Logotipo de Dantzagunea


Ireki dira Dantzertiko ateak

Atzo goizean ireki zituen ateak Dantzertik, Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolak. Aste honetan zehar ikasleek lehen klaseak jaso badituzte ere atzo goizean egin zuten irekiera ekitaldi ofiziala Dantzertiren egoitzan, Bilboko Juan Crisostomo kontserbatorioan.

Hezkuntza, kultura eta politikaren alorreko hainbat lagun batu zituen atzo Dantzertiren irekiera ekitaldiak. Dantzak, antzerkiak eta agintarien hitzek protagonismoa izan bazuten ere egoitza berriaren egitura eta ekipamenduak ezagutzeko aukera ere izan zuten bertara hurbildutakoek. Antzerkiarekin hasita Markeliñe izan zen Dantzertiko eszenatokia lehenengoz okupatu zuen konpainia eta honen emanaldiaren ostean hartu zuen hitza Ekaitz Gonzalezek, Dantzertiko zuzendari donostiarrak. Iñigo Urkullu lehendakariak eta Danza 180º konpainiak ere parte hartu zuten irekiera ekitaldian.

Ekaitz Gonzalez zuzendariak bertara hurbildutakoak eta agintariak agurtu ostean Dantzertiren gauzatzerako bide luzeari erreparatu eta ilusioz azaldu zituen hemendik aurrerako helburuak: Arte eszenikoetan profesionalak heztea, beraien ikasketak burututakoan sektore profesionalera pasatzeko aukera izan dezaten. Horretarako sektoreko profesionalak kontutan hartuko direla azaldu zuen Gonzalezek, bidelagunak direlako, ikasleak sektorearekin harreman estuan egon beharko direlako. Helburuekin batera promesa bat ere egin zuen: fin-fin lan egingo dugu, ez dakiguna dakienari galdetuaz eta akatsetatik ikasiaz. Horretarako antzerki eta dantza alorreko Goi mailako profesionalen laguntza izango dute, ikasleek haien jakituriaz goza dezaten. Horrela Karmele Aranburu aipatu zuen arte dramatikoaren alorrean, Jon Ugarriza dantza klasikoan eta Iratxe Ansa, aldiz garaikidean.

Iñigo Urkullu lehendakariak ere hitza hartu zuen Dantzerti Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolaren irekiera ekitaldi honetan, baina aurretik Danza 180º konpainiaren emanaldia izan zen ikusgai. Aurtengo ikasturtean 25 ikasle izango ditu Dantzertik, 15 arte dramatikoko modalitatekoak eta 10 aldiz, dantzakoak.

Informazioa: Dantzan.eus

E-posta Inprimatu
Osteguna, 2015(e)ko iraila(r)en 24-(e)an 10:59etan