Dantza tradizionaleko formaziorako Dantzan Ikasi programaren barruan, Antton Luku antzerkigile, dantzari eta ikertzaileak hitzaldia emango du Koldo Mitxelenan datorren abenduaren 12an, "Dantza libertitzeko?" izenburuarekin. Bere azken ikerketei buruz hitz egingo du. Besteak beste, diziplina artistikoen arteko zatiketari buruz, eta dantzaren eta dantza-taldeen funtzioari buruz ariko da.
Dantza, antzerkia, bertsolaritza, musika... sorkuntza eta jalgitzea, arte-drama du aztergai Antton Lukuk Libertitzeaz (Pamiela, 2014) lan mardulean. Libertimenduetan eta maskaradetan, dantzariak, bertsolariak, aktoreak eta musikariak, denak antzerki baten zerbitzura antzematen ditu, elkar-osatuz, erritual beraren aktore, personaia sozial baten atal. Sorkuntzarako tradiziora jo, erritualen metaforak ulertu eta kodeak ezagutu beharra aldarrikatzen du Lukuk.
Euskal arte-dramaren inguruko gogoeten aurrean, dantzarioi sortzen zaizkigun galderak eta kezkak helarazi dizkiogu Antton Lukuri. Libertimendu, tobera eta maskaradek osatzen duten arte-drama egitura tradizional horietara hurbilketa egitea galdegin diogu. Bereziki libertimenduaren inguruan landutako bideaz eta bide horrek eskaini dizkien irakaspenetaz galdetu diogu.
Alorren zatiketa eta banaketa, eta horiek berriz gorputz berera ekartzeko ahaleginez hitz egiteko eskatu diogu; alegia, dantza, antzerkia eta bertsolaritza zatika elkarrengandik banantzeak ekarri diguna, eta bakoitzari ekarri dionaz. Funtsean, gure gizartean dantzaren eta dantza taldeen funtzioaz hitz egitea proposatu diogu Antton Lukuri, kultura eta folklorizazioaren arteko tira-biraz.
Antton Luku (1959)
Irakaslea da ogibidez Antton Luku eta euskara irakasle aritzen da Garaziko lizeoan. Dantzari luzaro arituta antzerkian dihardu azken hamarkadetan, antzerkia idatziz eta plantatuz. 2008an Juan Zelaia saiakera-saria irabazi zuen Euskal kultura? lanarekin. Bertan begirada zorrotza eskaini zion euskal kulturaren erakundetzeari eta baita, besteak beste, dantzaren konplexuei ere.
Libertitzeaz liburua antzerkilariaren ohar-bilduma dela dio Lukuk, baina ohar horietan euskal antzerki tradizionalaren ezaugarri eta balioen bistaratzea gain, egungo dantza, antzerkia eta bertsolaritzaren azterketa ere bada. Euskal kulturan maiz ageri zaizkigun konplexuak agerian utziz, arte-dramaren funtzio eta metaforen arrastoa galduta dabilen arte eszenikoaren kritika, eta bide berrietarako baliabide erakustea da Lukuren lana. Dantzari hasitakoa da Luku, eta dantza emozioz eta kezkaz behatzen du. LIbertitzeaz liburuaren harira esanak ditu "Dantza ikasi dugularik, munduari so egoteko modu bat transmititu digute" edo baita "Gimnasia besterik ez bada, dantzak bere erranahia galtzen du" moduko esaldiak.
Informazioa: Dantzan Ikasi