Duela hilabete amaitu zen Sortutakoak 6 deialdian izena emateko epea. Aste honetan erabaki du epaimahaiak zein izango diren datozen hilabeteetan Dantzagunean egonaldi bat egingo duten proiektuak: Izaskun Lapazaren Ehundurak eta Ibon Salvadorren huts – artean, hain zuzen ere. Egonaldiaz gain, beren sormen-prozesua dibulgatzeko jarduerak egingo dituzte, eta udaberrian ikusi ahal izango dugu egindako lanketaren emaitza.
Hogeita hiru proiektu aurkeztu dira seigarren edizio honetara, eta aurkeztutako lanen batez besteko kalitate ona azpimarratu dute epaimahaiko hiru kideek: Iratxe Ansa koreografoa eta dantzaria, Olatz Azkue Zarauzko Udaleko kultur teknikaria eta programazio-arduraduna, eta Ana Remiro, dantzaren munduko hainbat alorreko profesionala.
Garapen luzeko bi proiekturen faseak prestatuko dituzte Sortutakoak 6 programako egonaldietan. Batetik, ikus-entzunezkoak eta testurak lantzen ditu Ehundurak proiektuak, hainbat materialek sortarazten dituzten emozioak eta plastikotasuna zehazki. Bestetik, Jorge Oteizaren espazioaren inguruko hausnarketa metafisikoei buruzko lana da huts – artean. Laguntza ekonomikoaz gain, aholkularitza teknikoa jasoko dute bi proiektuek, eta oraindik zehaztu gabe dagoen data batean egingo da erakustaldia.
Dantzagunetik eskerrak eman nahi dizkiegu partaide guztiei. Aurkeztutako proiektuen kalitate onarekin batera, proiektuon kopuru altua nabarmendu genuke, eta hainbatek adierazi digute egitasmo berriak dituztela pentsatuta datorren ediziorako. Dagoeneko prestatzen ari gara, eta aurrerago izango duzue horren berri.