Maiatzaren 21, 22, 23 eta 24an egingo den 2015eko Umore Azoka – Leioako Kale Artisten XVI. Azokan parte hartzeko proposamen artistikoak bidaltzeko epea ireki dute.
Funtsean, Azokak harrera egiten die kalea adierazpen eta komunikazio artistikorako bide gisa erabiltzen duten konpainia edota artista profesionalen lanei.
(Argazkia: leioa.net)
Kale antzerki, musika, zirku, dantza eta bestelako lanak onartuko dira, izan haurrentzat, familientzat zein helduentzat. Lanek batez ere Estatuan estreinakoak edo 2014 eta 2015ean zehar aurkeztutakoak izan behar dute, eta oso modu positiboan baloratuko da Azokan bertan estreinatzeko proposamena, betiere Azokaren Batzorde Artistikoak behar beste denbora badu estreinu horren kalitatea balioesten duten datuak biltzeko.
Azokak atal berezia du edizio honetan, 2015eko maiatzetik 2016ko maiatzera bitartean estreinatuko diren eta sormen/ekoizpen prozesuan dauden ikuskizunak aurkeztu ahal izateko, konpainien eta kultura eragileen arteko topaketen dinamikaren barruan. Proposamenak Azokaren bulegora bidali behar dira (atal honetan parte hartu nahi dela garbi azalduz) konpainiek egoki ikusten duten dokumentazio guztiarekin batera, eta aurkezpen proposamena azalduz (minutu gutxiko eszenatoki gaineko aurkezpena, showcasea, work in progress, komunikazioa).
Interesatuta dauden konpainiek 2014ko azaroaren 17tik abenduaren 21era bitartean eman behar dute izena Umore Azokaren webgunean. Han aurkituko dituzte parte hartu eta proposamenak bidaltzeko baldintzei buruzko argibide guztiak.
Informazio-iturria: Umore Azoka (Leioa)