Logotipo de Dantzagunea


2019ko udazkenean Montrealgo Ecole de Danse Contemporainen dantza garaikideko sorkuntza-egonaldia

Gipuzkoako Dantzaguneak Quebeceko Montreal hirian pieza koreografiko bat prestatzeko egonaldirako deialdia egiten du, Montrealgo Ecole de Danse Contemporainekin (EDCM) eta Quebeceko Conseil des arts et des Lettresekin (CALQ) elkarlanean.

Deialdiaren helburua da, eta EDCMk eta CALQek martxan duten programaren barruan, Euskal Herriko koreografoei beren lana nazioartean garatzeko eta ezagutarazteko aukera ematea, eta profil profesionala sendotzea.

Aukeratutako koreografoak 2019ko udazkenean Montrealgo Dantza Garaikideko Eskolan egonaldi bat egingo du, eta 30 minutuko koreografia bat sortuko du, goi mailako dantza ikasketak amaitzen ari diren 15/20 dantzarirekin.

Egindako lana 2019ko abenduaren 11tik 14ra egingo den Les danses de la mi-chemin jaialdian aurkeztuko dute, Montrealgo Wilder eraikineko Orange espazioan.

Bi lurraldeotako kolaborazio-lan honi esker, quebectar koreografo batek egonaldia egingo du Euskal Herrian, Dantzaz konpainiarekin Gipuzkoako Dantzagunean eta Tabakaleran.

Proiektuak aurkezteko epea martxoaren 10eko 23:59an bukatuko da.

Helburuak

Gipuzkoako Dantzagunearen egonaldi-programa honek ondorengo helburuak ditu:

  • Artisten garapen profesionala sustatzea, eta beren lana hedatzea.
  • Artistei kultur garapenerako tresna berriak ematea.
  • Gipuzkoako eta beste kulturetako sortzaileen arteko elkartrukea sustatzea.
  • Gipuzkoar artistak eta beren lana nazioartean sustatzea.
  • Sormen eta produkzio artistikorako sareak garatzea.

Egonaldiaren ezaugarriak

Deialdi hau esperientzia profesionala duten dantza garaikideko koreografoei zuzenduta dago, eta deialdi honen aurretik gutxienez bi lan profesional eduki behar dituzte eginda eta aurkeztuta.

Aurkezteko baldintzak

Hautagaiek ondorengo baldintzetako bat bete beharko dute gutxienez:

  • Gipuzkoan jaioa izatea
  • Gipuzkoan bizitzea edo aurretik bizi izana
  • Azken hiru urteetan Gipuzkoako Dantzagunearekin lankidetzaren bat egin izana

Eskaera egiteko aurkeztu beharreko dokumentazioa eta epeak

Proiektuen txostenak ondorengo helbidera bidali behar dira, 2019ko martxoaren 10eko 23:59ak baino lehen: Helbide elektroniko honek spam bot-en kontrako babesa du. Ikusteko Javascript-a aktibatu behar duzu helbidera. Ondorengo informazioa aurkeztu behar da (PDF formatuko dokumentu bakarrean):

  • Curriculum Vitaea
  • Argazkia
  • Ikus-entzunezkoak: aurretik egindako lanen loturak
  • Proiektuko helburuen, lan-metodologiaren eta kronogramaren azalpen laburra
  • Motibazio-gutuna
  • Erreferentzia-gutunak (aukerakoa)

Aukeraketa-irizpideak

  • Proposamenaren kalitatea
  • Izaera berritzailea eta prozesu artistikoa
  • Egilearen ibilbidearen eta proposamenaren arteko koherentzia
  • Proposatutako proiektuaren eta programaren helburuen arteko kohesioa

Egonaldiaren iraupena eta diru-laguntza

Egonaldiak bi hilabeteko iraupena izango du, 2019ko urriaren 7tik abenduaren 14ra.

Diru-laguntza 4.000€koa da, bidaia, asegurua eta egonaldiko gastuak ordaintzeko. CALQek emango dio ostatua koreografoari eta proiektuaren ekoizpen-gastuak EDCMk ordainduko ditu.

EDCMk 4.500$ emango dizkio koreografoari bere lanaren egile eskubideengatik. 

Informazio gehiago

E-posta Inprimatu