Joan zen ostiralean hil zen, 34 urterekin Joseba Juarez, Ordiziako dantzaria eta dantza-maisua. Ordiziako eta Beasaingo dantza-taldeetako irakaslea eta dantzaria zen, eta dantzari asko trebatu zituen, baita Goierritik kanpo ere. Hainbat txapelketatan ere parte-hartu zuen. Horregatik pertsona ezaguna eta estimatua zen, Gipuzkoako dantza tradizionalaren komunitatean bereziki.
Joseba Juarez, Ordizian (Argazkia: Dantzan.com)
Urte asko zeramatzan minbizi gogor baten aurkako borrokan. Gaixotasunak ordea, ez zion galarazi Igartzako Dantzen buruzagi izatea, Ordiziako Santaneroen dantzak gidatzea, eta beste hainbat ekitalditan aritzea.
Juarezen heriotzak hunkipen handia eragin du dantzarien artean, eta asko ari dira izaten hura gogoratzeko dolumin-mezuak. Juarez dantzan aritu izandako Aurtzaka eta Amets-bide taldeen oroimen mezuez gain, Dantzan.com webguneak Josebaren profila egokitu du, nahi duenak bere mezua utz dezan.
Joseba Juarezen aldeko elizkizunak gaur, azaroak 10, egingo dira, Ordiziako Andre Mari Jasokundearen Parroki elizan, 19:00etan.