Gaur egin da Donostian, San Telmo Museoan, “Jean MIchel Guilcherri esker ona euskal dantzatik” jardunaldia. Euskal dantzen eta, bereziki, Ipar Euskal Herriko eta Baztango dantzen ikerketan funtsezko pertsona da Guilcher, ikertzailen bretoia. 60ko eta 70eko hamarkadan egindako ikerketak funtsezkoak izan ziren gaur egun euskal dantzetan oso ezagunak diren dantzak mantentzeko eta birgaitzeko. Iazko irailean 100 urte bete zituen oraindik lanean segitzen duen Jean Michel Guilcherrek eta bere lanaren balioa ezagutarazteko, haren omenezko jardunaldia egin da gaur, dantza tradizionalaren formaziorako Gipuzkoako Foru Aldundiaren Dantzan Ikasi programaren barruan. Ekitadiko ohorezko gonbidatua izan da Naik Raviart, Jean Michel Guilcherren alaba, eta dantza tradizionalaren ikertzailea.
Soka-dantza batekin hasi da ekitaldia. Euria gogor ari zuen Zuloaga plazan, eta San Telmo Museoko sarrerako atarian osatu dute soka antolatzaileek, jardunaldiko hizlariek eta partaide guztiek elkarrekin. Hasierako desafioaren ondoren, Naik Raviarti dantzatu diote ohorezko agurra.
Hasierako aurkezpena ekimenaren antolatzaile nagusiek egin dute. Gipuzkoako Foru Aldundia, Ikerfolk, Euskal Dantzarien Biltzarra, eta Euskal Kultur Erakundea izan dira ekitaldiaren hasierako mahaia osatu dutenak. Guztiek ere, Jean Michel Guilcherren garrantzia azpimarratu dute.
Segidan, Xabier Itzaina ikertzaileak Naik Raviart elkarrizketatu du. Bere gurasoekin 60ko eta 70eko hamarkadan Euskal Herrian izandako esperientzia kontatu du Naikek. Guilcher familiako kide guztiak dira frantziar estatuko CNRS ikerketa-zentroko ikertzaileak, eta guztiak ere dantza tradizionala ikertzen dute. Elkarrizketarekin ondoren, urte haietako zenbait grabazio eman ditu Naikek: maskaradak, pastoralak, jauziak… Dantzaren dokumentaziorako eta ikerketarako material paregabea. Epe hurbilean dantzan.com webgunean argitaratuko da.
Jardunaldia Ipar Euskal Herriko dantzen gaur egungo ikertzaile nagusietako batzuen hitzaldiekin osatu da. Thierry Truffaut auberniarrak Lapurdiko dantzen, bereziki inauterien, errepaso bat egin du. Bere ikerketen mugarritza hartu du Guilcherrek 1984an kaleratutako La tradition de danse en Béarn et Pays Basque français liburua.
Xabier Itzainak nabarmendu du Guilcherren ekarpena dantzatik areagokoa dela, “dantzari, eta dantzaren bitartez, gizartearen historizazioa” ekarri baitzuen. Dantza mundu sozial batek ekoizten eta jasotzen duen zerbait da beraz, bereziki gazteria antolatzeko tresna soziala.
Claude eta Jon Iruretagoiena aita-semeen hitzaldi dantzatua izan da jardunaldiko azken hitzaldian. Claude Iruretagoienak azpimarratu du Guilcherren ekarpenari esker hasi zela tokiko dantzak ikasten, bertatik bertara, herrietako jendeareakin. Iruretagoiena, bereziki jantzigintzaren bitartez hurreratu da dantza tradizionaletara. Bere seme Jonek hainbat urratsen erakustaldia egin du.
Jardunaldia Zuloaga plazan amaitu da. Xabier Itzainak jotako, eta jardunaldiko partaideek dantzatutako Muxikoak jauziarekin amaitu da jardunaldia.