Max sariak eskuratu ditu Kukai dantza konpainiak Gelajauziak lanagatik zituen bi izendapenetan. Atzo Bartzelonako Barts Arteoan egin zen sari-banaketan Eneko Gil, Ibon Huarte, Alain Maya, Jon Maya, Urko Mitxelena eta Nerea Vesga Kukai dantza-konpainiako dantzariek dantza-interpreteen talde onenaren saria jaso zuten eta aldiz,Sabin Bikandik musika onenaren saria jaso zuen. Arte Eszenikoen arloan urtean izandako lan eta profesionalak saritzen dituzte Max sariek eta aurtengoa XVIII. edizioa izan da.
Kukai dantza konpainiako dantzariek ingurukoak, Cesc Gelabert koreografoa, konpainiako gainontzeko kideak, Tanttaka teatroa eta Nestor Basterretxea izan zituzten gogoan. Azken hitzetan herri bakoitzaren identitate, kultura eta sustraiak aldarrikatu zituzten Jon Mayak, ezberdintasunak egiten baitu "mundu zoro honetan aurrera egitea".
Sabin Bikandirekin batera Iñaki Salvador euskalduna zegoen izendatuta Zazpi aldiz elur, Mikel Laboa Elurretan lanagatik eta baita Alberto Garcia ere L’Eclipsi lanagatik. Bere esker hitzetan Sabin Bikandi danbolin-jole bizkaitarrak Xabier Erkizia lankidea, bizitzan inguruan izan dituen emakumeak eta Kukaiko gainontzeko lagunak izan zituen gogoan. "Dantza egiteko jotzea den lanbide zahar horretan" diharduten danbolindari eta musikariei esker ona adierazi zien bere azken hitzetan.
Kukai dantza konpainiak 2009an ere jaso zuen Max saria, kasu horretan errebelazio saria izan zen dantza taldeak Tanttakarekin batera egindako Hnuy Illa ikuskizunagatik jaso zuena. Aurretik ere Max sarien finalean izanak ziren gainera, 2003an 1937, gogoaren bidezidorretatik ikuskizunarekin hain zuzen ere.
Informazioa: Max Sariak 2015