Dantzan Ikasi egitasmoaren barnean, euskal dantza tradizionaleko irakasleei eskainitako hiru ikastaro berri proposatzen ditugu 2011 urteko maiatza eta uztaila bitartean: Ingurutxoak, musika eta dantza eta haur folklorea dira bertan landuko diren gai monografikoak. Ikastaroak gidatuko dituzte hurrenez hurren: Ikerfolk elkarteko Juan Antonio Urbeltz, Aiko elkarteko Sabin Bikandi eta Emilio Xabier Dueñas eta Josu Erramun Larrinaga.
Izen-ematea eta informazio gehiago
Dantzan Ikasi
Helbide elektroniko honek spam bot-en kontrako babesa du. Ikusteko Javascript-a aktibatu behar duzu
Tfnoa. 943 53 04 40
Beharrak eta lanak
Ikastaro eskaintza, curriculuma, eta ikasketa arautu batzuk bultzatzeko beharrari buruz galdera luzatu diegu Dantzan Ikasiko jardueretan parte hartzen duten dantzari eta dantza irakasleei. Guztira 66 lagunek erantzun dituzte gure galderak. Inkestan parte hartutakoen %80k positiboki baloratu du Dantzan Ikasiren ikastaro eskaintza, %15ek interesgarritzat jo arren ikastaroetan parte hartzea ezinezkoa zaiola aitortu du eta %6k ikastaro eskaintza hobetu daitekeela uste du.
Dantza tradizionalen ikasketen curriculum proposamenari buruz, %54k erantzun du ez duela astirik hartu dokumentazioa aztertzeko, %25ek irakurri du eta ongi baloratu du. Inkestari erantzun dietenen artean, %91ak dantza tradizionalari buruzko ikasketa arautu batzuk eta titulazio bat martxan jartzea beharrezkoa iruditzen zaiola erantzun du. Eta %80ak, horrelako titulazio bat martxan jarriko balira eta aukera izango balu ikasketak egiten saiatuko litzatekeela esan digu.
Formazio sendo baten beharra
Dantza tradizionalaren formazioan ditugun egiturazko gabeziak nola zuzendu aztertzerakoan, ikasketa formal batzuk eta titulazio bat bideratzeko interesa antzeman dugu bateko eta besteko eragileekin izandako harremanetan. Ikastaro solteekin hainbat konpetentzia eta ezagutza lantzeko aukera izaten da, baina formazio gabezia egiturazkoa da, eta horrek ikasketa prozesu trinko eta osatuago bat eskatzen du.
Euskal dantza tradizionalaren formazioari buruz ditugun kezkak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailarekin konpartitu ditugu. Hezkuntza saila Arte Eszenikoen Goi Mailako eskola, Eszenika, martxan jartzeko lanean buru-belarri dabil. Bertan, antzerkia, arte eszenikoen teknikaritza eta dantza garaikidea ikasi ahal izango dira. Horiekin batera, eskola horretan dantza tradizionaleko ikasketak eskaintzeko aukeraz mintzatu gara. Oraingoz Hezkuntza sailak ez du horrelakorik aurreikusten.
Dantza tradizionaleko ikasketei buruz, Hezkuntza sailak interesgarritzat jotzen du gaia, baina lau urteko ikasketa trinko eta itxiaren ordez, ikasketa eredu ireki eta malguago bat aztertzen ari dira Hezkuntza Saileko aholkulariak. Zentro bakar batean zenbait urtez ikasketak egiten egon beharrean, han eta hemen curriculum bat osatzen joateko aukera emango lukeen ikasketa eredu ireki bat dute buruan. Hori praktikan nola gauzatu daitekeen eta lege aldetik nola babestu daitekeen aztertzen ari dira.