Euskal folklorean doinu eta dantza ezagunik bada Lantzeko zortzikoa da ezbairik gabe horietako bat. 1970. eta 1980. hamarkadetan Euskal Herriko bazter guztietara zabaldu ostean, gerora gure mugak ere gainditu ditu. Dantza arrakastatsu honen ereduaren eta historiaren gora beherak azalduko dizkigu zabalkunde horretan zuzeneko eragile izan den Sabin Egigurenek, Ane Gallok eta Itxasne Ulloak lagunduta.
Ikastaroa: Lantzeko zortzikoa aztergai Bizkai Euskal Folklor Elkartearen eskutik
Izen-ematea: Izena-emateko egin klik hemen
Modu berezian gogoratzen du Lantzen izan zen lehen aldi hura Sabin Egigurenek: Inauterietako astelehena zen eta elurra mara-mara ari zuen. Astelehen horretako goizean zehar oso jende gutxi zegoen Lantzen. Bilboko lagun bat eta biok geunden, biak ala biak Gorantza dantza-taldeko kideak. Jaia nola garatzen ari zen ikusi bitartean, burura etorri zitzaidan nik ere Ijotia hori Bilbon munta nezakeela. Pentsatu eta egin: hainbat urtetan Lantzera egindako joan-etorrietan Fermin Martikorena herrriko danbolinteroari jasotako doinua eta haren semeei ikasitako dantzaren ereduarekin, 1973an Basaurin Euskal Herriko II. Dantza Agerketa Nagusian Lantzeko Ijotiak aurkeztu zituzten jendaurrean lehen aldiz. Gerora arrakasta handiz hainbat lekutara eraman zituzten eta baita propio zortzikoaren ikastarorik eman ere. Besteak beste 1971an iparraldean eman zituen dantza honek lehen urratsak Betti Bettelu eta Thierry Truffauten eskariz Baionan Sabinek berak eman zuen ikastaro batean.
Zenbait hamarkada atzera egin behar dugu, ordea, Lantzeko inauteriak eta bereziki bertako zortzikoaren ibilbidearen arrastoen bila. Aurreko mende hasierakoak dira Lantzeko inauterien inguruko aipamenak folklore zaleen artean. 1936ko altxamendu eta frankisten garaipenaren ostean berriz iritsi zitzaion horri ere etena. Inauteriak ospatzea galerazita ziren hartan, Jose Esteban Uranga eta Jose Maria Iribarren eragileei esker 1944an inauteriok ospatzea lortu zen erregimenaren baimen berezia lortu ostean; ia 30 urtez ospatutako bakarrak izan ziren. Urteak beranduago berriz ere baimen bereziak lortuta, Caro Baroja anaiei esker 1964an Lantzeko inauteriak martxan jarri eta NO-DOarentzat "Para conocer España. El año del pueblo" serierako grabatu ahal izan zituzten. Orduz gero urtero ekin zitzaion inauteriak ospatzeari eta urte gutxiren buruan jai horien oihartzuna zabaltzen joan zen, gaurdaino.
Urte hauetan Lantzeko inauteriak Lantzen bertan herria bera gainditzen duen turismo erakargarri bihurtuta, haren zati dantzatua, zortzikoa, Euskal Herriko hamaika herritako inauterietara hedatu da, gure kulturari dagozkion muga geografikoak ere gaindituz eta haren jatorriaren oroimena desagertzeraino. Zabalkunde horrek eraman duen jatorrizko eredutik aldentzea izango dugu aztergai zuzeneko testigu izan den Sabin Egigurenen eskutik, eta Ane Gallo eta Itxasne Ulloa izango ditu laguntzen ikastaro teoriko-praktiko honetan.
Bittor Olaetarekin eman zituen lehen dantza urratsak hamar urte zituela, eta ondoren ibilbide luze eta oparoa egin du dantza tradizionalaren munduan. Bizi Nai, Gaztedi eta Edurre dantza taldeetan aritu zen, Gorantza taldearen sorreran parte hartu zuen, Filipe Oihanbururen zuzendaritzapean Etorki konpainiarekin aritu zen. Bere ekimenez abiatu eta sortu zen Bizkaiko Dantzarien Elkartea 1968an, eta hortik abiatuta bere gidaritzapean antolatzen joan zen Euskal Dantzarien Biltzarraren lehen egitura Bizkaian, Euskal Herriko Dantza Agerketa sortu, antolatu eta zuzendu zuen 1981 urtera arte bere kolaboratzaileen laguntzarekin, eta Bizkai Euskal Folklor Elkartea sortuta, euskal dantza tradizionalen ikerketa eta irakaskuntzan jardun du buru belarri. Euskal Herriko hainbat dantza tradizional ikus-entzunezko sistemen bidez grabatzen lan erraldoia egin du eta hainbat dantzaren ezagutza sustatzeko argitalpen lanak bultzatu ditu.
1979an Bizkai Euskal Folklor Elkarteko partaide egin zen. Bertan, Sabin Egiguren Apraizen zuzendaritza teknikopean dantza-irakasle gisa trebatu da, besteak beste Betti Bettelu, Xabier Larralde, Patxi Larralde, Patxi Arrikaberri, Jean Marie Elgart, Bittor Olaeta... dantza-maisuekin. 1982tik aurrera euskal dantza tradizionaleko eskolak ematen hasi zen Bizkai Euskal Dantza Tradizionaleko Eskolan, egun zeregin berean dihardu. Elkartean hamaika dantza irakaslerekin trebatu da. Era berean, Bizkai Euskal Folklor Elkarteak egindako kultura-egitasmo guztietan parte hartu du. Irrintzi-txapelketa ugaritan ere hartu du parte hainbat sari eskuratuz.
Hamabost urterekin hasi zen Areeta-Getxoko Berantzagi taldean dantzan. 2006an jaso zuen bere lehen ikastaroa Bizkai Euskal Dantza Tradizionaleko Eskolan eta horrekin batera formazio teknikoari ekin zion Sabin Egigurenen zuzendaritzapean. Etengabeko formazioa jarraitu du bertan. 2008tik dantzako irakaskuntzan dihardu. Bizkai Euskal Folklor Elkartean sartu zenetik, bertan antolatu eta garatutako jarduera guztietan parte hartu du. Gaur egun bertan darrai lanean Sabin Egigurenen zuzendaritzapean.