Iazko udazkenetik elkarlanean ari dira Eresbil eta Dantzagunea, Gipuzkoan dantzaren dokumentazio-zentroa martxan sortzeko. Azken urteotan ikusitako gabezietako bat da egiten diren proiektuen, sorkuntzen, ikuskizunen, eta abarren inguruko informazio falta. Lehen urrats gisa, konpainiei, taldeei, dantzariei, eta abarrei informatu nahi diegu eskura dituztela Eresbileko artxibo eta kontsulta zerbitzuak. Eskertuko genieke dantza-erakundeei edota dantzariei han uztea argitaratutako dokumentuen kopiak, katalogatzeko eta kontserbatzeko: esku-orriak, kartelak, liburuak, argazkiak, etab. Era berean, Eresbileko artxiboan (dantzari buruzko liburu-sorta oparoa dauka dagoeneko) nahi duenak kontsulta ditzake materialok. Dokumentazio-zentroa egituratzen doan neurrian, hedatuko dugu hango zerbitzuen eta berrikuntzen informazioa.