Logotipo de Dantzagunea


Wroclawen egonaldi artistikoak egiteko 2016ko deialdia zabalik

Etxepare Euskal Institutua eta Donostia 2016 erakundeen elkarlanari esker, aurten hirugarrenez, Wroclaw hirian egonaldi artistikoa egiteko aukera izango dute bi artistek Joan Etorriak proiektuaren harira.

Hautaturiko sortzaileek 6-8 asteetako egonaldia egingo dute Wroclawen 2016ko maiatza erdialdea eta uztaila erdialdea artean eta ondorengo arte diziplinetakoak izan daitezke: arte eszenikoak, musika, literatura, arte plastikoak eta ikus-entzunezkoak. Eskabideak aurkezteko epea 2016ko otsailaren 29ra arte egongo da irekita.

Egonaldi artistiko honen helburua izango da bi sortzaile hauek Wroclaw/Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburuen ildoak oinarritzat hartuz, Poloniako hiri honetan eragin artistiko eta kulturala izango duen proiektu bat garatzea. Esku-hartze artistiko edo kulturalak ohikoak ez diren auzo eta lekuetan eginez, eragile zein herritarren kolektiboen lankidetza nahiz parte-hartzea bilatuz, baita ezezagunak edo baztertuak dauden errealitateak ikusaraziz, adibidez.

Deialdi honetan parte hartu ahal izateko baldintza hauek bete beharko dira:

  • Helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan duten pertsona fisikoak izatea edo, beren lan artistikoa euskaraz garatzen duten sortzaileen kasuan, helbidea euskararen eremu geografikoan izatea.
  • Ibilbide artistiko esanguratsua duten sortzaileak izatea
  • Wroclaw/Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburuetako ildoekin lotura duen proiektu edo ideia bat proposatzea, eta proiektu edota ideia hori beste sortzaileekin partekatzeko borondatea eta asmoa izatea. Artista bakoitzak proiektu bat aurkeztu beharko du.
  • Ingelesez edo polonieraz moldatzea kontuan hartuko da.
  • Poloniar eragileen parte-hartzea proiektuan era positiboan baloratuko da.

Informazio zehatza, deialdi osoa eta jarraibide guztiak esteka honetan aurkituko dituzu.

Informazioa: Donostia 2016

E-posta Inprimatu
Asteartea, 2016(e)ko urtarrila(r)en 12-(e)an 07:48etan