Pastorala, antzerkia, dantza eta kantua nahasten dituen herri ikuskizuna da. Ederlezi pastorala 2013an sortu zen Gotainen antolatzen den Xiru festibalaren baitan, eta urtero Zuberoako herri ezberdin batek egiten duen pastoral ofizialaz gain egin zen. Ederlezi hitzak euskara badirudi ere, ijitoen hizkuntzako hitza da eta udaberriko ijito festa bati egiten dio erreferentzia. Mixel Etxekoparrek idatzi eta Nicole Lougarotek zuzendutako pastoral honek, XVII eta XXI. mendeen artean Euskal Herrian bizi den ama baten eta bere zazpi alaba ijitoen bizitza kontatzen du.
Azaroaren 14an, larunbata, Ederlezi pastorala eskainiko da Elgoibarko Herriko Antzokian arratsaldeko 17:30ean. Elgoibarko Izarrak urtero, Gotzon Garate zenaren omenez, ziklo bat antolatzen du eta aurten elgoibartarrok Iparraldea hobeto ezagutzeko programa prestatu dute herriko hainbat eragilerekin elkarlanean. Haizea dator Iparraldetik! da zikloaren izena eta urria bitartean, besteak beste, Mixel Etxekopar, Xan Aire, Antton Luku eta Miren Artetxe eta Aire ahizpak izan dira gurean. Zikloari amaiera emateko, Haritz dantza taldeak eta Elgoibarko Izarrak Ederlezi pastorala ekarriko dugu Elgoibarrera azaroaren 14an. Lehen aldia ez bada ere, gutxitan ikusi daiteke pastorala Zuberoatik kanpo.
Informazioa: Haritz EDT