Irailaren 22tik 25era Atlantikaldia jaialdia antolatuko da hirugarren urtez. Errenteria kultur topagune eta musika jaialdi bihurtuko da. Atlantikoko herri bat, Errenteria, munduko kulturen topagune eta eszenatoki bihurtuko da. Jaialdiak dantzari ere eskainiko dio toki nabarmena. Aipatzekoa da Tosta Bandaren emanaldia, bertan hartuko baitu parte ekainean Gipuzkoako Dantzagunean egonaldia egin zuen Sophie Stephenson dantzari eskoziarrak.
Munduko txoko ezberdinetako musika entzungo da lau egunez, doinu anitzak itsasoak lotzen dituen kontinenteetatik etorriak. Errenteriak bere iraganarekin bat egin nahi du, itsasoari begira dagoen herria izaki, itsasoak eman dion guztia ahora ekarri nahi da orain. Alegia, errenteriarrek garai bateko historia ondo ezagutu eta Atlantikoarekin izandako lotura gogora ekarri.
Lau egunez jai giroa nabarmenduko da Errenteriako kaleetan. Musika emanaldiak, erakusketak, artisau-azokak, dantza emanaldiak, bisita gidatuak, jolasak, herri bazkaria, estropadak, … Itsasoa jaialdiaren konexio puntu izanik, ez da kasualitatea Errenteria Atlantikoak dakarren kultura-zabalaren eszenatoki izatea. Esaterako: Errenteriatik Quebecera hainbat ontzi abiatzen ziren baleak arrantzatzera eta hori benetako gertakizuna da. Horrelako, istorio asko daude eta Atlantikaldia horren aitorleku izango da.
Errenteriarren parte hartzea ezinbestekoa izan da jaialdia antolatzerakoan, ekintza bakoitzaren atzean eragile ezberdinen ideiak baitaude eta horrek are eta partehartzaileagoa egiten du Atlantikaldia. Herritik sortu den jaia izan da eta horrek egiten du berezi jaialdia.
Informazioa: Atlantikaldia