Datorren urriaren 11, ostiral honetan, ESZENIKA-ren aldeko Plataforma Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean agertuko da.
Ihaz azaroan ESZENIKA proiektua bertan behera geratzen zela jakin genuen. Hortik hona ESZENIKA-ren aldeko Plataformak Arte Eszenikoen Goi Mailako Zentroaren aldeko bere lanarekin jarraitu du azken hilabeteotan. Batetik, Plataformak erakunde eta kide gehiago hartu ditu bere baitan; eta bestetik, hainbat instituzio eta ordezkari publikoen aurrean Goi Mailako Zentroaren beharra eta garrantzia defendatzen jarraitu egin du. Izan ere, aurtengo ekainean Plataformak Eusko Legebiltzarrean dauden bost Legebitzar-taldeekin banan-banakako bilerak izan zituen. Bilera horien ondorioz, ESZENIKA-ren aldeko Plataformak datorren ostiralean, urriaren 11n Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean bere agerraldia egiteko aukera izango du. Plataformaren izenean ordezkari gisa bertaratuko direnak Alicia Gomez, Gabriel Ocina eta Santiago Burutxaga izango dira. Horretaz gain, aurtengo lehen seihilekoan zehar
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultur Sailari gure elkarlanerako borondatea eta jarrera adierazi genion. Joan den uztailaren 11n Plataformako eta Departamentuaren ordezkarien arteko lehen bilera bat gertatu zen eta gaur egun bigarren bilera baten zain gaude. Bai legebiltzar-talde desberdinak, bai Hezkuntza Saila, Arte Eszenikoen Goi Mailako Heziketaren ezarpenaren alde azaldu dira. Bestalde, bere apirilaren osoko bilkuran, Bilboko Udalak proposamena onartu zuen Eusko Jaurlaritzak 2006ko Arte Eszenikoen Goi Mailako Zentroaren sorrerari buruzko Euskal Parlamentuaren erabakia bete dezan.
ESZENIKA-ren aldeko Plataformatik hasitako ikasturtea aukera bezala hartzen dugu, eta baita ere hitzetatik gertaeretara pasatzeko momentua bezala.
|