Logotipo de Dantzagunea


Arregi, Urbeltz, Zabaleta, Arrieta eta Filgueira 2015eko Gipuzkoako Dantza Sariak

Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak ematen dituen Dantza Sarien 13. edizioan Aitor Arrieta, Asier Zabaleta, Merche Filgueira, Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregi sarituko dituzte aurten. Dantzaren hilabetea amaitzear dagoela, apirilaren 25ean, larunbatean, egingo dute Dantza Sarien ekitaldia Donostiako Udalaren Batzar Aretoan arratsaldeko 17:00etan. Ikerkuntza saria emango den lehen aldia da gainera eta hau jasotzen lehenak Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregi izango dira, euskal dantza tradizionalaren ikerkuntzan egindako lanagatik.

Hona Gipuzkoako Dantza profesionalen Elkarteko kideek ezagutzera eman dituzten sarituen biografia laburtuak:

Marian Arregi eta Juan Antonio Urbeltz, Ikerkuntza Saria: Argia taldeko musika zuzendari moduan ezaguna da gaur egun Marian Arregi, baina dantzari aritutakoa da gaztetatik. Lehenengo Goizaldi dantza taldean hasi zen dantzatzen eta ondoren 1966. urtean, Argia dantzari taldean dantzaren eta musikaren ikerketa eta emanaldietan hasi zen gaurdaino horretan segiz. Musikari moduan Argiaz gain Benito Lertxundiren taldean jo zuen hainbat urtez, zenbait diskotan partaide izanez. Bestalde, Juan Antonio Urbeltz Iruñean jaio zen 1940ean. Goizaldin dantzari aritu ondoren Argia taldean heldu zion ikerketa eta zuzendaritza lanari 1966. urtean. Argia taldearekin, ondare zabala osatzen duten hamaika dantza eta melodia bildu dituzte. Ekarpen handia egin diote folklorearen ikerkuntzari 1978an argitaratutako Dantzak liburutik hasi eta hamaika hitzaldi, irrati-programa, egunkarietako artikulu, disko-edizio eta abarretan parte hartuta. 1988an Zortziko ikuskizuna estreinatu zuten eta 1989an Muriska balleta bertan sartu ondoren, ikuskizunak Alakiketan izena hartu zuen. Ondoren etorri dira Kondharian, Pas de Basque, Axeri-Boda edo Besta Berri ikuskizunak, besteak beste.  Egindako argitalpenen artean aipatzekoak dira Bailar el Caos. La danza de la osa y el soldado cojo (1994), edo Euskal dantza: sinboloen inguruan (2001). 

Aitor Arrieta, Errebelazio Saria: Errenteria, 1994. Espainiako dantza konpainia nazionaleko dantzaria. Errenteria Musikalean hartu zituen bere lehen dantza klaseak, gero, Mentxu Medelen Thalia Dantza Estudioan jarraitu zuen 2008tik 2010era. Dantza solte eta aurresku txapelketetan zenbait txapelkia irabazita Madrilera jo zuen, dantza klasikoko egitera Mariemma Musika eta Dantza Erret Kontserbatoriora jo zuen. Kukai konpainiarekin ere aritu da eta 2013ko Biarritzeko Nazioarteko Dantza Txapelketan pas de deux Urrezko Domina lortu zuen. 2013ko irailean, Espainiako dantza konpainia nazionalean sartu zen eta bertan Sonatas, Allegro Brillante, Holberg Suite, Raymonda eta Delibes Suite dantzatu ditu. 2014an, Euskaldunak eta Dantza 10. jaialdian parte hartu zuen.

Asier Zabaleta, Ibilbide Artistikoaren Saria: Ezkio, 1972. Koreografoa, dantzaria eta Ertza konpainiaren zuzendaria da. Zabaleta dantza tradizionalaren barruan hasi zen dantzan eta dantza garaikidearekin jarraitu zuen. Iñaki Landaren eskutik aritu zen dantza garaikidean formatzen. 1994tik interprete gisa parte hartu du Arteszena, Adeshoras, Compañía de Vicente Saéz, Hojarasca, Q-ro y cía eta Maskarada konpainietan. Gero Suitza-ko Alias konpainiako kide izan da. Talde horrekin, sei antzerki-dantza lanen sortze lanetan eta beste hainbat proiektu paraleloetan ere parte hartu du, hala nola filmak, erakusketak, inprobisazioak, etab. 1999an bere lehen lana egin zuen koreografo bezala Danada. Euskal Herrira itzulita, koreografo lanean jarraitu eta Ertza Konpainia sortu zuen. Ego (2003) lanarekin, 10MasDanza Gran Canaria-ko festibalean lehen saria irabazi zuen. Beste lan batzuk ere saritu dizkiote: hiru sari Madrileko XXII. Certamen Coreográfico-an (2008), edo Leioako Umore Azokan 2013ko Euskal Ikuskizunik Onena lanaren sariarekin. Atzerriko konpainientzat ere zenbait lan sortu ditu Chelyabinsk Contemporary Dance Theatrerentzat (Errusia) esaterako. Honekin 2011 koreografia onenaren Chelyabinsk saria irabazi zuen eta Golden Mask sarietarako koreografo onena eta ekoizpen onenaren hautagaitza zerrendetan izan zen.

Merche Filgueira, Dedikazio Saria: Donostia, 1950. Dantza Maistra da Klasiko espainiarrean, Bolero Eskola eta Dantza Latino eta Saloikoetan. Merche Filgueira 9 urte zituenean hasi zen dantza munduan Milagros Escudero Maistraren eskutik. Dantza tradizionala, Ballet klasikoa eta solfeoa, aldi berean ikasi zituen Donostiako Kontserbatorioan. Bautista Cerdanekin jarraitu zituen bere ikasketak. Arriman konpainiarekin udaldiko birak egin zituen eta gerora Bartzelonako Fané eta Madrilgo Karen Taft, eta Amor de Dios-en eskoletan flamenko ikasketak, saloiko eta dantza latinoak jaso zituen. Dantza irakasle ibilbidea 1987an Irungo “Merche eta Carlos” eskolan hasi zuen gero Dantzakan, Errenterian eta Irunen jarraitu zuen. Epaile lanetan parte hartu du Lehiaketa Latinoetan Santanderren eta Parisen Frantziako Dantza Retro txapelketan. Merche Filgueira Torremolinosko Dantza Retroaren Federazioko ohorezko kide da 1998-tik eta Gipuzkoako Dantza Profesionalen lehendakaria ere izan zen.

Dantza Sarien XIII. Ekitaldiari buruzko datuak:

  • Antolatzailea: Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkartea.
  • Sarituak: Aitor Arrieta (Errebelazio Saria), Asier Zabaleta (Ibilbide Artistikoaren Saria), Merche Filgueira (Dedikazio Saria), Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregi (Ikerkuntza)

Informazio-iturria: Gipuzkoako Dantzako Profesionalen Elkartea

E-posta Inprimatu
Osteguna, 2015(e)ko apirila(r)en 23-(e)an 12:13etan