2016an zehar Jone San Martinek hainbat egonaldi egin ditu Gipuzkoako Dantzagunean, urrian zehar Donostia 2016ren Gutun zuriak proiektuaren barruan aurkeztuko dituen lanak prestatzen. Abangoardiako diziplina anitzeko proiektuak dira, eta dantza eta mugimendua dira haien funtsa. San Martinek artista-sare zabalarekin prestatu ditu proiektuok.
Maiatzean Legitimo/Rezo hitzaldi dantzatua aurkeztu ondoren, bueltan da berriz Jone San Martin dantzaria; urrian zehar lau proposamen ekarriko ditu jaioterrira Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak eman dion “karta zuriaren” baitan, Hiriburutzaren programa aberats dezan. Bere ekarpenaren abiapuntua zubiaren ideia izan da: hona ekartzea kanpoan lantzen dena, eta baita alderantziz ere; komunikazioa zabaltzea bere sorlekuaren artean eta nazioarteko ibilbidean pilatutako influentzien artean. Dantzaren eta koreografiaren alderdi anitzak erakusteko asmoarekin, San Martinen proposamenak askotariko adierazpen artistikoak biltzen ditu: dantza-ikuskizunak, performanceak, instalazioak… Horretarako, Donostian lagun izango du Jone San Martinek nazioarteko artista konstelazioa; nola edo hala, donostiarraren karreran arrastoa utzi dutenak.
Programa completo de Jone San Martin, Cartas blancas - Donostia 2016
SAD: Gold
Donostian aste biko erresidentzia artistikoa egin ondoren, Josh Johnsonek eta Cyril Baldyk osatzen duten SAD bikoteak Gold izeneko performancea aurkeztuko du, Nadine Fraczkowski eta Keywan Gheysary artistekin batera. Bertan ikus-entzunezko sorkuntzak, musika eta dantza uztartuko dituzte; eta Gheysaryk koktel bat sortuko du ekitaldirako. SAD bikotearen ezaugarrietako bat da hainbat plataforma erabilita (diseinua, musika, koreografia) giro eta egoera bereziak eta interesgarriak sortzen dituela.
DANCE ON ENSEMBLE: Those Specks of Dust & 7 Dialogues
Gaur egun, Berlingo DANCE ON ENSEMBLE konpainian dabil San Martin, 40 urtetik gorako dantzariek osatutakoa. Taldeak berrogei urtetik gorako dantzarien bikaintasun artistikoa du ardatz; izan ere, beraien esperientzia, karisma eta indar dramatikoa –hitz batean, beren dantza-bizitza guztia– presente dago oholtza gainean. San Martinez gain, Ty Boomershine, Amancio Gonzalez, Brit Rodermund, Christopher Roman eta Ami Shulman dira taldeko kide. DANCE ON ENSEMBLEk programa bikoitza aurkeztuko du Donostian
Those Specks of Dust
Those Specks of Dust ikuskizunak, Kat Válastur-en sorkuntza, buelta ematen dio interpretatzearen ekintzari, eta ‘ikuslearen begia’ ematen die dantzariei. Begirada beren gorputzei zuzentzen diote, eta beren buruei so daude mugimendua sortzen duten bitartean. Behaketa subjektibo horrek aukera ematen die dantzariei beren bizi-hautuaren, dantzaren, jatorrizko sustraietara itzultzeko. Koreografiari esker, berriz esperimentatu, deskubritu eta adieraz dezakete dantzan ari diren beren gorputzekiko lilura, miresmena eta sorpresa.
7 Dialogues
7 Dialogues lanak, bestalde, oholtza gainera ekarriko du sei dantzarietako bakoitzak beste sei artista ospetsu banarekin izandako harremanaren emaitza: Christopher Romanek Ivo Dimchev artista bulgariarrarekin egin du lan; Amancio Gonzalezek Londresen bizi den Hetain Patel puntako artista bisualarekin; Jone San Martinek Tim Etchells zuzendari, idazle eta artista britainiarrarekin; Ty Boomershinek New Yorkeko Beth Gill koreografoarekin; Brit Rodemundek Londresen bizi den Lucy Suggate koreografo eta dantzariarekin; eta Ami Shulmanek Étienne Guilloteau koreografo frantsesarekin. Esperimentu honen emaitza bakarkako sei lan bereizi eta oso pertsonal dira; dantza, performancea eta antzerkia uztartzen dituztenak. Guztia Matteo Fargionen gidaritzapean, musika eta pieza nagusiaren sortzaile dena.
Huts
Jone San Martinek berak; audio efektuak diseinatu dituen Illart Alkortak; Mikel R. Nieto soinu artistak; eta zeinu-hizkuntzaren interpretea den Carol Rementeríak beraien esperientzia, talentua eta inspirazioa batu dituzte dantza ikuskizun hau sortzeko. Soinua da ikuskizunaren ardatza, bere presentzia eta bere falta. Hori islatzeko, San Telmo Museoko elizak eskaintzen duen sonoritate bereziaz baliatuko dira.
Sorkuntza berriko dantza-ikuskizuna da Huts. Lan honek soinua du ardatz nagusi (bere presentzia eta bere falta) eta gorputzaren mugimendua ere bai.
Audio efektuak diseinatu dituen Illart Alkorta eta Mikel R. Nieto soinu artistarekin batera sortu du San Martinek lana. Eszenaratzeaz, dantzaria bera eta Carol Rementeria zeinu-hizkuntzako interpretea arduratuko dira.
Euren esperientzia, talentua eta inspirazioa batu dituzte laurek Huts sortzeko. San Telmo elizaren soinu baldintzak aztertzen eta profitatzen dituen soinu-lanketa sofistikatu baten laguntzaz, San Martinek eta Rementeriak soinua eta isiltasuna islatuko dituzte, euren gorputzek eratzen dituzten mugimendu eta keinuen bidez.
Soinuaren presentzia eta ausentzia gorputzaren bidez lantzen edo galbahetzen ditu Huts-ek.
Soinuaren eta isiltasunaren isla dira gorputzak sortzen dituen keinuak eta mintzairak. Mugimendua hitz bilakatzen da; hitza, keinu; keinua, mugimendu... Audizio ezinezkoa, isileko eta isildutako ahozkotasunean txertatzen dena. Soinu orok suposatzen du mugimendua, inoiz ez da itzulpen mutua.
Ze nu-hizkun zaren et hi kuntza en eraik ntza, ba ahoz oa ze n aurari dagok ona, bet da korpor la.
William FORSYTHE: Nowhere and everywhere at the same time
Datorren urtean Parisen erakutsiko dituzten instalazioetako bi jarriko dituzte Tabakaleran William Forsythek eta Ryoji Ikedak. Instalazioak beregainak dira, baina bata bestearen ondoan erakutsiko dira, eta sarrera bera izango dute. Biek ideia bera azpimarratu nahi dute: gorputzek espazioan duten mugimendua eta horren kontzientzia.
Nowhere and everywhere at the same time da Forsythen instalazioa: gela bat da, zapaitik zilintzil dauden 400 pendulurekin. Mugimenduan dabiltza, eta horrek etengabe aldarazten du instalazioak sortzen duten labirintoa. Ikusleak penduluen artetik mugitu ahal izango dira.
Ikedak, bere aldetik, A erakutsiko du; bertan, espazioa eta bibrazioak dira protagonistak. Espazio efimero batean, soinu iraunkorraren eta ikusle/entzuleen arteko jolasa izan nahi du instalazio honek.
Informazioa: Donostia 2016