Atzo goizean Huheziko Hezkuntza Graduko ikasleak Dantzagunera etorri ziren. Dantzaren munduan lanean aritzen diren hainbat langilerekin egoteko aukera izan zuten, haien lana gertutik ezagutzeko, eta dantza-produkzioak prestatzeko egunerokoaren errealitatea zein den ikusteko.
Dantzaguneko bulegoetan izan ziren lehenik eta behin, zentroaren kudeaketa eta komunikazioa nola egiten diren ezagutzen. Segidan, aretoz areto, Dantzagunean ohikoak diren jarduerak ikusi zituzten. Dantzaguneko konpainia egoiliarra den Dantzaz Konpainiaren entsegua ikusi zuten lehenik eta ondoren dantzariekin hizketaldia egin zuten. Hala dantzan, nola irakaskuntzan, etorkizun hurbilean profesionalki ariko diren gazteen arteko iritzi-trukaketa interesgarria izan zen, eta balio izan zuen, besteak beste, guztiek dituzten erronkak eta kezkak partekatzeko.
Beren ibilbidea egiten eta sendotzen ari diren bi koreograforekin egoteko aukera ere izan zuten. Igor Calongek eta Izaskun Lapazak, hurrenez hurren, azaldu zuten sormen-lan baten prozesuaren faseak nola gauzatzen diren areto batean sartuta, ordu luzeetako lanean. Huheziko ikasle-taldearen buruan etorri da Eneko Balerdi, irakaslea izateaz gain, dantzaria dena. Besteak beste, nabarmendu zuen dantzaren alor asko bateratzen dituen gune bat izatearen garrantzia.