Datorren abuztuaren 29tik irailaren 1era nazioarteko Tanzmesse Dantza Azoka egingo da Düsseldorfen (Alemania). Europako dantza azoka garrantzitsuenean Etxepare Euskal Institutuak Basque Dance standa antolatuko du berriro ere 2018an, ADDErekin elkarlanean, euskal dantza konpainien sorkuntza artistikoa nazioartean zabaltzeko helburuz.
Tanzmesseko azoka aukera interesgarria izan daiteke dantza garaikidearen munduko konpainia, erakunde, enpresa, eta profesional ezberdinak ezagutzeko, batetik, eta haien ikuskizunak nazioarteko programatzaileei helarazteko, bestetik (Dantza katalogoa zabaltzen ADDEko ordezkariek azokan bertan egingo duten lanaz aparte).
Beraz, Euskal Standa izango dugunez, azokara bertaratzeko asmorik duena Etxepare Institutuarekin jarri behar da harremanetan ekainaren 8a baino lehen, eta gure standaren babespean akreditatzeko gonbidapena bidaliko dugu. Izen-ematearen kostua 125€koa da.
Kontuan izan behar da azokan parte hartzeagatik Etxepareren Nazioarteko Merkatu eta Azoka Profesionaletan parte-hartzeko diru-laguntza eska daitekeela, bidaia, ostatu eta izen-emate gastuei aurre egiteko (gehienez 800 euro), beti ere, deialdiaren baldintzak betez gero. Deialdi hori ekaina amaieran argitaratuko da.
Informazioa: Etxepare