Pio Barojaren Zalakain abenturazalea klasikoa baliatu du Juan Antonio Urbeltzek bere ikuskizun berriaren argumentua haritzeko. Narrazio dramatikoa duen dantza ikuskizuna da, eta antzerkiaren alderdia lantzeko Artedrama konpainiarekin elkarlanean ari dira Argiako dantzariak. Ildo horretan, Ander Lipus aktoreak jokatuko du Pio Barojaren papera, eta zuzeneko narrazioa egingo du, donostiar idazle ezagunaren rolean. Harkaitz Cano idazleak egokitu ditu Barojaren eleberriko hainbat pasarte eta gertaera. Hirugarren Karlistadan kokatuta dago kontakizuna, eta haren baitan sortutako gatazkak eta gertaerak irudikatuko dituzte dantzariek.
Ohikoa duen moduan, Euskal Herri osoko dantzariak bildu ditu Argiak ikuskizun honetan. Hala, ondorengo taldeetako dantzariak ari dira prestatzen ikuskizuna Iñaki Arregi, Jexux Larrea eta Fernando Aristizabal dantza-maisuen gidaritzapean: Argia (Donostia), Duguna (Iruñea), Maritzuli (Biarritz), Elai-Alai (Portugalete), Kezka (Eibar), Haritz (Elgoibar), Gure-kai (Deba), eta Arkaitz (Añorga).
Zalakain abenturazalea eleberrian gertatzen den moduan, Martin Zalakainen eta Kattalin Ohandoren maitasun istorioaren harian egituratzen da ikuskizuna. Mikel Urbeltz eta Marian Arregi arduratu dira musika-konposizio eta konponketa guztiak egiteaz; Argiako musikariekin batera ariko dira Ezpelurreko gaiteroak, Dugunako musikariak, eta Plectro soka-taldea. Jantzigintza-lanetan Amaia Bueno ari da.
Mende erdi pasatxoko jardunean, Juan Antonio Urbeltzek eta Marian Arregik ikerketa eta ikuskizunak uztartu dituzte Argia taldearen buruan. 60ko hamarkadan ekin zioten bere ibilbideari, Euskal Herrian herriz herri egindako bilketa eta landa-lan xehe batekin. Horren emaitza izan ziren Dantzak argitalpena eta Euskal Herriko probintzietako dantzei eskainitako ikuskizun monografikoak. Horietako azkena izan zen Zuberoa (1978), eta keinu gisa, orduko kartegile berak egin du Martin Zalakain-en kartela, Tomas Hernandez Mendizabalek.
Jardun-eredu bera mantendu dute gaur arte: dantzaren eta haren sinbologiaren sakoneko ikerketa, eta horien gaineko proposamen eszenikoak egitea. Beti ere, Euskal Herri osoko taldeekin elkarlanean. Ibilbide luze horretan egin dituzte ondorengo ikuskizunak: Irradaka (1987), Zortziko (1988), Alakiketan (1992), Kondharian (1997), Pas de Basque (2003), Axeri Boda (2008), Axuri Beltza (2009), Aunitz Urtez (2011), eta Besta Berri (2012).
Bilboko Arriaga antzokian estreinatuko da ikuskizuna, azaroaren 11n, San Martin egunez. Emanaldi gehiago dituzte aurreikusita, ondorengo datetan:
Informazioa: Dantzan.eus