Abenduaren 26tik 30era egin ziren Dantzagunean Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak antolatzen dituen ikastaroak. Urtero moduan, arrakastatsuak izan ziren eta, denera, ehundik gora ikasle aritu ziren goizetik gauera, hainbat ikastarotan. Hiru dantza-mota landu dira aurten: ballet klasikoa, dantza garaikidea eta flamenkoa.
Goizetan ballet klasikoaren oinarriak sendotzen aritu ziren hamarnaka gaztetxo Uxua Bonafonte irakaslearekin. Uneoro lagundu zien Alberto Sagardiak pianoan, dantzariei adi begira, erritmo egokia sortzen. Postura zuzenketak, urratsak fintzea... Ballet klasikoaren teknikaren sekretuak ikasten aritu ziren dantzari gaztetxo asko, eta haiekin batera, Gabonetan erritmorik ez galtzeko, hainbat dantzari ere klaseetan aritu ziren dantzan, gaur egun Canadan dantzan ari den Amets Santxez, edo Dantzaz Konpainiako dantzariak kasu.
Eguerditik aurrera, Lali Ayguaderekin dantza garaikidearen txanda izaten zen. Dantzan eta sorkuntzan ibilbide luzea egin duen kataluniar dantzaria da Ayguade, eta gorputzaren bidez komunikatzeko hainbat teknika eta mugimendu ikasten aritu ziren.
Kelyan Jimenezen klaseak Dantzagune osoan izan zuten oihartzuna, bere klaseetako takoi-hotsaren energia eraikin osoan barreiatzen baitzen. Iluntzean hasita, lurra indartsu kolpatzen aritu ziren, flamenkoaren eta irakasleak berak transmititutako bizitasunarekin.
Ikastaroetan ateratako argazkien aurrerapen bat baduzue gure Facebookeko orrian, eta aurki argitaratuko sorta zabal bat.