingurutxo, el 13 de mayo en Eibar

Hirutar erritmoari eutsi eta haiekin jolastu asmoz antolatu dugu ikastaro berri hau. Aiko taldeko Patxi Laborda eta Sabin Bikandik hirutar konpasa edo ternarioaren inguruan ibilbide interesgarria proposatuko digute. Balsa, mazurka, fandangoa zein ingurutxoaren doinuz jantzita, guztien arteko lotura eta ahaidetasunak, zein desbedintasunak eta berezitasunak azalduko dizkigute.

Egun horietan Utah-ko Unibertsitatetik euskal dantzak ikastera etorritako dantza ikasleak ikastaro trinkoa jasotzen arituko dira gurean eta aukera aprobetxatuz, ikastaro honetan parte hartuko dute haien formazioaren osagarri gisa. Hori dela eta ikastaroan ingelesa eta euskara tartekatuko dira azalpenetan.

Hirutarrak

Gure gorputza bitarra edo bikoa dela esan dezakegu, dantzatzeari dagokionez batez ere, gure oin eta beso biek dantzan duten lanari begira behintzat. Oin bi izanda, hirunaka dantza puntuak antolatzerakoan konplexutasun berria sortzen da eta era berean dantzarako aukera berriak eskaintzen dizkigu erritmo hirutarrak. Izan ere, hirutarrak hor ditugu gure dantzetan, plazan zein oholtza gainean. Bat-bi-hiru, bat-bi-hiru hainbat aldiz errepikatuz, bai dantzarako eta bai dantzan irakasteko ere, egitura hirutarrak ulertzeko herraminta desberdinak eskainiko dizkigute Labordak eta Bikandik.

Ikastaroa: Hirutarrak: balsa, mazurka, fandango eta ingurutxoak

Izen-ematea: Izena-emateko egin klik hemen

Patxi Laborda Larrea (Iruñea 1967)

Dantzari, dantza-maisu, koreografo, gidoilari eta dantza sustatzailea, urteak daramatza Bilbao Musikan helduendako tradiziozko dantzaren irakasle lanetan. Aiko taldean erromeria dinamizatzaile moduan ere aritzen da eta hauekin dantzarako zenbait disko eta DVDren prestaketan eta grabaketan parte hartu du. Dantza tradizionalaren inguruko hamaika ikastaro eman ditu, hango eta hemengo dantza-maisuekin etengabeko hartu emana mantenduz. Neguko folklorean berezitua, hainbat lan egin ditu euskal dantzaz, neguko solstizioaz eta inauterien inguruan. Zenbait aldizkaritarako dantzaren inguruko artikuluak ere idatzi izan ditu, besteak beste 2007ko neguan EDBko Dantzariak aldizkariaren 54. alean argitaratutako "Dantzan irakasten" izenburukoa, edota Euskonewsen jasotako "Euskal plaza dantzen akademizazioaren inguruan" gogoeta. 

Sabin Bikandi Belandia (Galdakao 1965)


Filosofian Doktorea Londreseko unibertsitatean (PhD) eta Etnomusikologian Masterra Goldsmith Collegen. Goi mailako musika irakaslea Donostiako Kontserbatorioko Ohorezko Saria lortuz eta Bilboko Kontserbatorioko Ganbara Musikako Ohorezko Aipamena. Hainbat talde eta erakundetan aritu da 1980. urtetik irakasle edota jotzaile moduan, tartean Musikeneko tradiziozko dantza irakasle moduan ere. Txistulari aldizkariko zuzendaria izan zen (1992-1995). Konpositore gisa, txistu eta tradiziozko musikaren inguruan hainbat musika lan idatzi eta moldatu ditu. 2015. urtean ikuskizun baterako musika konposiziorik onenaren Max saria irabazi zuen. Gaur egun, Bilboko udaleko danbolinteroa da eta Aiko taldeko kidea.
 

Informazioa: Dantzan Ikasi

 

E-mail Imprimir
Jueves, 04 de Mayo de 2017 00:00